318. Baserriko ume bat

Ustekabe atsegina pasa den ostiralean Potxoloneko erakusleihoan ikusi nuenean Memorias de un niño de caserío. Ustekabea, ez bainuen liburuaren inongo berririk. Gero ikusi nuen periodikuak egin ziola elkarrizketa, liburua argitaratu zenean, baina orain periodikua erosi egin behar da edo harpideduna izan, eta hori ez, badira merkatuan nahiago ditudan beste batzuk.

Bada, Memorias de un niño de caserío. Ume hori Jesus Egiguren dugu, Aizarnako rara avis zorionekoa. Agian berak esango du rara avis beste asko ere izan zitezkeela, Don Pepe, Egaña edo Amilibia, esaterako, baina horiek aizarnarrak kontsidera daitezkeen arren, ez ziren han jaioak eta Jesus bai; horregatik da niretzat benetako rara avis aizarnarra.

Hasieran plano samarra, arrunt samarra iruditu zait liburua, baina aurrera zoazen heinean bete-betean sartzen zara eta ezin gelditu, harik eta bukatu arte. (Excursus. Arrazoi zuen Azorinek: “Estiloa horixe da; estiloa ez da ezer. Estiloa da halako modu batean idaztea, non irakurtzen duenak pentsa dezan: Hau ez da ezer. Hori nik egiten dut. Eta, hala ere, ezin duela hori hain erraz egin – hala uste duenak –; eta ezer ez den hori izan dadila zailena, neketsuena, konplexuena”. Un pueblecito: Riofrío de Ávila).

Tira, ez da Chateaubriand, Stendhal, Pla edo Baroja –ezta hori ere egilearen helburua– baina badauka azken horren antza. Ikusten da bere kutunetako bat dela Pio Baroja. Esaldi laburrak, sakonegiak ez, batzuetan esaldiak zaplazteko gisa, dena zirriborro bat balitz bezala. Esamolde hau, adibidez, oso Barojarena da: “Estupideces, o dejémoslo en tonterías, se han dicho y hecho a cuenta del euskera”; edo beste hau: “El español José de Echegaray fue premio Nobel de Literatura, no conozco a nadie que lo haya leido”. Zirriborroa aipatu dugu, baina zer da, ba, gure oroitzapena zirriborro bat baino, ganbarilla zaharretan aurkitzen dugun mundu desordenatu bat baino?

Gauza batzuk, oroitzapen batzuk badaude, guri, baserrian bizi garenoi eta inguru hura ezagutzen dugunoi ezagunegiak egiten zaizkigunak, baina beste pasarte batzuk oso mamitsuak eta iradokitzaileak iruditu zaizkit. Niri, batez ere, erditik aurrerakoak gustatu zaizkit gehien, ikasketak, batxiler garaiak, Pariseko bizipenak, Zuzenbide ikasketak, politikari hastapenak… Pasarte batzuk oso hunkigarriak dira, amari buruzkoak, esaterako.

Liburuak sei atal ditu, eta atalak zerrendatzearekin liburuaren mapa orokor bat egin dezakegu: Aizarna, la escuela; La vida en el caserío; Instituto; Los primeros años 70; A la aventura eta Donostia, Derecho, eta denen aurretik Felipe Juaristi azkoitiarraren hitzaurrea. Gero, atal bakoitza pasarte edo izenburu mordoxkatan dago banatua, eta horrek azkarragoa eta erosoagoa egiten du irakurketa (eta behin dena irakurri ondoren, pasarte batzuk berriro irakurri nahi badituzu, haiek aurkitzeko ere bai). Luzea da jorratzen dituen gai denak zerrendatzea baina hor daude, besteak beste, garai bateko Aizarna, familia, baserriko bizimodua, Ertxiñako meategiak, Don Pepe, Azpeitia, irakaskuntza, Loiolako Ignazio, Pio Baroja, Amerikanua, Uztapide, uholdeak, nik ere hain gogokoa dudan Grezia klasikoa, apostasia, Etumeta, Granada, erlijioa, euskara, Paris… labur esanda, ume eta gaztetako mundu oso bat.

Hari edo elementu horiek denek Egigurenen izaera eraikitzen eta ezagutzen laguntzen digute. Alde batetik, Egiguren aizarnar arrunta legoke, baserrikoa, txori-habi bilatzailea, azokara amari laguntzera joaten dena, mendizalea, amuarrainak harrapatzen dakiena… tira, orduko gizartearen ale arrunta.

Baina bestetik legoke, ordea, Aizarnako Arkadia hartan beste ikuspuntu batzuei begiratzen dion Egiguren bat: nekazari giro arkadikoan meategiak aipatzen dituena (Aizarnak, Nerbioi ibaiaren lez, ezkerralde bat balu bezala), Aizarna santujale hartan Don Pepe edo liberal gorenenak txertatzen dituena, Egiguren irakurlea, karlista eta abertzaleen feudo “itogarrian” desberdin pentsatzen duen pertsona, Paris edo Geneva “amets” dituena… Gutxi izango dira baserri giroan honako perla bat bota dezaketenak: “Recuerdo que mientras cuidaba las vacas en el campo leía a Dostoyevski” (neuk ere, ondo gogoan daukat, ardi zain nenbilela irakurri nuen lehenengo aldiz Camusen La peste).

Tira, gaur egun hainbeste aldiz esaten den bezala, Aizarnako mundu txikitik unibertsalera begiratzen duen pertsona ageri da liburuan, hori bai, biak bat eginak Bitasun Santua bailitzan, batengatik besteari uko egin gabe.

Beste behin ere, bere izpiritu malenkoniatsua aipatzen du, baita nolabaiteko depresiorako joera ere (“creo que tenía momentos de depresión”). Duela dozena bat urte inguru egin zuten “Memorias de un conspirador” dokumentala etorri zait burura. Hari buruz ari nintzela, esaten nuen oso itxura melankoliatsua hartu niola Aginagako semeari. Han, Batasunako eta ETAko kideekin izandako isilpeko elkarrizketak kontatzen ditu, eta esaten du: “Honetan hasi nintzenean, banekien gaizki bukatuko nuela”. Izan ere, Konspiratzaileen patua omen da inork ez ulertzea, ezta gertukoenek ere. Zer pentsatua eman zidan.

Horri bueltaka ari naizela, eta Egigurenek liburuan aipatzen duen Grezia klasikoa oinarri hartuta, Kasandra ere etorri zait burura, Troiako Priamo erregearen eta Hekuba erreginaren alaba: Kasandrari etorkizuna iragartzeko dohaina edo gaitasuna eman zion Apolo jainkoak, baina inork ez zizkion inoiz sinetsiko iragarpenak. Rara avis-en patua ote, gaztelerazko “nadie es profeta en su tierra” hori ote?.

Bukatze aldera, erraz irakurtzen den liburua da, oso atsegina eta erritmo onekoa (Aginagatik Zestoara joatea bezala, galtzadatik barrena, patxada-patxadan), eta gai interesgarri ugari jorratzen dituena. Gomendagarria benetan. Potxolonean duzue salgai.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide