274. Sublimazioa

Ikaragarri gustatzen zait argazki hau. Akzioa dauka, alaia eta koloretsua da, kontraste askoko gaiarekin, ederra oso, gaurkoa, teknikoki ondo egituratua. Torilen atzean ezkutatzen den udazkeneko eguzki leun horrek argazkiari ematen dion kolorea oso iradokitzailea da.

Alaia da argazkia, oraintxe esan dugun bezala, alaitasuna berezkoa dute-eta gazteek, oraindik ez baitute bizitzak ematen dituen zaplaztekoen eraginik. Alaitasuna nabari da, festetan gaude-eta; jan dugu paella eta edan dugu bakoitzak bere gustukoa. Alaitasuna nabari da, jolasean gabiltza (dabiltza) eta, saltaka, jauzika, beren artean borrokan olinpiar atleta garaikideak bailiran, ereinotzezko koroa nork irabaziko.

Edertasun desafiatzailea dute neska-mutil parte-hartzaileek; neskek top labur-laburrak bistan, edo kamiseta estu-estuekin, baina gehiago bistaratu gabe; mutilak gerriz goia erakutsiz, gaztetasunak duen harrotasunarekin eta puntu exhibizionistarekin (argazkiak ez du jaso xehetasun hori).

Akzioa eta borroka dago argazkian, baina gezur-txikizkoa da borroka; arerioak ez dira benetako arerioak, eta batek irabazten duenean eta besteak galdu, ez dute ahazten adiskidetasuna adieraztea, elkarri ukabilak kolpatuz, irabazle eta galtzailerik ez balego bezala. Konplizitatea sumatzen da, jolasak –ez jokoak– berezkoa duen adiskidantza.

Aktuala da argazkia, eta jokalariek euren artean bezala, gure antzinako argazki zaharrak ere desafiatu egiten dituzte. Tokitan geratzen dira 20ko hamarkadako argazki hartan, plazan, Erdikalea atzean dutela, begira-begira dauden urzaleak. Tokitan geratzen da herriko aurreneko musika banda, torila eta udaletxe izkinan jotzen. Tokitan geratzen da postal zaharretako plaza huts-hutsa. Ezer inbidiagarririk ez, haiek, argazki koloretsu honekin konparatuta. Nostalgiak ez dauka zereginik hemen. Orainaldia, momentua da nagusi.

Erresoluzio handiko argazkian (mila esker, Itsaso!) makina bat mundutxo edo eszenatxo ikusten dira: barrez lehertzen daudenak, isilkako kontuak partekatzen dabilen neska-mutil bikotea, jolasari begira adi-adi dagoen gehiengoa, kubata ederrak dastatzen ari direnak, ederki asko pasatzen dabiltzanak… mundu bat!

Argazkiak zer pentsatua ematen du. Hor ez da bakarrik jolasa eta festa. Kontua da kuadrilla bakoitzeko partaideek uzten duten arroparekin, bata bestearekin korapilatuta, lerroa egitea eta ahalik eta urrutien iristea. Arropak/gauzak kentzea urrutiago iristeko. Jarri ote ziren pentsatzen antolatzaileak, parte-hartzaileak, jolas horrek zeukan sinbologiaz? Geuretik zenbat eta gehiago utzi, zenbat eta solidarioago izan, orduan eta urrutiago iritsiko gara. Zer ikasgai bikaina, jendea ohartu bada jolas haren balizko esanahi zoragarriaz!

Finean, horixe bera egin dute jolasen antolatzaileek. Izan ziren urteak, boluntarioak ez zeudelako bertan behera geratu behar izan zutela jolasak. Hemen garbi geratu da jendeak bere denboraren apur bat besteenganako uzten badu, norberekoikeria alde batera uzten bada, urrutiago iristen garela eta zoriontsuago biziko garela (barkatu azken esaldi horrek daukan ukitu “mistikoa”). Ez dago dena galduta: gazteri berriak ere, garai bateko militantzia zorrotz haiek gabe eta iraganean iltzatu gabe, bere erara, herria eta gizartearen alde zerbait egin nahia sentitzen du.

Nire azken ekarpena argazkiaren konposizioari buruzkoa da. Itsasok (Waliño), intuizioz, eszena oso aberatsa antolatu du argazkian. Zatitu dezagun argazkia 9 zatitan, 3 bertikal eta 3 horizontal. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera. 2. eta 3. koadroak udaletxeak hartzen ditu. 4., 5. eta 6. koadroetan ikusleak daude eszena txiki mordoetan zabalduta, lehen esan dugun moduan. 7., 8. eta 9. koadroetan, arropa ageri da hondarretan zabalduta.

Eta lehen koadroan nago ni, zerua atzean dudala, ukondoa balkoiko bolan ezarrita, zerbait pentsatzen Rodinen pentsalariaren gisa. Pentsatzen zer? Une hartan, gu gazteak izan gineneko nostalgia izpiritu batek hartu ninduen: zer izan ginen, zer une pozgarri bizi izan genituen, zer zailtasun izan genituen geure burua munduan kokatzen, nola galdu dugun orduko freskotasun hura… Nostalgiara eraman ninduen udazkeneko argi malenkoniatsu hark; zein gainbehera zegoen eguzkia eta zein gainbehera nengoen ni, neka-neka eginda, eta zein fresko eta nolako ausardiarekin azaltzen ziren gazte suhar horiek…

Orduak pasa ahala, ordea, azken urteetako nire irakurketa literarioak etorri zitzaizkidan burura, hala nola, Pasoliniren Chavales del arroyo –edo bere filmak, Accatone eta Mamma Roma–, Cocteauren Ume terribleak, Erri de Lucaren El día antes de la felicidad eta, herritarren bat aipatzekotan –zergatik ez!– Maixuaren umetako bizipenak bere Zestoari gorazarre liburuan. Orduan konturatu nintzen ez nuela jarrera egokia sublimazioa. Margarit poeta handiak esan zuen bezala, “ezer ez zen erraza izan: ez bizitza irabaztea, ez promesak betetzea, ez maitasuna, ez engainatzea, ezta gorputz gazte baten berotasuna ondoan sentitzea ere” (Nada resultó fácil: ni ganarnos la vida, ni cumplir las promesas, ni el amor, ni engañar, ni sentir el calor de un joven cuerpo al lado). Orain ere halatsu izango da; gauzak ez dira hainbeste aldatu. Argazkiak argazki dira, eta bizitza, berriz, bizitza.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide