276. Argazki bikiak

Istorio honek denda batean du hasiera; Tabakalera aurrean dagoen Gauze-onak dendan. Erakusleihoan argazki bat ikusi dut, markoztatuta: lau gizonezko, bata brusa beltzarekin besteak argiarekin, bakoitza bere eskopeta sorbaldan zintzilik duela, eta eskuetan erbi bana erakusten, batek izan ezik; behean, lau zakur, uhalari lotuta. “Kontxo!, argazki berdina etxean zeukaat nik!” pentsatu dut. Hara zer kasualitatea. Ba ote dauka atzean seinalerik edo informaziorik?, galdetu diot neure buruari. Ezin jakin denda itxita dago-eta. Ez da gainera ordu jakin bat daukan horietakoa. Tira, zerbait hartzera joatea eta geroxeago itzultzea pentsatu dut. Hartu dut bizkotxo eta te bat patxadaz –tea hartzeko horixe behar da, patxada– eta non ikusten dudan urrutitik saltzailea bere dendatik irten eta badoala. Abiatu naiz korrika txikian eta harrapatu dut dendaria, establezimendurik 50 bat metrora. “Aizu, hor ateko erakusleihoan daukazun ehiztarien argazki horrek ba ote dauka seinale edo informaziorik atzean?” galdetu diot, hor hurbilean Tabakalera atarian magrebiarrak gogaitzen aritzen diren ertzain bat banintz bezala. Ezezkoa dendariak, ezertxo ere ez omen dauka atzean. “Izan ere, neuk daukat argazki berdina etxean eta nondik norakoa jakiteko grina sortu zait”, esan diot. Ez omen dauka informazio gehiegirik saltzaileak; Beasainen eskuratutakoa ote duen…

Eta, hara, ikerlari sena piztu dit. Iritsi naiz etxera gauean, eta lehenengo gauza dendako argazkiaren bizkia kaxatik ateratzea izan da. Dendakoa baino zerbait txikiagoa da, garaiko posta-txartel kartoian positibatua, eta honek ere atzean ezer ere ez, ohiko “tarjeta postal” esaldia kenduta. Lotara sartu aurretik egin ditut hipotesiak baina ez didate, inola ere, lorik galarazi.

Izan liteke argazkilariak ale mordoxka bat argitaratu izana eta hortik zehar saldu izana. Izan liteke etxeko gure aurreko senideren batek, feriaren batean edo, gustatu eta erostea argazkia. Izan liteke. Zergatik dira, ordea, tamaina desberdinekoak? Orain normala izaten da argazki artistiko horiek tamaina batean baino gehiagotan salgai jartzea, baina orduan ere bai? Eta zentimetro bat edo besteko diferentzia txikiarekin gainera? Tira, arraroa egiten zait. Eta horrela seriean saldua izan zela pentsatzeko, bada kontrako argudio bat ere: argazkia ederra izan arren, ez al da pertsonalegia, erretratistikoegia, bati eta besteari saltzeko? Alegia, ez da herriko txoko bat edo modelo erakargarri bat edo animalia edo gauza bereziren bat horrela aleak eta aleak saltzeko.

Eta orduan? Bada, horrela, lau ehiztariren erretratua izanda, eta argazkikoak, hain zuzen ere modeloak ez izanda, pertsona edo familia jakin bati (edo batzuei) saldutako erretratua da. Alegia, nolabaiteko harremana eduki behar zuen gure etxekoren batek hor argazkian azaltzen direnekin edo familiekin, eta nolabaiteko harremana eduki behar zuen Donostiako argazkiaren jabeak erretratuan azaltzen direnekin. Eta kizkurra kizkurtzeagatik (esaldi jatorra al da euskaraz?), nolabaiteko harremana zuten, orduan, gure etxekoren batek dendako argazkiaren jabearen aurrekoekin. Eta bueltak ematen hasita pentsatu dut dendakoa enkargatu zutela lehendabizi, eta ondoren, kopia txikixeago bat edo beste atera zituztela ezagunen edo familiakideen artean banatzeko. Eta, hala, urtetan aparte, ezagupiderik gabe, egon diren bi argazkiak, Donostiakoa eta gure etxekoa, lotu, elkartu, egiten dira nire burutapenen bidez.

Eta zein da biderik errazena bi argazkiak lotzeko? Bada, dendariak esan bezala, argazkia Beasain aldetik eskuratua bada, zerk lotzen ditu gure etxekoak Beasainekin? Bada, esango dizut, irakurle. Gure herenamona Anastasia Ugarte Irizar Astigarretan (Beasain) 1832an jaio zen eta Zestoara ezkondu zen 1859an. Haren familiarrak ote dira argazkikoak, haren ezagunak? Kontuak kontu, gure aita eta gazteak ziren arte mantentzen omen zuten harremana Anastasiaren ondorengoekin, etorri ohi omen ziren bataio, ezkontza, entierro, festetan eta gainontzeko ospakizunetan baina 1960 inguruko “modernitateak” galarazi egin ziguten lotura. Beraz, normala oso, haiek baldin bazeukaten argazkia guretzat kopia bat egitea; han zeukatelako eta gure etxeko norbaiti gustatu egin zitzaiolako edo, besterik gabe, oroigarri gisa bidali nahi zigutelako. Eman behar orain bi argazki horiek nire bizitzan elkartu/gurutzatu izana seinale bat izan daitekeela. Sebald idazle alemaniarrak zioen bezala, “gure bizitza harilkatzen duten hari ikusezinak” daudela ematen du.

Baina, tira, ahaztu ditzagun Sherlock Holmes-keriak eta begira diezaiogun pixka bat argazkiari. Ederra da oso, izan ere. Aurpegiak. Muñoz Molinak beste aurpegi batzuez zioena nirera ekarriz, “ez arrosa koloreko aurpegiak, ez melena ilehoriak, ez irribarre zabal automatiko samarrak, baizik eta aurpegi espainiar [euskaldun] gogorrak, aurpegi zurkaitz eta kobrezkoak, aurpegi zahar edo gazteak, baina ia beti antigoalekoak, garai honetakoak ez balira bezala, baizik eta aurreko belaunaldi batekoak (…), aurpegiak eta objektuak, galdera-begiradak, desafioa, bakardadea, samurtasuna” (Antonio Muñoz Molina eta Ricardo Martín: Sostener la mirada, Granada, 1993). Txapela. Gaurkoekin konparatuta, zein era desberdinean jantzia… Brusa horiek… ederki gaude gu tunikak erabiltzen dituzten horiei ezer esateko! (Argazki honek ehun urte dauzkala eta orain ez garela horrela janzten? Hanka motzeko argudioa).

Argazkia XX. mende hasierakoa da. Ez da edozeinek edozein modura egindako argazkia, eta hori frogatzeko ez dago konposizioari begiratzea besterik. Lau gizonen arteko distantzia berdintsua da, altuera gorabeherarik ez dago, oso orekatua da elementuen kokapena. Posatzeko modu bertsua dute: esku ezkerra eskopetaren uhalari helduta, bestea libre, ezer heltzekorik ez badute; erbi zintzilikatuek eragiten diete pose aldaketa giza protagonistei. Zakurren antolaketa ere oso estudiatua dago: esate baterako, ez zen erraza izango, ba, lau zakurrak kamerari begira jarrarazi eta egonaraztea… Bestalde, gizon bakoitzaren pare-parean daude geldirik zakurrak, ez edonola jarrita. Zakur pintoa hegal batean dago, ez kasualitatez, nire ustez; proba ezazu, irakurle, beste toki batean jartzea, esate baterako, beste hegalean: beltzez jantzita dagoen gizonaren hankapean jarrita, izugarrizko “karga” hartuko luke argazkiak alde horretara. Horretarako jartzen du, nire ustez, pintoa dagoen tokian: hain zuzen ere, gizona kolore argiz jantzita dagoenez eta erbirik zintzilik ez daukanez, behean zakur zuria balu, arinegi geratuko litzateke alde hori.

Bukatzeko, argazkiak antigoaleko itxura hori dauka nabarmen-nabarmen: atzeko horma zaharra, lurrezko eta harrizko zorua, argazkia positibatzeko teknika… Erbitan ibiltzen zireneko garaia da. Gure aitonak eta kontatzen zituzten ehiza-abenturen garaikoa. Ez dakit ba ote dagoen erbi bat bera ere gaur egun gure inguruan, baina argazki honetan sartuta, gizon horiek begira-begira ditugula, erraz senti gintezke geu ere ehizan. Uztapide bezala. Berarekin uzten zaitut irakurle. Hurrengora arte. “Aitagiarreba ta koñadua amorratuak izan, berriz, eizean; baña erbitan ibiltzen ziran aiek, eta aiekin asi nintzan berriz erbitan. Egiñalak egin nituan, erbitan ikasiko nualako; baña berrogei urtetik gora ikasten diran opizioak, geienak gaizki, eta ez nuan ikasi erbitan. Erbia iltzen askok jakiten dute, baña txakurrarekin mogitzen gutxik. Nik ere ortantxe nuan pallo aundia. Erbiak nigatik lo egiten zuten askotan“.

 

Post-scriptum

Leonar 6125” jartzen du nire argazkiak atzean, nahiz eta hasiera batean ez nintzen konturatu. Asko daude izen horrekin Interneten. Zalantza geratu zait Leonar hori Leonardo Cantero Cortés izan ote litekeen. Hala balitz, albiste zoragarria litzateke. Cantero Cortes (1872-1955) argazkilaritzaren artea ezagun egiten hasi zen garaian jaio zen. Otorrinoa zen lanbidez, eta urte batzuk jardun zuen Bilbon. Bainuetxe baten eta teila lantegi baten jabe ere bazen, baina bere benetako zaletasuna ez ziren horiek, eta dena utzi eta argazkiak egiteari ekin zion, orduko gizartearen argazki bidezko erretratu bikaina eskainiz: herrietako txokoak, jaiak, azokak, dantzak, baita ehiza ere… azken finean, garaiko gizartearen azterketa antropologiko eta artistikoa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide