319. Udatiar haien idatzizko sorkuntzak

Madrilen ohiko esperientzia –zein modan dagoen gaur egun hitz hori!– turistikoa egiten duzunean, guztiz oharkabean pasatzen den tokia da Cerralbo museoa. Plaza de España, Debod tenplua edo Errege jauregitik oso hurbil dado. Nik, nolanahi ere, Renoir zinemarekin lotzen dut gehiago. Han inguruan nenbilela, pelikularako ordua iritsi zain, denbora pasa, egin ohi izan ditudan paseotxo horietan, maiz hurbildu izan naiz Cerralbora. Ez dut, ordea, inoiz bisitatu eta benetan merezi duela uste dut.

Eraikina, XIX. mende amaieratik XX. mendearen hasierara, Cerralboko markesaren eta bere familiaren jauregia izan zen, eta gaur egun museo bihurtua dago. Hango gelak eta bildumak erakusten dira, eta egoitza aristokratiko batean nola bizi zen jakin dezakegu. Askotariko bildumak ditu: lanparak, ispiluak, armak, ehunak, koadroak, portzelanazko objektuak, altzariak, pieza arkeologikoak, etab.

Cerralbo markesa, hau da, Enrique de Aguilera y Gamboa (1845-1922) pertsonaia polifazetikoa izan zen: politikari, bildumagile, historialari eta Estatuko arkeologiaren aitzindari. Karlista porrokatua, Don Carlosen ordezkari izan zen Espainian XIX. mendearen bukaeran.

Hori guztia hona ekarri dut museo horrek bere agiri bilduma ikusgai jarri duelako Europeana web gune aberatsean. Eta ez da bakarra, Sorolla museoak ere jarri baititu hainbat gauza eder web gune horretan. Sorollak (1863-1923) ez du aurkezpen berezirik behar. Pintore eta artista grafiko oso emankorra, bere lanen ezaugarri nagusia argia erabiltzeko trebetasuna zen, Mediterraneoko atmosferan bereziki. Zarautz aldea ere ezaguna zuen margolariak, eta baditu niri ikaragarri gustatzen zaizkidan sagardotegi giroko margolan malenkoniatsu eder askoak.

Europeana web gune horretan, Cerralbo markesa eta Sorollaz gain, Amalio Gimeno eta emaztea ere protagonista ditugu. Amalio Gimeno (1852-1936) aski ezaguna da Aztarka hauetan eta gogoratuko dut bakarrik bainuetxeko mediku-zuzendari izan zela urte askotan (ministro izateaz gain). Cerralbok eta Gimeno senar-emazteek bainuetxetik idazten dute. Sorollak, edo hobeto esanda, bere emazte Clotildek Madrildik. Guri atentzioa eman diguten agiriak postal batzuk dira, txartelen bat eta bizpahiru gutun labur. Denera dozena erdi pasatxo paper.

Has gaitezen. Gimenok adiskidetasun handia zuen Sorollarekin, eta 1919an erretratua ere egin zion margolariak ministroari (Valentziako Arte Ederren museoa). Kontua da Sorollak, 1920ko ekainaren 17an, bere etxeko lorategian pintatzen ari zela, hemiplegia jasan zuela, eta gorputzaren ezkerraldea erabat paralizatua geratu zitzaiola. Hori zela eta, Gimenok gutuna bidaltzen dio Bainuetxetik uztailaren 10eko datarekin: “Joaquin lagun maitea: zer moduz zaude? Zure berriak jakin nahi ditugu. Esan Clotilderi [Clotilde Sorollaren emaztea da] edo zureetako edozeini lau letra jartzeko, nola jarraitzen duzun esanez. Ondo iritsi gara hona eta tenperatura goxoaz gozatzen ari gara. Ea laster sendatzen zaren eta lurralde hauetara zatozten. Ez nazazu berririk gabe eduki. Badakizu maite zaitugula. Besarkatu egiten zaitu eta guztiok agurtzen zaituzte zure lagun Amaliok”.

Handik gutxira, jaso zuen nonbait erantzuna, eta honela zioen Gimenok: “Clotilde lagun maitea: asko pozten gaituzte Joaquinen osasunaz ematen dizkiguzun berriek. Ikusiko duzue nola sendatzen den, astiro bada ere. Nik arren eskatzen dizut ez uzteko guri idazteari (…) gaixoaren egoeraren berri emanez eta batez ere Donostiara zein egunetan irteten zareten adieraziz. Zeuk ezin baduzu [idatzi] enkargatu zureetako edozeini ()”.

Handik hiru urtera (1923) zendu zen margolaria, eta orduan ere Zestoan harrapatzen ditu albisteak Gimeno senar-emazteak. Oraingoan emazteak idazten du: “Clotilde adiskide maitea: Sentitzen duzuen pena izugarriarekin bat egiten dut. Hain maitea duzun senarraren eta aitaren galeragatik. Asko sentitu dugu Amaliok eta biok. Asteazkenean, hilaren 29an, Parisera eta Genevara irteten gara. Madrilera itzultzean, hilabete barru, bisitatuko zaituztegu. Bitartean, denontzako oroitzapenak eta besarkada Concha Gimeno lagun onak”.

Gutun horien bueltan ezin galderak egiteari utzi: Sorolla Donostia aldean, Zarautzen… ibilia izaki, eta Gimenoren laguna izaki, ezagutzen ote zuen Zestoa? Atera ote zituen pinturak eta ba ote da gure bazterren bat bere bi milatik gora margolanetan? Bihotza borborka jartzen zait.

Sorolla eta Gimenoren arteko gutun trukaketa 20ko hamarkada hasierakoa da, zertxobait lehenagokoa Cerralbok gure herrian udaldia/k pasa zuenekoa/zituenekoa.

Cerralboren ideologia politikoak –karlista handia zela esan dugu– gure Baroja ekarri dit gogora eta bainuetxeko giro itogarria: “No solía ir al balneario casi nunca. Los dueños eran carlistas. El otro médico también lo era, y estaba en los baños durante el verano casi siempre. No me era simpático aquel ambiente, y contribuyó a aumentar mi antipatía un encuentro poco cordial que tuve con el padre Coloma. Diaz, el médico, me presentó al padre jesuita, con unos elogios un poco irónicos sobre mi carácter arisco y poco social y mis ideas levantiscas (…)”.

Bada giro hartan, eroso demonio dabil Bainuetxean Enrique de Aguilera y Gamboa, Cerralbo-ko XVII. markesa. Postal bat baino gehiago bidaltzen dizkiote Zestoara. Esate baterako, Hauser y Menet etxeko postal bat Donostiako Kontxa ageri dena: “Henrike, oso maitea: Ederki iritsi gara Jainkoari eskerrak; maitekiro gogoratzen zaitugu, osasunez ondo izango zarela desiratuz, Ama Birjinari eskatzen diodan bezala. Jaso nuen zure telegrama. Agur bero bat denoi, eta zuri maitasun handienarekin”. Atzean, “Espagne / Guipúzcoa / Exmo. Sr. Marqués de Cerralgo / Cestona”.

Beste postal batean (Lourdesko basilika, plaza eta santutegia) zortzi lerroko testua: “Henrike maitea, ni Zestoara berandu iritsiko banintz, ez zaitez nire bila joan, lurralde honetan hotz egiten baitu beti, eta, beraz, zentzugabekeria litzateke zesta delakoaren ordez lando-aren alde egitea, gau eder bat egiten ez badu behintzat. Maitasunez gogoratzen zaitu, Ameliak. [Queridísimo Enrique: si llegase yo a Cestona tarde no vayas a buscame no te enfríes, pues en este país de noche hace siempre frío por lo que sería imprudente fuese un lando en vez de cesto a no ser que haga una hermosa noche. Te recuerda con el mayor cariño, Amelia].

Delako Amelia hori, baliteke, museoko web guneak dioenez, Amelia del Valle y Serrano (1850-1927) izatea, alegia, Villa-Huertako markesa.

Garai bateko karrosa motak ezagutzen ez ditugunontzat, Errege-akademiaren Hiztegiaren arabera, landoa lau gurpileko autoa da, zaldiek tiratua, aurreko eta atzeko longainekin, agerian edo itxita erabili ahal izateko. Saskia, berriz, lau eserlekuko zalgurdia, zumezko kutxa duena, toldo batez estalia eta gortina tolesgarriz hornitua.

Tira, mundu bat dago postal eta gutun horien atzean. Askotan esan ohi dugun bezala, milaka udatiar biltzen zituen Zestoak, batzuk goren-goren mailakoak, besteak xumeagoak. Eta hemendik milaka eta milaka elkartruke gertatzen ziren. Har dezagun kontuan, pixka bat imajinatzeko, bost-sei mila bat pertsona etortzen zirela uda pasatzera Zestoara, eta bakoitzak gutxienez hamar bat postal edo bestelako txartel bidaltzen zituela. Bada, 50.000 postal urtean ateratzen dira, eta 25 bat urte oparoenak hartzen baditugu, milioi eta laurden postal edo gainerako txartel. Egia da asko testurik gabe bidaltzen zirela, alegia, helbidearekin bakarrik, baina halako erdiak izanez gero ere milioi erdi testu. Erraz esaten da. Zenbat ideia hor tartean, zenbat herriaren deskripzio, zenbat aipamen tenperatura freskoarenak, zenbat betiko esamolde, zenbat osasun galdera, zenbat ibilaldiren berri… Eta zenbat pertsona jasotzaile, zenbat klase sozial, zenbat pentsaera…

Altxor ikaragarria, zalantzarik gabe. Orain ez dugu ia postalik edo gutunik bidaltzen; whatsapp negargarri horrek hartu du dena. Zer geratuko da euskarri digital horietan sortutakotik? Auskalo. Bien bitartean, Cerralbo, Sorolla, Gimeno eta beste udatiar soilago haien txartelak eta idatzitxoak irakurtzen egundoko plazera sentituko dugu. Nik behintzat bai.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide