Albisteak

250 herritar baino gehiagok hartu du parte Zestoa 2030 Herri plangintza osatzeko galdetegian

Zestoaren hurrengo 10 urteetarako Herri Plangintza definitzeko prozesua jarri zuten abian udalak eta Siadeco Ikerketa Taldeak joan den urteko azaroan. Herrigintza eta herritarren ongizatea ardatz hartuta, Zestoaren garapen sozial, kultural eta ekonomikorako udal politika aztertu, eztabaidatu eta adosteko prozesua da Zestoa 2030.

Prozesuaren lehen fasea diagnostikoa izan da. Herritar guztiek izan dute bertan parte hartzeko aukera. Abenduan hasi eta urtarrila bitartean, online galdetegi bat erantzuteko aukera izan dute zestoar guztiek. Guztira, 250 herritarretik gora hartu dute parte galdetegian. Juanjo Allur Siadeco taldeko teknikariak azaldu du oso gustura” daudela jasotako erantzun kopuruarekin: “Kopuru adierazgarria da baina hori baino garrantzitsuagoa da era guztietako herritarren parte hartzea. Uste dugu herri plangintza horretan datozen hamar urteetako lehentasun eta proiektu estrategikoak lantzeko oso informazio interesgarria dagoela”.

Parte hartze prozesuak funtzionatu duela nabarmendu du Allurrek. Behar asko atera direla esan du: Beharrak hamaika eta gehiago atera dira baina horrek ez du nahi esan herri plangintza eta politika publikoa egiterakoan behar guzti horiek, udal honek, epe jakin batean erantzungo dituenik, udaleko politika publikoa haratago doalako”.

Orain, udal aurrekontuen azterketa egingo dute. Proiektuaren bigarren fasean, Zestoak udalerri gisa bere garapenerako zein aukera estrategiko dituen aztertuko dute eta baita lehentasunen araberako hurrengo hamar urteetarako lan-plangintza osatu ere. Bigarren fasea, Aste Santu ingururako amaitzea aurreikusten dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide