253. Kementsu, malkarrean gora

Joan den astean, betiko moduan Euskadi Irratia entzunez lanera nentorrela, albiste batek jarri ninduen adi: euskararen erabilerak behera egin omen du euskara gehien erabiltzen den tokietan, hau da, arnasguneetan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) egindako ikerketa baten arabera. Eta adibideen artean gure herria jartzen zuten, Zestoa. Ea, egia esateko, harritu ez ninduen batere harritu albisteak, gauza jakina da-eta, helduok ez ezik (gure adineko lagunarteetan ohitura handia dago erdarara jotzeko) eskola umeak ere, gero eta gehiago aritzen direla gazteleraz jolastokian eta abarretan. Baina Zestoa propio aipatzeak eragin zidan harridura.

Gero, Nora Palmitano lankideak gauzak pixka bat bere lekuan jarri zituen. Datu horiek arnasguneetan egindako bi neurketen emaitzak alderatzen omen dituzte. Zestoan, ordea, 2004tik egiten omen dira kale erabileraren neurketak; 2021ekoa bosgarrena da. “Datu guztiak begiratuta, esan dezakegu, apaldu arren, erabilerak gorako joera erakusten dutela.” Nolanahi ere, “azken 10 urteko beherako maldak, aldiz, erronka berrien aurrean gaudela ohartarazten gaitu. Eta, erronka berriek, erantzun berriak eskatzen dituzte” azaldu zuen Palmitanok.

Tira, ez naiz aditua hain eremu konplexuan sartzeko, eta zalantzak dauzkat, gainera, kale erabilera horiek, beste ezerekin konparatu edo lagundu gabe, benetako egoera islatzen ote duten. Joan nadin, beraz, erdaldun jatorrek esango luketen bezala, zapatero a tus zapatos, eta has nadin paper zaharrak arakatzen. Eta sarrera hori dena zuri, irakurle, hauxe aurkezteko zen: badu gure Xabier Lizardi handiak (Zarautz, 1896 – Tolosa, 1933) “Itz-lauz” izeneko artikulu bilduma eder bat (Euskaltzaleak, 1934) eta han “Euskera aundiki-soñekoz” izeneko testua (61-68 orrialdeak). Euskararen gorabeherez ari da, 1930eko hamarkadan.

Sarrera-sarreran, planteatzen du gaia Lizardik (euskara batura ekarriko ditut aipuak, irakurlearentzat erosoagoa izan dadin): “Eusko-handiki guztiak euskaraz ariko balira, euskara salbatua omen genuke. Hamaika bider entzun diegu horixe Larreko eta Txadon-Zaya idazleei. Eta horien atzetik egin ere egin ditugu hainbat eginahal: gure handikiei, euskara, bihotzetan ez ezik ezpainetan ere, nondik itsatsiko. Baina horrelakorik behin ere iritsiko bazaigu, handiki euskaltzaleok lehen lehenik ari behar dugu euskaraz: hau eskolako haurrei ere ematen diote buruak”.

Alegia, gure zarauztarrak, goiz asko (1934), ikusi zuen non zegoen auzia; gero etorriko ziren Artze eta gainerakoak (gogoratu Joxean Artzeren esaldi famatu hura: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.”). Auzia zen, Lizardiren garaian, handikiek, oro har, gutxi erabiltzen zutela euskara, baina haiek ez ezik, “aundiki euskeltzaleok” ereinork baino lehen erabili beharko luketenek– erdarara jotzen zutela sarri askotan.

Adibidea jartzen digu Lizardik: “El Euskera en las empresas de cultura, izenburu duela, urlia jaunak lan bat agerrarazi du arestian El Dían. Haren eskutik idatzitakoa izanik, eder da. Baina badugu susmo, egiaren inguruko hizketa polit hutsa ez ote den: hala ohi baitugu maiz, egiari aurrez aurre begiratzeko bekokirik ez dugunean. Nirekiko, hurrengo hauxe da-eta auzi honetako iltzea. Alegia, zoritxarrez, handiki euskaltzaleok ere gure jardunak euskaraz egitea zail dugula. Geure buruon janzte osoa erdaraz egin baitugu, alferrik litzateke besterik eskatzea: nahitaez behar ahalegin zaila, geure artean bederen gai bihurri samarrak erabiltzeko. Eta, bestetik, erdaraz aritzea errazago, besterik erdararen bidez geure buruok ederrago erakusten ahal (…). Baina ez dugu hori, nik uste, osasunerako bidea”.

Argi eta garbi, gure Lizardik, eta ondoren kolpe zuzena: “Maitetasuna egitez agertzen oi-da, ez izkutuko biotzaldi utsez. Maitetasuna eztute nekeak ez yasanbeaŕak izutzen.” Eta “horri horrela bada –dio idazleak– zertan ez baztertu maldan behera gozoa, eta ekin ez, kementsu, malkarrean gora, goian eta ez behean bizi baitugu maitea?”.

Maitea, alegia, euskara, malkarrean gora joanda aurkitzen da, Lizardik dioenez, baina 1930eko hamarkadan, bera idazten ari den garaian (baita orain ere, lasai asko) bada akats handi bat baztertu beharrekoa: Urlia jaunak “aurre-solasak erdaraz egitearen aldeko agertzen du bere burua, erdaldun asko baitzegoen. Ongi dirudi, begiratu batean, baina galdetu ere egin dezakegu: ea noiz, euskal jaietan, euskaldunen eta euskaltzaleen garaia noiz izan behar duen: Bergaran eta Euskararen Egun batean ere ez?”.

Eta bukatzera goaz, eta Aztarka hauek berezkoa dutenez gure herria aipagai izatea, “ama” ekarriko dugu gogora. Utz diezaiogun hitz egiten Lizardi berari: “Gazteleraz eta frantsesez ‘Saski-Naski’ [euskal eszena, dantza eta ohituren ikuskizun folklorikoaren aurkezpena] ikusi nahi duten erdaldunek badituzte urtero zenbait aldi aukeran. Ez dugu uste, inola ere uste, urteak dituen hirurehun eta hirurogeita bost egunetatik batean euskaldunak euskaraz aritzeak, minaraziko lituzkeenik. Eta entzule guztiak euskaldun huts izan arteraino bagaude zain, ez ‘Saski-Naski’ eta ez besterik ez da egingo. Ezta Aizarnara joanda ere.“ Alegia, ez dela denak euskaldun izan zain egon beharrik, baizik eta, egun batean bada ere, euskaraz hitz egin behar dela; bestela, euskara hil egingo dela. Aizarna, hemen, garai hartako arnasgunetzat jartzen du Lizardik.

Eta jarraian honela dio: “Alderdikeri goŕia ezpa-da on, ez-ta ere arako apaizarena: eri’an lau aŕotz zirala —elizarako amoŕu aundirik gabekoak berak— ta sermoi guziak erderaz.”.

Bukaerarako utzi ditut hil-kanpaiak: “Lehengo batean amets txar bat egina nauzue. Euskal Herria ikusten nuen, ordeka soil bat zirudien. Ez mendi, ez baserri, ez hezetasunik inon: ezta ere euskararik, hila baitzen betirako. Baina, ordeka erdian jaun ilezuri agurgarri batzuk ari ziren zerbaitetan, mahai baten inguruan, paper eta idazti sail handien artean. Hurbildu natzaie, eta … badakizue zer ziharduten? Euskal hiztegi bikain bati azken orraztuak ematen, euskara ordurako hila eta lurperatua zenik ohartu gabe. Agian, bazekiten beraiek, artean; baina…. erdaraz ari baitzenituen…”.

Olakorik ez bezaigu gerta, Yainko ona, otoí.”

 

Argazkia: Arean Aizarnan. Indalezio Ojanduren. Guregipuzkoa.eus, Gipuzkoako Artxibo Orokorra AGG-GAO_OA06740




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide