266. Bainuetxe bukolikoa

Bainuetxeko eremuari ateratako argazkirik zaharrena izan liteke honako hau. Irudiak zerikusi handia du Gipuzkoan Lehen Gerra Karlistaren (1833-1840) ondoren gertatutako aldaketekin. Garai haietan industrializazioari eta modernizazio prozesuari bideak ireki zitzaizkion, eta Zestoari dagokionez, bertako bi baliabide mineralei lotuak izan ziren berrikuntza haiek; hain zuzen ere, zementugintzari eta ur termalei.

Enpresa-ekintzailetza horretan herriko hainbat dirudun inplikatu ziren, besteak beste, Uriarte eta Iraeta familiak, zementuaren ekoizpenean, edota San Millango markesa bainuetxeko uren ustiaketari dagokionez. Azken honek XIX. mendean eraikitako bainuetxean inbertsio handiak egin zituen, eta, esate baterako, eraikin berri bat altxa zuen, Sarrerako Etxea, non 1845ean 400.000 erreal baino gehiago inbertitu ziren. Gainera, ondorengo urteetan egindako beste obra batzuk gehitu beharko lirateke, adibidez, uren emaria handitzeko lanak.

Bainuetxearen itxurak ez zuen, garai hauetan, zerikusirik zuela 50 urte Jovellanosek bisitatu zuenarekin:Todo ruin; el agua no llega al grado de tibia, sino como caldeada al solzioen hark. Francisco de Paula y Madrazo jaunak, berriz, 1840ko hamarkadan bisitatu gintuen, eta bestelakoa zioen: “Bainuetarako lokalak nahi diren erosotasun guztiak ditu. Bainugelak beste establezimendu batzuenak baino ederragoak dira, eta argizuloen bidez argi epel bat jasotzen dute. Argi horrek marmolezko pila ederrak islatzen ditu, eta kolore atsegina ematen dio barruti osoari. Ura kristalinoa da eta ez du usainik. (…) Gainerako establezimendua duina da, bere lasaitasunagatik, bere dotoreziagatik, bere altzari onengatik eta bere zerbitzu bikainagatik (…). Solairu bakoitzean egongela eder bat dago, gustura apaindua, eta solairu nagusian gaueko bilerak izaten dira”.

Goazen, ordea, argazkia sakonago begiratzera. Duela gutxi hemen aipatu nuen erakusketa batean ikusia da, baina ez inprimatua baizik eta horman proiektatua, eta horregatik bere kalitatea ez da nahiko genukeena. José Brunet Bermingham (Donostia 1836-1891) argazkilariaren irudiekin osatutako erakusketaz ari naiz. (ikus 263. Aztarka, Emakume langileak). Argazkilaria 1891n hil zenez, lehenagokoa da gure irudia. Ordurako ez zen San Millanena establezimendua; izan ere, hark Domingo Etxaideri utzi zion errentan 1852an, eta bi urte pasa ondoren erosi egin zuen Etxaidek.

Ezkerraldetik eta goitik hasita, errota izandako etxea ikusten dugu. Haren azpian, bidearen kontra, Kattalin Zubizarretaren ostatua. Ikusten den moduan, ordurako egina zen Zestoatik Azpeitirako bide berria (oraingoa); Gesalaga zubitik pasatzen zen errepidea, oraingo zubia 1950eko hamarkadan egina baita. Ibaiaz bestalde, eta zubiaren goialdean, etxe bat ikusten da, gero Txaleta (gaur Yoga etxea) izango zena. Haren aurretik, berriz, Sarrera Etxea, eta haren aurrean pasealekua; Madrazok zioen bezala, “portada polit batetik sartzen da etxera, eta handik hiru kale zabal dituen pasealeku eder batera, platano, ezki eta sahats hostotsuz apaindua, eta ezkerretara galeria zoragarri bat ikusten da”.

Eta pasealeku horren aurrean etxetxo bat ikusten da. Etxetxoak badu bere anekdota, beste Aztarka batean transkribatu nuena, eta grazia ez galtzearren, orain ere, jatorrizko hizkeran utziko dudana: “Al atravesar el paseo de árboles que hay en el centro del establecimiento y entre una y otra casa, llaman la atención de una manera poco grata, y afean algo su belleza unas casitas colocadas de trecho en trecho, de la forma de garitas de centinela; pero el prodigioso e instantáneo efecto que producen aquellas aguas las hace de tan apremiante necesidad, que aun a pesar de su profusión, cuéntanse mil tristes anécdotas de personas que corriendo hacia ellos como corre el navegante al puerto en momentos de borrasca, al llegar si aliento hubieron de articular con dolor la fatídica frase ¡ya es tarde!, no sin excitar la risa de los que tal vez dentro de unos pocos instantes podían verse en no menos apurada situación(Madrazo, Francisco de Paula: Una espedición a Guipuzcoa, en el verano de 1848). Komunaren parean, zuhaitzen atzean, bainuetxeko kapera ikus daiteke. Azkenik, argazkiaren barrenean, Bainuetxea bera, 1804an eraikia.

Baina hor ez da bukatzen dena. Justo Maria Zabala medikuaren 1868. urteko memoria edo txostena grabatu eder batek zabaltzen du. Han ikusten dena ez da argazki honetan ikusten denaren oso desberdina eta, ondorioz, 20 urtean aldaketa gutxi izan zirela frogatzeko ez ezik, argazkiaren xehetasun batzuk hobeto ulertzeko balio digu. Esate baterako, Baio aldera dagoen mendiari “Haitz mendia” jartzen dio, eta Etorra aldeari, berriz, gaztainadia. Askotan galdetu didate zer ote diren gaur egungo bidegorriaren eta garai bateko trenbidearen ondoan ikusten diren horma horiek, eta argazkian garbi asko ikusten da: bainuetxearen eremua mugatzeko harresi bat besterik ez da. Jakina, gero trenak (1926) dena desitxuratu zuen bainuetxe harresituaren irudi hura. Haitz mendia eta gaztainadiaz aparte, ur-jauzia duen presa aipatzen du Zabalak, eta, azkenik, argazkian barren-barrenean ia oharkabean pasatzen zaigun xehetasun bat baina grabatuan garbi adierazten dena: egurrezko zubitxoa.

Bistakoa denez, zubitxoaren bestaldean, artean eraiki gabe dago Gran Hotel-a (1895) baina aproposa zitekeen Gesalaga baserritik (Hotel Nagusia eraikitzeko bota zena) barazkiak, esnea, haragiak eta beste hainbat elikagai, azkarrago eramateko. Geroago, Hotel Nagusiarekin batera, egingo zuten egurrezko zubi handiagoa, 1930eko hamarkadan urak apurtu zuena, eta geroago berreraiki zena.

Egia esan, bukolikoa ikusten da oraindik gure establezimendua. Esan bezala, Hotel Nagusia eraikitzeke dago, eta are eta beranduago eraiki zituzten Alameda, orain pasealekua ikusten den tokian, eta askoz beranduago Etxeberri.

Argazkiaren denboran, gaztainondoak, platano, ezki eta sahats hostotsuak ziren hango protagonistak. Himalayako zedroak (Cedrus deodara), palmera txinatarrak (Trachycarpus fortunei), magnoliak (Magnolia grandiflora) eta, nola ez, glizinak (Wisteria) artean etortzeke zeuden, eremua konkistatzera. Fox-trotak, charlestonak, tangoak eta abar, berriz, etorkizun urruna.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide