321. Solasaldia eta gakoak
Danbolin— 2026-03-02Aurreko Aztarkan Photo Araba eta Akoa izan nituen hizpide, eta oraingoan ez dut altxor txikiagoarekin egin topo. Naiz hedabide digitalean jaso nuen berria: Argiak Argia Fototeka jarri du martxan, 100.000 argazki baino gehiagorekin, eta sortzaileek diotenez, “tamaina eta izaera horretako eduki libreko Euskal Herriko irudi-banku handiena da, eta munduko handienetako bat”.
Argazkien artean –Naizen albistea ari naiz jarraitzen– 1970eko eta 1980ko hamarkadakoak nabarmendu dituzte: euskalgintzako mugimendua, bertso jaialdiak, protesta ekosozialak, atentatuak, errefuxiatuen aldeko manifestazioak… Milaka argazki dira, asko sinadurarik gabeak, Argiako erredakzioko kazetariek edo garai hartako kolaboratzaileek eginak. Baina gaur arteko gertakarien beste milaka argazki ere badaude Fototekan: M8ko mobilizazioak, Lizarra-Garaziko Akordioa, grebak, herri harresiak edo errausketaren aurkako protestak, batzuk aipatzearren. Eta horrez gain, musika, kultura zein politikako pertsonaia ezagunei egindako ehunka elkarrizketetako argazkiak daude eskuragarri. Sekulakoa, beraz.
Albistea irakurri dudanerako, hor hasi naiz aztarrika gure herriari buruzko zer perla ote dauden, eta ez naiz esku hutsik bueltatu. Batzuk bakarrik aipatzearren, hor daude “Elkartasun feministaren” aurkako epaiketa, Amillubi proiektua (argazki mordo bat), Malen etxea, UEMA udalekuak Sastarrainen, Peter Fink (Osinbeltz proiektua), Nora Palmitano, Adar bakar fin laburraren grabaketa (Koldo Almandoz), eta, denboran atzera goazen heinean, Zinema Topaketak eta Xabier Unanue, Aizarnako ganaduzale kooperatiba…
Hori dena “Zestoa” hitza sartuta, baina beste hitz batzuekin ere aurki daitezke argazki gehiago: esate baterako, “Zestoa”-ren ordez “Cestona” jarriz gero, Jose Antonio Zestona ageri zaigu, gazte askoa, ELAn zebilenekoa. Eta “Mikel Atxaga” jarriz gero, argazki zoragarri hau bistaratuko zaizu, irakurle, eta honexek eman dit afizionatu mailako argazki iruzkin hau egiteko.
Esan beharrik ez dago Aizarnan gaudela, eta esan beharrik ez dago beste garai bateko Aizarna dela. Hor ageri den apaiza Atxaga dugu eta, beraz, 1958ko abuztua eta 1969 artean aterea izan behar du argazkia.
Eszenografia ezaguna da: Errementari etxea, artean guztiz zutik (1970eko hamarkadan galdu zuen teilatua), eliza, Elizalde, Partxuelkoa eta maisukoa. Protagonistek, berriz, zer aletua eman dezakete baina ez dut ikerketarik egin. Hor daude, apaiza –aktore printzipala–, baserritar bikotea, eta genero-pinturak behar duen bezala, astoa eta txakurtxoa. Ez dakienarentzat, genero-pintura edo kostunbrismoa deituriko estilo artistikoak eguneroko bizitzako eszenak erretratatzen ditu, pertsona arrunten une arruntak atzemanez.
Apaiza Don Miel Atxaga. Mikel deitzea geroagoko kontua da. Don Miel, leon-kastillo, bi aldetako txanpona. Don Miel tradizionala, Elizaren baloreen defendatzailea, herritarrak kontrolatzeko eta mendean edukitzeko orduko sistemaren engranajea (konfesioa, “kale espioitza”…)… Eta Don Miel aurrerakoia, aspaldiko batean Aztarka hauetara ekarri genuena: ekintzailea (ukuiluak berritu behar baziren, goldaketan egin, belarra bildu… “Traktoreko txofer ona nintzen ni” esan zion Elixabete Garmendiari), politikoa (“nik orduan ETAko bi neuzkan etxean gordeta, neska-mutilak”), euskara eta euskal kulturaren militantea…
Tira, bada gure apaiza hortxe daukagu, sotana beltza jantzita, behar den bezala (comme il faut, esango lukete ilustratuek). Behatzen posturagatik tiroa botatzera doala dirudi, baina zigarroa du eskuan. Hizketan ari da, eta, dirudienez, zerbait alaia ari dira kontatzen. Errepara diezaiogun orain gurdian doazenei. Argazkilariak nahi izan du senarra edo gizonezkoa lurrera edo bestaldera begira harrapatzea elkarrizketatik kanpo balego bezala. Agian, bera ere hizketaldi ederrean parte hartzen ari zen baina, kontuak kontu, une zehatz horretan, argazkilariak jokoz kanpo harrapatu du. Jesusen jaiotza irudikatzen duten margolanetan bezala; haietan, San Jose beti lozorroan edo bestaldera begira ageri da, hark jaiotzarekin zerikusirik ez zuela izan irudikatzeko.
Bada, horixe: hemen ere elkarrizketa apaiza eta emakumearen artekoa da, eta, esan dugun bezala, alaia irribarretsua, ikuslea kutsatzeko modukoa. Eta arratsalde ederra izan arren, ez dira ari eguraldi ederraz hitz egiten, ez dira ari gauza zirkunstantzial bati buruz hitz egiten, baina ezta ere emakumea lotsatuta geratzeko pasadizo bati buruz. Zerbait dago gizonaren arreta bereganatzen ez duena baina beste biak irribarre sano eta armonia ederrean jarri dituena.
Zertaz ari dira hitz egiten? Horixe da argazkiaren gakoa. Argazki ederra da, ondo aterea dago, Aizarna polita baina politagoa ageri da, baina gauza horietan ez dago argazkiaren gakoa. Hemen gai nagusia da, zertaz ari ote diren hitz egiten emakumeak alaitasun aurpegi hori edukitzeko.
Gainerakoa, lehen aipatu ditugun etxeak eta hori dena (eszenografia) eta lehen planoan ageri diren asto, txakur eta abarrak betegarri hutsak dira, hori bai, gai nagusiari –Don Miel eta emakumearen arteko broma giroko elkarrizketari– gozotasun ikaragarria ematen dioten betegarriak.
Hurrengo baterako utziko ditugu gurdiaren itxura, autoen gurpilak aprobetxatzeak ekarri zuen erosotasuna, nola mozten zitzaien ilea astoei, erditik behera, txakurraren ezinbesteko konpainia baserrietan…
Orain bakarrik faltako litzaiguke jakitea zein ote den bikote hori (ezta urrutikoa izango: Askatzu, Etxegarai…) eta ea gogoratzen ote diren zein ote zen halako irribarre ederra eragin zuen hizketa-gaia. Bitartean, gozatu argazkiaz, irakurle.
Egin zaitez bazkide
