261. Ezkaba: gozotasun oro arrotza da orain

Zestoako Udalak eta Agiro Mendi Klubak antolatuta, Ezkabara joan dira pare bat dozena zestoar. 1938ko maiatzaren 22an, gerra bete-betean zela, Iruñerriko San Kristobalgo gotorlekutik 800 inguru preso antifrankistek ihes egin zuten. Berehala faxistek sekulako jazarpena antolatu zuten, eta ihesean ziren 200 lagun inguru atxilotu eta fusilatu zituzten. Azkenean, 4 presok soilik lortu zuten ihes egitea eta Ezkabako gotorlekutik Urepeleraino iristea.

Ezkabako gotorlekuan egon ziren preso, 1937tik 1940ra bitartean bi zestoar gutxienez: Agustin Unanue 1895-1965) eta Pedro Areta.

Lehenengoari buruz, beste Aztarka batean idatzi nuen; Ezaguna zen Agustin herrian, baita bere senideak ere: Eulalia, Justina eta, batez ere, Pelaio, herriko bandan jotzen zuen-eta. Potxoloneko etxe ondoan bizi ziren. Agustin 1937ko otsailaren 22an gerra kontseiluan epaitua izan zen Donostian, matxinada militarra egotzita, eta 30 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zen. Ezkabara eraman zuten.

Pedro Areta, berriz, Eibarren jaio zen, 1894. urte inguruan, baina gaztetan Zestoara etorri zen lanera. 1932ean Elizkalean bizi zen eta gerora Kaleokerrean. Dominga Soraluze Gurrutxaga (1896) elgoibartarrarekin ezkondu zen, seguruenik 1922 inguruan, Zestoara etorri aurretik, eta hainbat seme-alaba izan zituen, besteak beste, Pilar (+1923), Jesus (+1930), Asuntzion (+1930), Sabino… Litekeena da gerra lehertu zenean Eusko Gudarostean sartu izana Pedro. Donostian egin zioten Gerra Kontseilua 1937ko uztailaren 19an. Euskaldun elebakarra omen zen eta itzultzailea behar izan omen zuen atxilotu ondorengo galdeketan. Matxinada militarra egotzita, eta 30 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zen hau ere.

1940an, espetxealdia “arindu” egin zioten biei, eta orduan atera ziren Ezkabatik. 1946ko udal erroldan, Agustin zein Pedro Zestoan bizi direla ikusten da, eta “Tiempo que lleva residiendo en Cestona” dioen gelaxkan, jaiotzatik ordura arteko urte kopurua dauka jarrita funtzionarioak, Agustinek eta Pedrok Ezkabako gotorleku anker hartan pasatako urteak beren etxean goxo-goxo pasa izan balituzte bezala. Ez zuten gerraoste atsegina pasako, seguru nago; majo makurtu beharko zuen agintari berrien kapritxoetara.

Ez dut neuk, bertatik bertara, ezagutzen Ezkaba baina gerra, izua eta eskarmentua ziren helbururik bigunenak frankistentzako. Makina bat kartzelatan egonak dira makina bat zestoar; makina bat kontzentrazio esparrutan, Gursen esate baterako, egonak dira makina bat zestoar. Ondo planifikatutako errepresio sistematikoa kontra zegoen edozein menderatzeko.

Ez dut ezagutzen, bertatik bertara, Ezkaba; ez ditut ezagutzen frankismoaren kartzelak, bai ordea Gurs. Ezagutzen ditut, baita ere, zorionez Zestoako inork jasan behar izan ez zituen Buchenwald, Sachsenhausen edo Auschwitz. Horiek beste maila bat zirela, eta gainera Zestoarekin ez daukatela zerikusirik esango dit irakurleak, baina ez nuke tarte hau utzi nahi haietako batean bizitako esperientzia kontatu gabe.

* * *

2007ko urriak 2, asteartea. Kristoren irrika Buchenwald ikusteko. Atzo Semprun irakurtzen pixka bat. Autobusa hartu dut 8:45etan eta 9:00etan han nintzen goian. Dena laino itsuarekin, ez zen hogei metrora ezer ikusten. Horrek sugestionatu egin nau ikaragarri. Lehendabizi trenbidea ikustera. Bakar bakarrik nengoen. Gauza gutxi dago ikusteko baina nahikoa bada egoeraren dimentsioaz jabetzeko.

Lekua errepidearen ondoan dago eta kotxe bat pasatzen den bakoitzean halako sustotxo bat sentitzen duzu. Laino itsuarekin, argia bakarrik ikusten duzu eta horrek “beldurra” eragiten dizu. Sugestionatuta zaude; gero, “karajo” izeneko bidea, eta handik sarrerara. Sarrera ez da handia baina inpresioa eragiten du, eta inguruko alanbre-hesiak ere bai. Sartu, gogoratu Semprunen komentarioak sarrerako esaldiari buruz, eta aurrera. Blockak edo barrakoiak ez dira kontserbatzen, perimetroa harriz markatuta dago baina bestela dena oso arkeologikoa da (nik uste nuen zerbait gehiago kontserbatuko zela, eta kontserbatzen dena ere –etxeak, SSen koartelak–, nahiko aldatuak daude, baina tira…). Buchenwald guztian eskola-ume nerabeak dabiltza eta oso begirune gutxi sumatzen diet hemen pasatakoarekin. Niretzat eliza batean izan ohi dugun begirunea zor zaio lekuari –zer da, ba, kanposantu bat baino? –.

Sarreratik eskuin aldera hartu –dena gainbehera dago– eta erraustegia. Oharra sarreran: erraustegiak omen dira biktimek eta familiarrek duten ia lekuko fisiko bakarra (besteak desagertuta daude); beraz, errespetua eskatzen da; hasieran gela bat, depositu bat balitz bezala (hildakoen biltegi bat, alegia), gero erraustegia bera. Dena oso garbi eta didiratua dago, baina hala ere suma daiteke hango horrorearen handitasuna. Loreak eta oroigarriak inguruan. Eliza edo kanposantu batera noanean bezalako errespetuarekin sartzen naiz baina gazteak argazkiak atera eta argazkiak atera: flash, flash… Espektakulu bat balitz bezala, pelikula bat balitz bezala, ez dakit zer balitz bezala; haien hizkuntza jakin izan banu esango nien, ahotsa ondo garbituz: “ez al zarete konturatzen zer pasa zen hemen? Zuek ere igoal-igoal bukatuko zenutela orain hirurogei urte bizi izan bazinete? Baina alferrik. Behean, berriz, hildakoak botatzen zituzten lekua, eta baita jendea urkatzen zuten gela ere; han daude oraindik zintzilikatzeko kakoak… Isiltasunik ez dago, ordea.

Museoa. Hau ez da pelikula bat, eta objektu hauek asko laguntzen dute errealitatean kokatzen: objektu pertsonal franko, laneko tresnak, kanpoaren beraren elementuak (alanbre-garrotxak), botikak, artelanak, tortura elementuak… Lastima, testuak ingelesez eta alemanez. Semprunen 40. blocka ere ikusi dut. Ahaztu egin zait lehen: museoan hamaika aurpegi ere azaltzen da, batzuk mina ematen dute. Ume zapata xume haiek, berriz, zer esan.

Gero barrakoi guztien errepasoa egin dut, SSen lekuak ere ikusi ditut (ez da ezer asko gelditzen) eta amaiera. Baina konturatu naiz kartzela ez dudala ikusi.

Suerteak hala nahi izan du, kartzela ikusiz bukatzea nik bisita. Lehenengo ziegan grileteak, makilak (hemen benetako sadismoarekin jarduten zuten Ssek). Gero beste ziega mordoxka bat. Horietako batean lore sorta bat eta gurutzea ohe ertzean (etzaleku ertzean). Lortu dut pixka bat kontzentratzea eta bihotza pixka bat biguntzea, baina jende multzoekin ezin. Uda honetan Babelian argitaratutako artikulu batean dio heriotza produktu turistiko bihurtu dela. Atera naiz kartzelatik eta Jorge Semprunek 1992an egin omen zuen bezala, nik ere Louis Aragonen poema baten bukaera irakurri dut atariko banku batean eserita:

Il y a dans ce monde nouveau tant de gens

Pour qui plus jamais ne sera naturelle la douceur

Il y a dans ce monde ancien tant et tant de gens

Pour qui toute douceur es désormais étrange

Il y a dans ce monde ancien et nouveau tant de gens

Que leurs propres enfants ne pourront pas comprendre

Oh vous que passez

Ne réveillez pas cette nuit les dormeurs… “

Hainbeste jende dago mundu berri honetan / non gozotasuna ez den inoiz naturala izango gehiago. / Hainbeste jende dago antzinako mundu honetan, / zeinarentzat gozotasun oro orain arrotza den. / Hainbeste jende dago mundu zahar eta berri honetan / non beren seme-alabek ezin izango duten ulertu. / O, pasatzen ari zaren hori / ez itzazu esnatu lo daudenak gaur gauean…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide