299. ‘Munstroek sotana daramate’

Zinemaldian gaude. Hasi da. Marco Bellocchio zinegile italiarrak Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen azken filmak eman dit hizpidea oraingoan. Rapito (Bahiketa) du izenburua. Eruditoarena egiten uzten badit irakurleak, bihotzekoa dut Bellocchio, bihotzak eratzen dituen maitasun lotura harrigarri batzuk tarteko. Leonardo Sciasciaren L’affaire Morok eraman ninduen Bellocchioren Buongiorno, notte ikustera duela 20 urte. Liburu zahar bila ibiltzearen zaletasunak eraman ninduen Locos de desatar filmaren gidoia irakurtzera. Gaixo mentalaren egoerari buruzko diskurtsoa da, teoria espezializatuaren esparrutik kanpo egina; “eroaren” errealitate sozialean eta hura inguratzen duen, baztertzen duen edo esplotatzen duen, aztertzen duen edo modu hipokritan errukitzen duen munduan murgiltzen da filma eta gidoia. Bellocchiok ez zaitu epel uzten inoiz.

Baina utz ditzagun erudizioak. Rapito filmak ekarri gaitu hona. Ikusteko irrikaz nago. Laburpen konbentzionalak honela laburtzen du argumentua: Bolonia. 1858. urtea. Aita Santuaren soldaduak Mortaratarren etxean sartu dira Edgardo zazpi urteko semea bahitzeko. Filmak familiaren borroka jarraitzen du, Eliza Katolikoaren ekintza honen aurrean bere semea berreskuratzen saiatzeko. “Arnasarik ematen ez duen sendotasun eta pultsu narratiboarekin, Bellocchiok Mortara familiak eliza inkisitorial eta fanatiko baten aurka egindako borroka erretratatzen du –dio kritikak–; filmak beldurrak airean mantentzen du ikuslea”.

Eta zein zen ba Mortara delako hori? Edgardo Mortara Bolonian (Italia) bizi zen sei urteko mutiko judu bat zen, 1858an Aita Santuaren agintariek preso hartu eta bahitu zutenean katoliko gisa hezteko. Poliziak Vatikanoko agintarien aginduak zituen Erroman, Pio IX.a aita santuak baimenduta. Elizako funtzionarioei esan zitzaien Mortaratarren neskame katoliko batek Edgardo bataiatu zuela gaixorik zegoen bitartean, bestela hil eta infernura joango zela beldur zelako. Horrela bada, Vatikanoko legearen arabera, Edgardoren bataioak legez kristau bihurtzen zuen, eta juduek ezin zuten seme kristaua hazi, ezta bereak ere. Edgardo katoliko bihurtutakoentzako etxe batera eraman zuten Erroman. Lehenengo asteetan, gainera, gurasoei ez zieten utzi bera bisitatzen, eta, gero ere, inoiz ez bakarrik baizik-eta lekuko katolikoekin. Pio IX.a pertsonalki interesatu zen kasuaz, eta Elizara egindako apelazio guztiak baztertu egin ziren. Elizako agintariek Mortaratarrei esan zieten Edgardo berreskuratuko zutela katolizismora bihurtuz gero, baina haiek uko egin zioten erlijioz aldatzeari.

Edgardo izen faltsuarekin hazi zen austriar komentu batean, eta geroago Poitierseko (Frantzia) monasterio batera joan zen, teologia ikasketak egitera. Pio IX.ak, ordurako zaharra izan arren, ez zuen semea ahaztu. Aldian-aldian idatzi zion Poitierseko apezpikuari, harenganako interesa agertuz eta apaiz ordenatua izatea nahi zuela adieraziz. 1873an, dispentsa berezi baten ondoren –21 urte zituen eta ez zen gutxieneko adinera iristen–, Edgardo Mortara ordenatua izan zen. Aita Santuak gutun bat bidali zion, bere poz handia aldarrikatuz eta bere alde otoitz egiteko eskatuz.

Sei hizkuntzatan predikatzeko gai zen jakintsua. Aita Mortarak, agustindar ordenan sartuta, fede katolikoa zabaltzen eman zuen bizitza, Europa osoan zehar bidaiatuz.

Mortarak, esaten dutenez, erraztasun ikaragarria zuen hizkuntzak ikasteko, eta –hona iritsi nahi nuen–euskarak erakarrita Euskal Herrira etorri zen, zehatzago esateko Oñatira (1884. urte inguruan). Handik aurrera, Euskal-Erria eta beste euskal argitalpenen kolaboratzaile izan zen, euskarazko poesia idatzi zuen, batez ere erlijiosoa, sermoiak eta hainbat lan ere bai, eta Euskararen aldeko deialdia sinatu zuen 1899an. 1911n Liejara (Belgika) joan zen eta bertan hil zen.

Unamunok ematen digu pista Mortara gure herriarekin lotzeko. Contra esto y aquello liburuan (1912) aipatzen du: “Era un genuino israelita y un israelita italiano, vivo y sagaz, ingenioso y emprendedor”. Irakurle finak gogoratuko du Unamuno Zestoara iritsi zela 1889ko uztailaren 31n, ostegun batez, eta abuztuaren 6an, asteartez, irten zela Altzolara. Bada, orduantxe ikusten du Unamunok Mortara Zestoan. Prentsak hala dio: “El veraneo. Toman estas aguas algún General, títulos del Reino, agentes de Bolsa y de negocios, sin que falten hermosas muchachas que son el encanto del establecimiento. Acaba de llegar el famoso dominico Padre Mortara, ahijado de Pío IX(La Época, 1889-07-31).

Eta Unamunok berriz: “Gogoan dut oraindik Zestoako bainuetxean bere Ordena –San Agustinen kalonje erregularrena– Oñatin altxatzen ari zen Seminariorako dirua biltzen ari zenean. Dohaintza-emaile bakoitza harri baten edo gehiagoren edo, dohaintzaren arabera, harri erdiaren jabe izango zen, eta jabetza horrek hainbeste denboran meza bat emateko eskubidea ematen zion”. (Todavía me acuerdo cuando en el balneario de Cestona recogía dinero para un Seminario que su Orden —la de canónigos regulares de san Agustín— estaba levantando en Oñate. Cada donante sería dueño de una piedra o de más, o de media piedra del edificio, según el donativo, y esa propiedad le daba derecho a la intención de una misa a cada tanto tiempo).

Tira, ez gaitezen anekdota hutsean erori ordea. Bellocchiok ekarri gaitu hona, eta arnasarik ematen ez duen sendotasun eta pultsu narratiboarekin erretratatzen du Bellocchiok Mortara familiak eliza inkisitorial eta fanatiko baten aurka egindako borroka. Fedearen izenean ume baten bizitza eta bere ingurukoena suntsitu zuen eliza baten aurkako borroka. “Amesgaizto beldurgarria, non munstroek sotana daramaten”, zine-kritikari batek dioen bezala (Elsa Fernández-Santos, El País, 2023-05-25).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide