262. Uztapide eta metatxoak

Jakina denez, maiatzaren 19an Xabier Amuriza espero genuen Kultur Etxean, baina gaizki ulertze baten ondorioz, ez zitzaigun azaldu. Igandean, Txapeldunen Bertso Jaialdia tarteko, oholtzara igo bezain pronto eskatu zizkigun “barkamenik handienak (…) joan zen ostegunean hutsegite penagarri bat izan nuelako….”. Bertsolari bikainek ohi duten bezala, ahozkotasuna edo kontatzeko modua ezin hobeto menderatuz, eta egoskorrena ere biguntzeko moduan, honelaxe hitz egin zigun: “Lazkao Txikik, txori kontuez ari zen bertso batean, esan zuen: ‘Kukua ere hor entzuten da, / kuku hemen ta kuku han; / kalendario gabe badaki / noiz etorri ta noiz juan’. Nire kasuan… argi dago, ez naizela kukua.”

Aginduta bezala, ordea, asteartean hemen genuen Uztapideren prosari buruz hitz egiten eta Lengo egunak gogoan liburuko pasarte batzuk irakurtzen. “Uztapide ahozko literaturaren ispilu argi bat” jarri zion izenburua saioari.

Amurizarentzat badira literaturan “ibai urtsu bat goitik behera indarrean doanean” bezala idazten dutenak. Baina badira beste era batekoak ere: “Ur mehe bat zelaian gozo-gozo lerratzen, hori ere gauza polita da, gauza atsegina, gauza hunkigarria da, eta Uztapide hori da, ahozko literaturaren ispilu argia; ispiluan bezala, urak korritzen du, xuabe-xuabe eta gozo-gozo, eta selekzionatzen ditu esan behar dituenak; ez du berak pentsatuta egiten, bere intuizioak horrela ematen dio”. Eredu da, bai, Uztapide nonbait irakurri dudan bezala hizkuntza argiaren bidetik ibili nahi duenarentzat, testu argi, soil eta komunikagarriak sortzeko, baina eredugarria da, baita ere, gauza txikiei buruzko literatura maite duenarentzat.

Euskarara ekarri berria den W. G. Sebald-ek idazten zuen bere Austerlitz zoragarrian, noizbait egin beharko zatekeela gure eraikuntzen katalogo bat tamainaren araberakoa: “Norbaitek hartu beharko luke noizbait gure eraikuntzen katalogo bat egiteko lana, neurriaren arabera sailkatuz denak, eta orduan berehala ohartuko ginateke etxe-arkitekturaren tamaina ohikotik behera dauden eraikinak direla –txabolak, ermitak, esklusa-zaintzaileen etxetxoak, begiratokietako pabiloiak, lorategietako haurren etxolak– gutxienez bake-itxuraren bat eskaintzen digutenak; aldiz, bere onean dagoen inork ez luke sekula esango gustatzen zaionik Bruselako Justizia Jauregia bezalako eraikin monumental bat, antzinako urkamendian eraikia.”

Eta Sebald geurerako ekarriz, Uztapide da etxe-arkitekturaren neurrira egokitzen den idazleetariko bat. Baserriez ari da, ikazkintzaz, ardi txabolez, karobiez… Eta gauza xumeagoez. Lengo egunak gogoan gero eta ederragoan, esate baterako Olaberriko gari-ebakitzeaz ari dela, “meta xorroak” aipatzen ditu: “Gero, berriz, jaso egin bear izaten ziran [gariak]. Egualdi onak baziran, segiran larraiñera ekarri ta an pillatu. Txarrak baziran, bertan meta xorroak egin, da orrela luzapena izaten zan beintzat.” (73-74 orr.).

Xorroak, ai, meta xorroak! (Excursus) Belar pilaketaren mailarik xumeena belar-maila izaten da, segaz edo makinaz belarra mozten denean geratzen den ilara; hurrengoa besada litzateke, alegia, beso biekin garraiatzeko moduko piloa; hurrengoa, berriz, karga belarra. Belarra pilatu egin beharko balitz, besadaren ondotik metatxoa edo “txorroa” letorke eta, haren gainetik, belar-meta edo zuhatza.

Metatxoa ez da –ez zen– nolanahi egindako “egitura” (bestela, berehala sartuko litzaioke euria); metatxoak senaren poderioz sortutako nolabaiteko egitura “zientifikoa” du: azpia zabala, eta gorantz estutzen doa, hala, urak irrist egin dezan; metatxoa egin ondoren, oinarriari, sardearekin, eskuarearekin edo hankekin kolpe batzuk ematen zaizkio buelta guztian, azpiko belarra pixka bat barrura sartuta gera dadin eta, hartara, goitik eroritako euria oinarrian pilatuta gera ez dadin.

Ontzeko belarrak ondu arinak bazeuden eta euri arriskua baldin bazen, irtenbide ona izaten zen metatxoak egitea. Egunetan egon daiteke eguraldia euritsu baina metatxoa ondo egina badago, askatzen denean, gaineko azala ilundua izango du baina barrua lehor-lehorra edukiko du, belar ondoaren usain gozo eta guzti. Gero, pixka bat zabaldu eta prest izango da ganbararako.

Agidanez, ordea, Legoiagako nagusiak ez zuen konfiantzarik metatxoetan. Eta eguraldi onaren zain zeudela, dio Uztapidek, ebaki baino lehenago, zutik galtzen ziren belarrak: “Aixa ebakitzen giñuzen guk ango ote txikiak eta belarrak; garoak ere bai. Belarrak, giro onen zai geundela, zartu egiten ziran. Nagusia bildur izaten zan, euriak ebakitako belarra arrapatuko ote zuan. Eta zer ebakita galduko ziran! Ebaki baño lenago, zutik galtzen ziran. Denbora pasata ebakitzen dan belarra, beti eskasa izaten da. Alperrik ondo sekatuko dezu ura. Belar aula eguzkiak jaten du, zutik dagoan tokian. Legortu errezak izaten ziran an belarrak. Jakiña, zutik zeudela legortuta egoten ziran da.”

Joan deneko bost edo sei mendetan bizi-bizirik izan den mundu bateko bizipenak, bizipen txiki edo xume horiek, kontatzen dizkigu Lengo egunak gogoan liburuan Uztapidek. Mundu hura argazki batean laburbiltzeko esango balidate, metatxo horiek aukeratuko nituzke. Hain dira xumeak, hain dira joan zen mundu batekoak…!

Denbora pasata ebakitzen dan belarra, beti eskasa izaten da”, esaten digu Uztapidek, baina Amurizaren hitzaldia, lauzpabost egun pasata ere, fresko-freskoa zegoen artean. Lengo egunak gogoan-eko pasarterik ederrenak bildu eta euskara batuan argitaratzea proposatu zigun zestoarroi. Garai batean, apaizari-eta ematen zitzaien gerezi bildu berri-berri, fresko eta onenez betetako otarretxoa bezala, baina, kasu honetan, Uztapideren prosa onentxoenez betetako otarrea eta euskaldun guztiontzat. Alajaina, gustura asko dastatuko dugu, bai horixe.

Argazkia: Metatxoan Aurrekoetxean (aspaldiko batean).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide