256. Erreka ertzean

Aureliano Fernández Guerra y Orbe (1816-1894) idazle, antzerkigile, historialari, senatari, arkeologo, epigrafista… 1863ko udan izan zen Zestoan. Bere gutunetan aipatzen du, besteak beste, nola ibiltzen zen paseatzen “Urola ibaiaren ertzetik, gaztainondo-basoen artetik, eta ihintza isurtzen duten laino-itsuen artetik, zeinak Jainkoak mendi latz, berde eta eder horiek ureztatzeko erabiltzen dituen.” (Por la orilla del río Urola, entre bosques de castaños, y las nieblas que destilan un rocío con [el que] riega Dios estas ásperas, verdes y bellísimas montañas).

Ehun urte geroago, argazki eder honetan, antzerki pixka bat eginez guri begira jarrita dagoen hirukoteak ere gauza bera pentsatuko zuten. Eta batez ere, argazkilariak. Enkoadraketak, ondo egindako argazkietan batez ere, nabarmendu egiten du argazkilariaren pentsamendua. Hemen aukera asko zeuzkan, eta normalena izango zen hirukotearen hurbilagoko plano bat ateratzea, beraiek ezagutzeko moduan, arropak eta abarketak ondo ikusteko moduan, poltsa –etengabeko poltsa, puntua egiteko tresnekinondo aztertutako tokian kokatua…

Argazkilariak, ordea, barreneko heren batean jartzen ditu pertsonak, eta gainontzeko bi herenak paisaiak hartzen ditu. Hemen, pertsonen gainetik, natura da ondo adierazi beharrekoa: erreka ondoko platano, haltz, lizar eta haritzak; erreka bazterreko landaretza ugaria; errekarri lehorrak urzaleen pausaleku; eta, inportantzia handirik eman gabe bezala, nahiz eta jakin hari esker dagoela dena hain berde, erreka bera.

Zuhaitzak dira benetako protagonistak uraren edo zeruaren gainetik. Egia esan, gu ohituak gauden arren, kanpotarrentzat benetako paradisu bat izango zen berdetasun, lasaitasun eta giro goxo hura dena.

Cestona. Afluente del Urola” dio, azpian, argazkiak. Irakurleok segituan emango zenioten tankera non aterea den. Bai, Sastarrain aldea da. Hara goazela, Ekainberri pasa eta ehun bat metrora, eskuin aldera, nabaritzen da bide bat, Legoiagako lursailetara doana, eta haren parean, ezkerrean, lasai-gune bat egiten du errekak. Bada, hantxe aterea da gure argazkia nire begiak oker ez badabiltza behintzat.

1960koa dugu irudia. Horrek esan nahi du hor inguruan, erreka eta bide bazterrean, duela pare bat urte bota ziren platano handi haiek 60 urtetik gora izan zitzaketela. Egia esan behar badizuet, maiteak nituen zuhaitz “erraldoi” haiek, haien enbor erdoil kolorea eta nola mudatzen zuten azala. (Parean datorkit eta kontatu egingo dizuet nola liluratu ninduten, behinola, Donostiako Amara aldeko platanoek: “Bizkaia pasealekua, Donostia, 2005/07/14. Los plátanos están mudando su corteza. Una sombra mediana (penumbra) en un día en el que los termómetros de la calle deben marcar más de 30 grados. Caen en forma de lluvia de cortezas, de todos los tamaños, alguna de una superficie de 20 x 30 cm. El paseo de Bizkaia, a la altura de Empleo (UGT), tiene un tapiz formado por cortezas en pequeños rollos. Los troncos con su corteza, todos agrietados, como cuando se te quema la piel y se empieza a mudar. Ruido al caer las cortezas.”)

Bada, horixe: Bizkaia pasealekuko platanoak ez ezik, oso gogokoak nituen Sastarrain aldeko haiek ere. Pena handia hartu nuen bota zituztenean, nahiz eta denbora pasa ahala konturatzen naizen oso ederra eta iradokitzailea geratu dela inguru hura zuhaitz haiek gabe. Eta, noiz edo noiz, patanak ere ikusi izan ditut han, eta orduan guztiz bukolikoa dirudi leku hark.

Argazkira bueltatuz, eta pixka bat frikia izaten uzten badit irakurleak, Poussin-en (1594-1665) margoak etortzen zaizkit gogora. Poussin figura garrantzitsua izan zen paisaien pinturaren garapenean, eta bere lan askotan, paisaia handiak egiten zituen, eta irudiek bazter txiki bat besterik ez zuten betetzen.

Eta Poussin aipatuta, derrigorrez ekarri behar gogora bere “Et in Arcadia ego” margo ospetsua. Obra mitologiko, alegoriko eta bukolikoa da, eta hiru artzain idealizatu eta dama bat irudikatzen ditu hilobi xume baten aurrean. Badu gure argazkiak ere xehetasun bat, seguruenik argazkilariari burutik pasako ez zitzaiona: zuhaitzen enbor eroriak edo moztutakoek, antzinako iruditerian, erorketa edo beherakada adierazten zuten, edo heriotza. Latinez esan ohi den bezala, “Memento mori” moduko bat suma daiteke: “Hilko zarela gogoratu”, alegia, bizitzaren iheskortasuna.

Baina bitartean gozatu argazkiaz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide