270. Irribarrearen eremua

Funtzionario publikoen egonkortze legea dela-eta, hainbat langile greban, lanean dabiltzanak ailegatu ezinik, zalantza eta buruhausteak nonahi, eta geure arteko harremanak kinka larrian dauden honetan, askotan pentsatzen dut Sebastianengan. Zer hausnarketa egingo ote zituen berak, zer argi-izpi erakutsiko ote zizkigun, zer aterabide… Baina Xabier Letek esango zukeen bezala, aldarririk gabe ezkutatu zinen eta isiltasun handia erori zen neguko belaze elurtuetara. Eta lurtar gizagaixoei tokatzen zaigu orain –beti izan den bezala– babak eltzetik ateratzea.

Xebas da “erreferentzia” argazki honetan ere, baina hemen beste era bateko giroa bistaratzen da. Festa da, duela 30 urteko festa, Amabirjin hirugarrena (irailak 10). Ospakizuna, alaitasuna nabari dira argazkian. Denak gazte-gazte. Bizkarra emanda dagoenari ez diot tankerarik hartzen. Gero Xebas, Xarra eta Ixiar, lehenengo erdikan. Askotan esan izan didate –lotsatia eta dantzari nuloa bainaiz ni– dantza benetakoa, barru barrutik ateratzen dena, besoen bidez adierazten dela, eta naturaltasun guztiz erakusten digu hori Ixiarrek, besoak lotsarik gabe altxatuta.

Erdi-erdia Xantik markatzen du, zerbaitengatik zen garai hartan alkate, eta normala bera erdi-erdian izatea (bromatan ari naiz). Bere eskuinean Roman Sagarzazu, lehengusua. Eta, azkenik, triptiko bat balitz bezala, ertz-ertzean Tolosako dultzaineroak. Horiek ere, hiruzpalau urte beranduago izan zituzten nahiko gorabehera eta betirako desagertzeko zorian egon ziren, baina zentzuz jokatu zen azkenean, eta jarraitu egin zuten. Baina argazkia urte batzuk lehenagokoa da eta ez dago horren aztarnarik.

Musikak Ixiar xaxatzen du eta Ixiarrek Xebas. Xebasek, berriz, argazkilariari begiratzen dio, irribarrez, eta ondo pasatzen ari dela sumatzen dugu guk. Zerbeza nagusi Pio Baroja plazan.

Bazkalondoa da, itxura guztien arabera. Irailak 10, lehen esan dugun bezala. Ezkonduen eguna. Eguerdian, Lauiturriren bigarren mendeurrena ospatu zen. “En alegre biribilketa” joan ginen denok, txistulari eta dantzariekin, Portalean behera, eta lehendabizi, hiru sahats negarti landatu genituen: bat lehenengo mendeurrenaren adierazgarri (1792-1892), bestea bigarren mendeurrenaren lekuko (1892-1992), eta hirugarrena Lauiturrik urte askoan iraun zezan. Hitzalditxoak eta musika, eta festa ondo amaitzeko, oturuntza ederra, Portunekoek hara bertara eramandako jaki goxoekin (Zu, bai, zinela fuera de serie, Mari Karmen, horrelako piknikak preparatzen!).

Arratsaldean, berriz, herri kirolak genituen “akoatarrek antolaturik”: Olasagasti eta Arrospide aizkoran, Goenatxo eta Ostolaza harri-jasotzen, eta Ariztain eta Santa Engrazia bidaniatarren aurka, trontzan. Piper egin ote zuten argazkiko lagunek edo plazako ikuskizuna baino lehenagoko poteoa da? Bigarrena seguruago.

Kontuak kontu, hor mataderia zaharrean hain bizi jotzen duen eguzkia erretiratzen hasi zenean, Juan Carlos Irizarrek eta Soraia Agirregoikoak kontzertu eder bat eskaini zuten Laranjadin –kiosko ospetsu hartan– eta Ballet Danza Académica Minervako tutu zuri-zurizko neskatxak “portatu egin zien”, Barojak esango zukeen bezala. Eta –hau ere mediku-idazleak esana da– “ilundu zuen, gauak estalkia zabaldu zuen guduzelaian, mundu guztia sakabanatu egin zen, eta ausartenak plazaren erdian suaren argitan dantzan ari ziren bitartean, gainerakoak beren etxeetarantz abiatzen ziren eta izarrak ehundaka agertu ziren, airean nota dardarati eta zalantzatien antzera, zortzikoen doinuak dar-dar egiten zuten, alkoholez gainezka eta mendiko sakonuneek errepikatu egiten zituztelarik”.

Asko aipatu izan didate eta asko eztabaidatu izan dugu haiek edo oraingoak ote ziren ederragoak. Eztabaidagai zoragarria ardo puska bat edan eta ezer ez erabakitzeko. Egitaraua ez da hain desberdina 1992koa eta aurtengoa; jendearen parte-hartzea antolaketan, agian hori bai, pixka bat txikiagoa baina ez alde handiz; ilusioa eta alaitasuna, berriz, handia, oraintxe bezalaxe orduan. Begiratu Xebasi, begiratu Xarrari, begiratu Ixiarri. Ez nuke esango oraingoak baino gaizkiago pasatzen ari direnik.

Argazkiko kontuekin ari garenez, aldaketa nabarmenena da lehen festetan toki bizia izaten zen Elizkalea eta Pio Baroja plaza, orain torturapean akabatutako zezenen karga-deskarga gune bilakatu dela, txosna eta festa giroa Laranjadi aldera eramanda. Kaleokerra ere, entzierro-leku izan ohi zen baina, gaur egun, merkataritza-establezimenduekin gertatu den bezala ahanzturaren menpe geratu da gune hori. Lastima.

Kontuak kontu, aldaketak aldaketa, garaiak garai, lan arloko liskarrak liskar, argazkiko irribarrea eta kuadrilla giroko elkartasun irrika horrekin geratzen naiz. Rollo ona eta konplizitatea. Hori da Xebasek transmititzen digun irakasgaia. Ez da erronka makala.

Post scriptum: Amaiur Aristik esan dit: “Bizkarrez dagoenak ez al dauka Joxemari Artola Zelaya-ren tankera?; Romanen alboan dagoena, berriz, Mirian bere bikotea da”. Esker mila, Amaiur.

Argazkia: Pello Igarataundi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide