320. Katebegia

Internet eta sare sozialak auzitan eta tekno-oligarken mende dauden honetan (Sanchez eta neu manoymano…?) lore eder batzuk aurkitu ditut sarean, eta berriro Aztarka arrankatzeko inspirazioa eman didate.

Honako hau Arabako Artxiboak sustatutako Photo Araba web gunean aurkitutakoa da. Txikian ikusita ez du gauza handia ematen baina handituz gero (argazkian sakatzea nahikoa duzu, irakurle) bikaina da.

Photo Araba. Argazkiaren identifikazioa: ES.01059.ATHA.IHO.DI.11279. Signatura: ATHA-IHO-DI-11279. Ekoizlea: LÓPEZ DE GUEREÑU IHOLDI. Titulua: Gipuzkoako mendiak: Zestoa. Data: 1961-09-19

Gerardo López de Guereñu Iholdik ateratako Akoako argazki eder bat dugu aurrean. Aita, Gerardo López de Guereñu Galarraga (Gasteiz, 1904-1992) etnografiaren aitzindarietako bat izan zen Araban, eta argazkilari amateur gisa, inork ez bezala erretratatu zituen Arabako landa-mundua, bertako paisaia, biztanleak eta folklorea. Haren semea dugu Gereñu Iholdi (1928-1989) eta, aitaren babesean, bera ere argazkilari bikaina bilakatu zen. Euskal Herrian ez ezik inguruetako bazter askotan ere ibili zen eta, horrez gain, Pirinioetako eta Europako mendietako gailur altuenetako mendizale eta eskalatzaile garrantzitsua izan zen.

Ikusten denez, gure txoko maitean ere ibili zen, eta Akoako zein Aizarnako dozena bat argazki badaude aipatu Photo Araba horretan.

Begiratu diezaiogun pixka bat. Agiro, Sesiarte eta mendi multzoa daukagu argazkiaren atze aldean. Akoako begiradek ohiko helburu dute mendi multzo hori; edo Izarraitz dotorea; baita, Etxiña eta Endoia ere, xumeagoak baina ez ahaztuagoak. Diren baino handiagoak dirudite Itziarko malkar horiek. Urruti geratzen ziren, oso, gure “lurraldetik” gu umean ginenean, iritsi ezinezko mendi sakratuak bailiran. Gazte denboran miatu genituen, eta oso maitatuak bihurtu ziren hango sakonak (Sagarretakoa…), hango elur-zuloak eta hango bazter atseginak.

Atzeko mendi multzoaren aurrean baserriak zabaltzen dira bazter guztietara (“bere etxe zuriak pinpirin erakutsiz” Barojak zioen bezala). Etorra, Lili aldea eta Akoa. Bakea nabari da gure bailaran, “zortzi ahotako pa gozo” horretan (Jokin Otaegi). Garbi-garbi dago zerua, gorenean dago eguzkia, ematen du ez dela ezer gertatzen ari argazkian, mundua geratu egin dela.

Baina ez da egia, mundua ez da geratu –oraintxe ikusiko dugu ezetz– eta bistakoa da orduko Akoatik oraingora sekulako jauzia gertatu dela. Saka iezaiozu, irakurle, argazkiari eta goazen Akoa hobeto ikuskatzera. Ezer baino lehen, argazkia 1961eko irailaren 16an aterea da.

Geuretik hasteko, Aurrekoetxe atzean harrobitxo bat nabarmentzen da: Igartza alderako bide berria ari dira egiten. Lehen, bidea goragotik zen: harrobitxoa pasata, ikusten da eskuinera, gora, egiten duela bideak; bada, hortik, goragorik alegia, zihoan bidea argazkian ikusten denaren paralelo. Paraje horiei Mandulai deitzen diegu guk, eta Mainduradi 1479ko agirietan.

Harrobiaren goi aldean beste xehetasun bat ere ageri zaigu: hor errenkadatan landatuta pinua ageri da. Aditzera dut 50eko hamarkada hasieran landatu zirela pinuak Akoan, eta 1953an, artean landare txikiak izan, eta guztiz erreta geratu zirela izoztearen ondorioz. Gero landatutakoak behar dute argazkiko horiek. Pinuz landatutako sailen ondoan betiko paisaia ikus daiteke: haritz edo gaztaina basoak.

Badira xehetasun gehiago ere: esate baterako, Aurrekoetxetik Arretxerako oraingo bidea artean egiteke zegoen. Aurrekoetxetik Goikoetxera eta handik Arretxera zen bide historikoa. Horrelako gauza asko egongo dira argazkian beste baserriei dagokionez ere –lastima, Zubegoena falta– baina niri gure ingurukoak bakarrik datozkit burura.

Teilatuei erreparatuz gero ere, oso bestelakoak ziren orduan. Kolore irregularra dute, teilak antzinako erara eginak direlako batez ere. Eta teilatu ertzetan, harri zerrenda daukate alde guztietan, haize-erasoek ez kaltetzeko.

Orokorrean, baserri tradizionalaren aztarna guztiak ikus daitezke hemen, alegia, XVIII. mendetik 1970eko hamarkadara arte iraun zuen baserriarenak. Baserria, eta bertan, elkarbizitzan pertsonak eta abereak. Elkarbizitzan diot, baserrira sartu eta logelen eta sukaldearen ondo-ondoan zeuden-eta behien tresabiak, ia-ia logelan zeuden, zabalduta, belarrak, arbiak, ganadu-jatekoak… Argazki honetan ez dira ageri, gerora baserri gehienetan eraiki diren pabiloiak.

Dozena bat ganadu, ardi mordoxka bat, eta astoa eta idi parea edo behiak lanerako, oilo batzuk eta gutxi gehiago, ziren orduan baserri bakoitzean. Eta laborantza ere jakinekoa: artoa eta baba, arbia edo erremolatxa, garia (garai hartan artean egingo zen, soro gorri horiek hala adierazten dute nire ustez)…  Sagar-arbolak ere orain baino askoz ugariagoak ziren Akoan. Gero, garrantzia handia zuen basoak (haritza, gaztaina…) eta garamanak ere bai.

Argazki osoa –eta baserria, jakina– aldatuko zen, 1970eko hamarkada aldera, ustiapen produktiboagoak lortu asmoz. Garia alde batera utzi eta belardiek hartu zuten protagonismoa, esne-behietan eta haragitako txahaletan ikusi zen-eta etorkizuna. Jakina, ganadua ugaltzeak belardi gehiago (belarra) eta soro gehiago (arbia, erremolatxa, alpapa…) eskatzen zuen eta baserrietako lursailen itxura aldatzen joan zen, soroak gero eta protagonismo gutxiago hartuz. Orain, berriz, sororik ez da ia egiten, artoa eta baba ez bada.

* * *

Argazkian, erraz irudika dezaket gure aita hilberria, artean 28 urte bete gabe. Erraz irudika dezaket (argazki hau baino urte gutxi lehenago) bere aitona Jose Angelekin, mendian ote-belarra ebakitzen, hanka-hutsik. Han jardungo zuten goizetik iluntzera. Eguerdi aldera norbaitek emango zien mendira arrantxoa eta han pasa beharko zuten eguna. Erraz irudika dezaket, hor argazkian ageri den zelai berde horietako batean, ganadu-jatekoa egiten edo belarra ontzen (beste inori ezer kendu gabe, segan bikaina zen, ba, gure aita!). Edo imajina dezaket soroa ereiten, edo sagar biltzen, edo aipatu dugun bide berria egiten auzolanean… Aita eta etxekoak, jakina, nola gizonak hala emakumeak (nire hitzek baino biziago azaltzen du orduko emakumeen bizimodua Onintza Enbeitak eta “Bizitza baten txatalak” liburu zoragarriak).

Antonio Iriondo, Bekola, hil zenean (2027) idatzi nuen urtez urte eta gizaldiz gizaldi transmititu direla lursailen izenak, lurra lantzeko teknikak, egurrak mozteko sasoi egokienak… Baserriko jakintza guztia horrela erakutsi dela, mendeetan eten ez den kate bat balitz bezala. Eta litekeena dela –esaten nuen– hemendik gutxira, gure gurasoekin batera, kate hori betirako etetea. Horregatik, 1961eko argazki horretan lanean ibili zirenak mundu honetatik joan ahala mundu baten akabera sumatzen joango gara.

Hemen aita etorri zait gogora, argazkian zehar ibilaldia egiteko, baina ez nuke harrokerietan edo handiusteetan erori nahi. Aita ez zen besteengandik apartekoa. Orduko beste edozein akoatar ekar nezakeen hona, esate baterako Arretxeko Antonio, auzorik hurbilena aipatzearren, baina baita beste asko ere. Ez naiz ausartuko banan-bana aipatzen denak, baten bat nahi gabe kanpoan uzteko beldurrez. Haiek denek, bere ahaleginarekin, eman zieten itxura hori argazkiari, eta haien izerdiei esker guk esne-mamitan bizitzeko zortea izan dugu. Haiei guztiei eskaini nahi diet Aztarka xume hau.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide