247. Brandya eta txokolate beltza
— 2021-12-30Duela egun pare bat. Liburu batzuk erosten. Lau gauza zein baino zein ederragoak. Kasualitateak nahi izan du Amancay-ren 39 lore-rekin batera, ikaragarri miresten dudan Anne Carson-en azken liburua erostea: Norma Jeane Baker de Troya. Amancayk ez du propio aipatzen Helena Troiakoa baina seguru nago gustukoa duela Carson-en idazteko era eta haren “ohiko ironia eta sumindura zorrotza”. Idazle kanadarrak antzinako grekoaren irakaskuntza du bere bizibidea, eta badaki zerbait mundu klasikoaz. Esan bezala, Troiako Helenaz (ordukoaz eta garaikideaz) hitz egiten digu oraingoan. Amancayk (eta Arrate Rodriguezek) bestiarioan irudikatzen dituzten Medeak, Klitemnestrak, Kasandrak… adina ertz edo aurpegi ditu Helenak ere, ia denak gizonezkook jarriak: puta, urdanga, ezin ederragoa, azkarra, bere zirkunstantzien biktima bat, jainkoen edo gizonen jostailu bat… eta konplexutasun hori dena lantzen du Carson-ek bere lan laburrean.
Ba, brandy bikain bat txokolate beltz zoragarri batekin (nire ustez) ezin hobeto uztartzen diren bezala, hala gozatu dut nik behintzat bi liburuok elkarren ondo-ondoan irakurrita (zein den brandya eta zein txokolate beltza erabakitzea zeuri utziko dizut, irakurle). Amancay-ren hitzak erraz izan litezke Helena Troiakoarenak (edo Norma Jeane Baker edo Marilyn Monroerenak): “— Hauskorra zara —esan zidaten. — Agian denok gara hauskorrak? Baina, orduan, zergatik ez gara bestearen aurrean agertzen? Eta denok bagara hauskorrak, zergatik apurtu naute horrenbeste? Nik norbait apurtu ote dut? Apurtu dezaket nik, ni apurtu banaute?”. Beste hauek ere bai: “Behin irakasle batek esan zidan nire sua kontrolatzen ikasi behar nuela. Nire atrakzioaren jabe izaten, nire erotika dominatzen. Ederra baina pasiboa, misteriotsua, desiragarria izan. Indartsua baina ez basa. Tigre drogatua, hegalik ez duen dragoia.”
39 lore-ren sarrera iradokitzailea, berez, saiakera bat da. Interesgarria bera bakarrik irakurtzeko baina are interesgarriagoa eta, batez ere, lagungarria, gero datorren mamia, alegia, 39 lore antzezlanaz gozatzeko. Sarrerako saiakeran gai asko jorratzen ditu Amancayk: hauskortasuna, zeure buruaren beldur izatea, sormen prozesuaren misterioa, gizonezkoek eraikitako moldeak, gizonezko zuzendari baten esku jarri eta beraiek moldea zaitzaten tresna izatea, emakume jaio egiten zaren edo izatera iristen zaren, sexuak generoa definitzen ote duen, gizonezko sortzaileen pribilegioak, zergatik sortu euskaraz edo zergatik ez, antzerkia eta magia eta erritua, emakumeen dramaturgia, pertsonaia femeninoak… Amancayk berak esan bezala “emakumeen bizipenak sorkuntzan” aletzen ditu saiakeran. Sakona da baina aldi berean arina, irakurlea adi-adi mantenarazten duten amu eta guzti (gurasoek zuten pezera erraldoia; bere tipazoa esplotatu egin behar zuela esaten zion gizonezkoa; antzerki eskolako jantzitegia eta Jacinta…).
Niri laburpentxo hau egitea kosta zaidan baino askoz gehiago kostatzen da –esango nuke ezinezkoa dela– gure Amancay klixe batean sartzea. Hainbeste ertz ditu, hain da aberatsa bere hausnarketa edo saiakera “txikia”…
Plater printzipala 39 lore testu dramatikoa da. Oso bestelako erregistroa, normala den bezala. Izutu egiten gara “antzerkia” irakurtzea aipatzearekin batera: antzerkia irakurtzeko ere ba al da ba? Antzezteko bakarrik ez al da ba? Betiko topikoa. Testua ez da, agian, nik gustuko ditudan beste batzuk (esaterako, Alberto Conejero…) bezain –nola esan…– “lirikoa edo poetikoa” baina bai oso iradokitzailea, mamitsua, modernoa eta erritmo bizikoa (hala iruditu zait niri)…
Baba zaharra, Nausika gaztetxoa, Ama, Jazinta… Ak eta Miak hirira alde egin dute, agian ez dira berriro itzuliko. Nausika hirira bidaltzea erabakitzen dute (“Deserria lokatzez beteta dagoen aldra bat da. / Deserria ateak zabalik dituen kaiola bat da. / Zikintzea erraza da. / Irtetea zaila.”). Hirian Maradona (“el más humano de los dioses”) ezagutzea nahi du Nausikak. Edo aitzakia da. Berez A eta Mia topatu behar ditu. Bidean Erroma pertsonaiarekin aurkitzen da, Akiles ume-jainkotxo-mimatua ikusten dute Frigo Pie bat jaten. Emakume guztiak oso arduratuta daude Akilesekin. Nausikak Jazintak kontatuta daki “metro karratu baten bueltan bizi zen emakumearen istorioa. Lurrean marrazturik zuen metro karratu haren bueltan ematen zituen egunak, askatasuna bi pausutara baino ez zuela jakin gabe…”. Azkenean, Erromak labana sartzen dio bihotzean Nausikari. Gero hamabi gizon jan-edanean. Eta abar eta abar eta abar (ez dut espoilerra izan nahi). Ez da erraza lehen kolpean ulertzea testuaren esanahi guztia baina, erraza balitz, ez litzateke izango Amancayren testua. Irakurlea ez da tontoa eta ez dago dena mastekatuta eman beharrik. Gimnasiora joatea ondo dago baina gimnasia intelektuala ere bai.
Ikusten den bezala, neurri handi batean mitologia grekoan edo hango pertsonaietan inspiratuta dago 39 lore. Batez ere, bi mitologiaren jabe gara gure gizartean: klasikoa (Grezia) eta judu-kristaua (Biblia). Heziketa programatatik gero eta desagertuagoak geratzen ari dira mitologia horiek, eta gero eta beharrezkoa dugu pertsonaiak ulertzeko “hiztegietara” joatea. Amancayk ere, hiztegi bat egin digu, liburuaren hirugarren zati gisa, bere pertsonaiak hobeto ulertzeko eta mitologiarekiko loturak hobeto ulertzeko. Asko maite omen ditu bestiarioak eta forma horixe eman dio eta Piztiak deitu dio. Ezlekuak habitatzen dituztenak (Ama / Medea, Baba / Klitemnestra / Baba Yaga; Jazinta / Kasandra), Deserria habitatzen dutenak ( Irene / Arakne; Ahizpak / Gorgonak), Periferia habitatzen dutenak (Ahizpa fatidikoak / Moirak / Parkak), Hiria habitatzen dutenak (Simone / Inanna; Erroma / Atenea; Zaharrak / Greak, Maddi / Pentesilea; Paitxa Baltza / Lamina), eta Bi munduak habitatzen dituztenak (Mia / Dafne eta A / Antigona).
Hainbeste izen arraro ikusita, irakurlea izutu daiteke baina pertsonai bakoitzak istorio edo abentura ugari bizi izan ditu eta bizi-bizi kontatuta daude. Pertsonai denek ertz asko dituzte eta batzuk zestoarekin ere badaukate loturarik. Ez da Ovidio handiaren Metamorfosiak (ez zen hori Amancayren pretentsioa) baina mitologiaren mundu zoragarria ezagutzeko eta, lehen esan dugun bezala, 39 lore hobeto ulertzeko, oso kapitulu ederra da eta oso gustura irakurtzen da.
Ez da liburu luzea, bai ordea mamitsua, modernoa, entretenigarria, benetan merezi duena irakurtzea.
Gure herrian, asko ez bada ere, irakurri egingo ziren klasiko greko-erromatarrak. Baina nik dakidanez, zestoar batek bakarrik izan ditu horietako klasiko bat taularatzeko zera horiek. Eta zestoar hori Amancay Gaztañaga da, eta obra Antigona. Nik, Antzinako Historian lizentziatua eta greziar kulturaren maitale izaki, ez diot inoiz nahikoa eskertuko Antigona (edo zati bat behintzat), greziar tragediaren mugarria, Zestoan antzeztu izana. Orain, berriz, biziki eskertu beharra daukat Zestoako idazleen klubean sortzaile berezia eta vip-a izatea, emakumea eta (hau bai dela erronka!) testu dramatiko baten ama.
Benetan esaten dizut, irakurle, pozez txoratzen nago. Etorkizun oparoa opa diot Amancayri, eta ea noiz ikusten dugun oholtza gainean antzeztuta 39 lore eder hori. Urte berri on, Amancay, urte berri on, irakurle.
Argazkia: Troiako Helena (suposizio bat). www.euskalaktoreak.eus
Egin zaitez bazkide