263. Emakume langileak

Pasa den larunbatean, Donostian denbora-pasa nenbilela, Koldo Mitxelena kulturunearen fatxadan emakume gazte baten argazkia ikusi nuen, garai batekoa. Erakusketarako erreklamoa zen. “Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik” zeukaten izenburua José Bruneten argazkiek.

Egunkarietan-eta emango zuten erakusketaren berri baina kartela ikusi nuen arte ez neukan batere informaziorik. Sartu, eta formatu handiko argazkiak ikus zitezkeen aretoan; promozio-orrietan dioen bezala, “bisitariak irudi bakoitza leiho ireki gisa ikusi ahal izango du”. Irudien artean, batez ere, Donostiako txokoak ikus daitezke, baita familiarteko bizitzan edo bidaietan ateratako argazkiak ere. Erlojuaren norantzaren kontra egin nuen ibilaldia edo ikustaldia, eta amaitzera noanean, hantxe zegoen nire zain pastelaren ginda. Honezkero jabetu da irakurlea, testu honekin batera doan argazkiaz ari naizela. Bai, baina itxaron pixka bat, irakurle.

José Brunet Bermingham (Donostia 1836-1891) argazkilaria izan zen (Nafarroako fototekaren web gunea hartuko dut oinarritzat). Donostiako burgesiako familia garrantzitsu batetik zetorren. Bera ez ezik, aita eta aitona ere hiriburu horretako alkateak izan ziren, baita enpresen sustatzaileak ere, itsas-merkataritzaren, bankuen, garraioen edo paper-enpresen arloan. Munduko herrialde ezberdinetan barna ibili zen, kamera eskuan, eta bisitatzen zituen lekuetako argazkiak erosten zituen. Beirazko plaken gainean ateratako negatiboek osatzen dute funtsa.

Gure herrian ere baziren hamaika handiki argazki zale, esate baterako, Lasaoko markesa, baina haren kristalezko negatiboek ez zuten izan Bruneten argazkien zorterik: donostiarraren ondorengoek, argazkien balio historikoaz jabetuta, ondare baliotsu hori gordetzen eta babesten jakin izan zuten, baina lasaotarraren kasuan, auskalo zein zabortegi klandestinotan bukatu zuten, txiki-txiki eginda, negatiboek. Galera izugarria zestoarrontzat.

Gaur egun, argazkilariaren birbiloba bat da Bruneten argazkien jabea: Joaquín Mencos Doussinague, Real Defensa markesa. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dauka gordeta bilduma, eta arretaz ari omen dira zaharberritu eta sailkatzen, etorkizunean jendearen eskura jartzeko.

Argazki zoragarri honetan, gauza askok ematen dute atentzioa, eta lehenbizikoa da argazkiaren datazioa. Gure herriaren argazki zaharrenetakoa izango da, zaharrena ez bada. Kontuan hartzen badugu, 1865. eta 1891. urte artekoak direla Bruneten argazkiak, bada horrek dena esaten digu. Beste elementu deigarria da argazkiaren edertasuna, teknikoki. Argazki teknika bikain kontrolatzen duela argi ikusten da, bai hartualdietan, bai plaken tratamenduetan ere.

Gure argazkian, ezer baino lehen erreparatu behar zaio atenporalitateari: esan dugu XIX. mendearen azken laurdenekoa dela irudia baina hemen ikusten dena ez zen izango oso desberdina ehun urte atzera eginda ere (1792 inguruan): paisaia berdintsua, zubia eta Lauiturrieta berdin-berdinak, emakumeak oso antzekoak… Ohituta gaude, XIX. mendeko argazkietan, ingurua soilduta ikusten, alegia, baso handirik gabe. Izan ere, populazio-presioak (ordurako 2.600 biztanle inguru zituen udalerriak) ahal ziren lur denak nekazaritza-abelazkuntzarako erabiltzea ekarri zuen. Hemen ere, harri artean ikusten da sastraka pixka bat baina lurrak aukera ematen duen tokitan, sagastiak eta batez ere soroak dira nagusi. Ikus lur pixka bat dagoen edozein zulokote txiki dagoela landatuta (edo ereinda).

Uda sasoi betean gaude, ni oso oker ez banago. Abuztuaren erdi alderako ohikoa izaten zen garia moztu eta arbia ereitea, eta hori ikusten dela, uste dut, soro landu berri-berri horietan. Beste zenbaitetan, berriz, Baiorako bide ezkerrean esate baterako, artoa sasoian dago. Irailaren erditik aurrera eta urrian jasotzen zirenez artoak eta babak, abuztu bukaera edo irailean ateratako argazkia izan liteke.

Zubiak, orain ez bezala zuhaitzik gabe dagoenez, den baino luzeagoa ematen du, eta Lauiturrietarekin batera antzinako gizartearen ingeniaritzari eta aurrerapenei keinu egiten die. Oso deigarria egingo zitzaion Jose Brunet enpresa-gizonari paraje hau; lehen esan dugun moduan, oso antzinakoa irudituko zitzaiolako, eta, ondorioz, alde batetik oso erakargarria eta pintoreskoa eta, bestetik, oso atzeratua Bruneten bizimodu modernorako. Erreparatu –alferrikako oharpena izan arren– hotel bat bera ere ez dela ageri; bainuetxea zegoen bakarrik, eta han ere Hotel Nagusia eraiki gabe artean. Benta enkoadraketatik kanpo geratzen da. Baio da argazkian ageri den etxe/baserri bakarra.

Eta bukatze aldera, garrantzitsuena geratzen zaigu: protagonistak. Ez baitiote alferrik jarri izenburutzat “Las lavanderas” argazkiari. Hiru emakume –gazteak, itxura guztien arabera– arropak garbitzen Urola ibaian. Arratsaldea da. Goitik beheraino jantzita daude emakumeok, modu tradizionalean; buruan ere, ez ilea tapatzeko adinako zapia, baizik-eta aurpegia ere estaltzerainokoa. Gaur egungo emakume musulmanez jarduten gara: geu nolakoak ginen, ba, garai batean? Fedez, oraingo musulmanak baino askoz zorrotzagoak eta intoleranteagoak, itxuraz, haiek bezain estaliak. Emakume gazte hauek hanketako behatzetarainoko soinekoarekin uretan, zera gogoratzen didate, duela urte asko Itsaso Hileko (Jordania) hondartza batean ikusi nuena, alegia, gizonezko arabiarrak bainu-jantzi labur-laburrekin, eta emakumeak, berriz, goitik beheraino jantzita.

Erreparatu, bestalde, arropa garbiketarako erabili ohi zuten ontzi aukerari: zumitzezko otar sakonak, arrain-saltzaileek erabiltzen zituzten saski lauak, bi heldulekuko buztinezko ontzi zabalak…

Bistakoa da argazkigilea erakarri egin zuela giro pintoreskoak, modernitatearekin galzorian zegoen estanpa bitxi horrek. Emakume franko ageri dira aipatutako Bruneten erakusketa horretan; bere familia-kideak, bere lantegietakoak, emakumezko talde izugarri bat osatuz, iruleak, arropa garbitzen dabiltzan hauek… Jakina da bigarren maila batean zeudela emakumeak XIX. mende bukaera hartan (oraindik ere bai), eta Zestoako hauek beren pintoreskismoagatik erretratatu zituela, ez (seguruenik) beste ezergatik, baina edozein modutara ere, argazkilariak erakutsi egin nahi zuen nola ari zen integratzen emakumea lan-munduan, eta ez zuen nahi izan aldaketa hura bere sormen grafikoan alde batera utzi.

Horrela bada, orain artean ezagutu ditugun Zestoako argazki gehienetan, emakume burgesa ikusi dugu gehienbat, uda pasatzera gure herrira etorritako kanpotar ahalduna (ahalmen gutxikoak ere etortzen ziren baina haiek ez zuten argazkirik egiteko dirurik). Hemen, ordea, eta, esan bezala, gutxi dira tipo honetakoakemakume langilea, bertakoa ageri da, eta ez pose fotografikoan baizik-eta lanean. Horrek askoz ederragoa egiten du argazkia.

Jakina da Brunetek ez zuela helburu horrekin aterako, baina zilegi izaten denez argazkia norbereganatzea eta gaurko begiekin ikustea eta irakurtzea, nik antzinako emakume etengabeko langile haien omenaldi gisa ikusten dut argazki zoragarri hau. Merezi dute, bai alajaina.

Zoazte, zoazte, erakusketa ikustera. Uztailaren 30era arte dago Koldo Mitxelena kulturuneko erakustokian (Donostia).

Argazkia: Jose Brunet. “Arropa garbitzaileak – Las lavanderas”. Nafarroako Artxibo Orokorra. AGN.FOT_MREALDEFENSA_0805




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide