291. Oi giza hauskortasuna!

Δομήνικος Θεοτοκόπουλος ποίε, “Doménikos Theotokópoulos epoie”, irakurri zuen Manuel Lekuonak 1926. urteko Santa Klara egunean, hau da, abuztuaren 12an. Iraetako Santa Ines ermitan zegoen Lekuona, hango margo bati begira-begira: “Gorputz erdi bat, ia tamaina naturalekoa, begirada lasaia eta sarkorra, esku hezurtsu bat otoitz egiteko eran zabaldua, mantu gorri zahar zurbil bat zuena, zeinak, estaltzen zuen hauts-geruzatik ikusita, Tizianoren Markes de Vastoren soldaduaren tunika edo brialaren kolorea gogorarazten baitzidan… (…)

Kasualitatez, koadroaren parean, egun hartan konponketak egiten ari zen igeltseroak jarrita, eskailera luze bat zegoen. Gora igo nintzen eta… O, nire harridura! Pertsonaiaren ezkerreko eskuan dauden bi liburuetako baten kantuan, sinadura moduko letrak… eta letra greziarrak: Domenikos Theotokopoulos epoie”.

Honez gero, irakurlea jabetu da Lekuonak (1894-1987) Iraetan ikusi zuen margoak El Greko (1541 -1614) handiarena zirudiela. Eta halaxe suertatu zen. Berak zioen bezala, San Paulo bat da, liburuaren eta ezpataren arabera, “Jendeen Apostoluaren” ezaugarri bereizgarriak.

Adituen arabera, oso kalitate handiko margoa da, 1580 inguruan egina, autore bikainaren garai onenaren ale bikaina. El Grekok bere nortasuna erabat finkatua du, oraindik ere nahiko orekatua, gerora landuko dituen irudi luze eta dinamismo hartara artean iritsi gabe. Irudiak antz handia du Stockholmeko (Suedia) museoan dagoen beste irudi batekin (San Pedro eta San Pablo) eta are gehiago San Petersburgoko (Errusia) Hermitage museoko beste batekin.

Egia esan behar bada, Lekuonak antzemandako margo haren kopia dugu Iraetan. Jatorrizkoa bertako jauntxoen oinordekoek eraman omen zuten hobeto gordetze aldera-edo, baina tira… pozgarria da hain pintore miresgarriaren obra bat gure artean egon izana.

Benetan, zoragarria litzateke jakitea nondik nora datorren Iraetako jauntxoen, artearekiko zaletasuna. Irakurleak gogoan izango du Aizarnako elizan, Iraetako jauntxoen kaperan, dagoen triptiko ikusgarria, Pieter Aertsen-ena izan daitekeena. Adituen ustez 1535 eta 1555 bitartean egina izan behar du. Triptiko hori Iraetako jauntxoek erosia da. Oso harreman estuak zituen espainiar nobleziarekin eta Gortearekin, eta ondorioz, pagotxa ez zitzaien faltako.

Garai haietan, Iraetako jauna Nicolas Martinez de Eguia zen, Maria Beltran Iraetakoarekin ezkondua, Lizarrako Egiatarren familiakoa, geroago (XVIII) Granada de Ega dukeak izango zirenak.

Aizarnan dagoen –ustez– Luis Morales margolariaren (1509-1586) “Cristo portacroce” ere iraetarrek dohaintzan emandakoa izan liteke, erraz asko. Margo eder horren oso-oso antzeko koadroak 1565 inguruan kokatzen dituztenez, 1565-1627 urte bitartean ekarritakoa dela pentsa genezake.

Eta orain berriz hemen aipagai dugun Grekoren San Paulo hau, 1580 inguruan egina. Horrela bada, 50 urtean hiru margo zein baino zein ederragoak. Oraintxe bezala, orduan ere, artea bildumatzea boterearen sinbolo zen. Bitxia da, hala ere, gure iraetarren afizioa, herriko beste jauntxoetan –agian Lasao kenduta– nabarmendu ez zena.

Bukatzeko, merezi du lerrotxo batzuk ematea aurkitzaileari, Lekuonari (1894-1987). Idazlea, apaiz katolikoa eta euskaltzaina izan zen. Gasteizen apaiz ordenatu zen, eta hango apaizgaitegian, euskarako eta euskal literaturako eskolak eman zituen 1916az geroztik, hogei urtez. Euskal literaturako ikerlanak egin zituen, bertsolaritzaren eta poesiaren inguruan bereziki.

1926ko abuztuaren 12 hartan, Saturrarango “hondartza zoragarriko Oporren Seminarioan” zegoen Lekuona. Ibilaldia antolatu zuten, eta egun hartan berari egokitu zitzaion ikasle-talde baten buru izatea, Ramon Laspiur errektorearekin batera. Markina, Elgoibar, Azkoitia eta Azpeitia bisitatu ondoren, Loiolako Santutegia barne, Iraetan egin zuten geraldia. Alai bazkaldu eta pilota partiduren bat jokatu ondoren, “auzotarren zerbitzurako errepide ondoan dagoen basilika txikira” erretiratu ziren. Errosario Santua errezatu eta otoitz egin ondoren, irakurketa espiritualerako tarte baterako denak eseri zirenean, bere kuriositateak (“oi giza hauskortasuna!” esaten du, kuriositatea ere bekatua balitz bezala) goiko hormatara begiratzera eraman zuen, eta zehazki “kapera altuko horma-atal guztietan nahikotxo zintzilikatzen diren koadroak ikuskatzera”.

Baina, jakina, Lekuonaren pentsamenduak margo haietatik mundu honetara etorri zirenerako, apaizgaiez betetako autobusek atariko hautsak astintzen zituzten, abiatzeko irrikaz, eta hurrengo egun batean joan behar izan zuen berriro, Doménikos Theotokópoulos epoie” hura ametsetan irakurri zuen edo benetan han idatzita zegoen ziurtatzeko. Eskerrik asko, Manuel, laster ia ehun urte beteko dituen zure aurkikuntzagatik.

Eta zu, irakurle, zoaz margoa ikustera, nahiz eta orain dagoena kopia bat den.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide