265. Hormigoizko sugelindarea

Bada gazteleraz esaera bat ondo baino hobeto doana gaurko argazkiarekin: “serpentea el camino”; nolabait esateko, sugearen itxuran doa errepidea. Ez dut aurkitu hiztegian, serpentear horrentzat hain hitz adierazkorrik euskaraz: sigi-saga egin, zeharka-meharka ibili/joan, bihurka ibili/joan. Baina horixe da, suge itxura, argazki honetan atentzioa ematen duen lehendabiziko gauza. Ez duzu planoetan nabarituko –ezta asko handituta ere– baina argazkilariak asmatu du nondik begiratu, suge itxura hori bistaratzeko. Plein air. Paisaia Kutxaren pintura eta argazki bilduman (Kutxa Fundazioa, 2011) liburutik hartu dugu argazkia. Egilea Victor Txarola da (Donostia, 1933-1985). Bere jarduera profesionala prentsan garatu zuen, eta gaur egun bere familiak gordetzen du bere argazki-artxiboa.

Argazkiak ia 50 urte ditu. Bilbo-Behobia autobidea Arroaraino iritsi, eta handik gutxira ateratako argazkia da, hau da, 1974 urte ingurukoa (Elgoibartik Arroarako zatia 1973ko abenduaren 10ean inauguratu zen).

Gaur AP-8a deitzen dioguna obra erraldoia izan zen, ingeniaritzako erronka bat, eta erronka ugari izan zituen garai hartarako. 1967an eraikitzen hasi eta 1976an amaitu zen (“La AP-8 cumple 50 años en Gipuzkoa”. Noticias de Gipuzkoa. 2022-05-19). Martxan jarri zenean, Bilbo eta Donostia arteko bi ordu eta erdiko ibilbidea, ordubete pasatxora murriztu zen.

Francok, behin gerra ondorengo goseteak gainditu eta Estatu Batuen “homologazioa” lortu zuenean, teknokraten laguntzarekin, garapena bultzatzeko politikei ekin zien, “mirari ekonomikoa” delakoa abiatuz. Orain begiratuta, jakitun gara hazkunde ikaragarri hark gabezia handiak zituela –besteak beste, kalte ekologiko larriak eragitea, garapen industriala toki batzuetan bakarrik ezartzea eta, ondorioz, beste eskualde asko abandonatuta uztea, eta abar– baina “aurrerapena” behar zen, eta makina batek –hemen Euskal Herrian bertan ere bai– pagotxa ederrak lortu zituen errepide, etxebizitza, urtegi eta herri-lan haiei esker.

Pier Paolo Pasolinik 1950eko hamarkadarako salatu zuen kontsumo gizartea zeharo barneratua zegoen, hemen ere, 60ko hamarkadarako, eta, besteak beste, automobilen zirkulazioak nabarmen egin zuen gora. 1970eko hamarkadan 700 auto inguru izango ziren Zestoan baina 80ko hamarkadarako 900era igoak ziren. Orain, berriz, 2.000tik gora izango dira.

Bailarak, herriak, ibaiak, denetik txikitu behar izan zituen autobideak, eta, ondorioz, desjabetze ugari izan zen. Zifrak zorabiagarriak dira. Bibliografian jasotakoaren arabera, desjabetutako azalera 9,5 milioi metro koadrokoa izan zen, 90.000 (9 hektarea) autopistako kilometro bakoitzeko. Desjabetutako lursailak 3.000tik gora izan omen ziren. Zestoan ere bai, mordoxka bat. Joan Erentxunek ondo zerrendatzen dituen bezala, honako baserriak eraitsi ziren: Arroakola (armarridun etxea), Azkaeta, Azkaetaerrota, Baserritxo edo Etxeberritxo eta Landeta. Lursailak, berriz, auskalo zenbat.

Sarrera luze honen ondoren, goazen orain argazkia ikustera. Arroaerrekako zati bat ageri da bertan. Goitik hasita, autobidearen ezker aldera, Zubeltzutorre ikusten dugu, eta, beherago, Presalde, biak ala biak Itziarko sailetan. Beherago, berriz, Zestoako partean, Zebainerreka. Eskuin aldera, hau ere Zestoako lurretan, Ibarrola. Soroa baino zelai gehiago dago bazterretan; uda bukaera aldera gaudela dirudi. Belar-metak ikusten dira Ibarrola barrenean. Gaur egungo aldean, soilak daude erreka eta bide bazterrak, zuhaixka multzo handirik gabe. Intsignis pinua da nagusi mendietan; autobidea eta pinua, biak ala biak “aurrerapenaren” seinale garbiak. Bestea, argindar linea, bere zutoin zuri-zuri sartu berriekin.

Hormigoizko sugelindarea nabarmentzen da, nolanahi ere, beste elementuen gainetik. Bailaran zehar, ehunka urtetako bakea apurtzera letorkeen fluido baten gisa. Elementu harmonikoa ikusten da hala ere, naturaren berezko forma errespetatzen duena. Ez dago hor lur-erauzketarik, ez tunelik, ez zubi erraldoirik. Egin zituzten, bai, dezente, orduan ere, baina zer ikusirik ez oraingo teknologiaren ahalmenarekin, oraingo txikizio afanarekin. Orain errepidea zuzena behar du (ikus Gasteizerako autobidea), eta tunela behar bada, tunela egiten da, kristoren biaduktua behar bada, biaduktua. Hemen, ordea, orografia errespetatu egin zen, merkagoa ateratzea beste arrazoirik ez bazen ere. Izugarri harrotu gara azken 50 urte hauetan.

Umiltasuna adierazten du, argazkian, forma kurbatu horrek, naturaren neurrira egindako forma horrek.

Eta bukatzeko: nondik ikusi ote zuen Viktor Txarolak inongo planotan –nahiz eta oso zehatza izan– ageri ez den forma eder hori? Bada Endoiako gurutze aldetik aterea da. Ezin dut imajinatu zer burutazio izango zituen argazkilariak Arroaerrekako ikuspegi hori begi aurrean zuelarik. Izan zitekeen lilura, eta aldi berean arbuioa, egindako txikizioagatik. Auskalo. Segi, zeu, begiratzera, irakurle. Merezi du eta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide