324. Ezberdintasunean apain eta nortasunean jator

Ondo eta eroso bizi denaren itxuran ikusi genuen Don Migel Atxaga, Aizarnako atarian, aurreko “Aztarka” batean. Harrezkero, ikerketan ere jarri nuen jendea, eta eskerrik asko eman beharrean nago Maripaz Ugarteri. Berak, lagun arteko tertulia bat zuela tarteko, ekarri zizkidan albiste interesgarri askoak: apaizarekin hain irribarretsu hizketan dabilena Askatzuko Maria Angeles [Irureta] izan behar du. Mula ere, hangoxea omen. Morroia, berriz, Auxtin [Arruti].

Bada, tira, artikulu xume hartan Don Migeli buruz aipatu genituen ezaugarriei bat gehitu nahi behar zaio: herriaren behatzaile ona eta auzo baztertuen egoerarekiko sentikorra.

“Zeruko Argia”-k, 1969ko irailaren 7an, herriko establezimendu frankok jarritako publizitatearekin batera, bost orrialde bete-beteak eskaini zizkion gure herriari. Eusko sinadurarekin, baten batek “Festak” izeneko testua idatzi zuen. Beste batek “Gaixtakerizko pentsakizunak”. Juan Erentxunek eta Jose Maria Zunzunegik historiara jo zuten: “Zestuako jaun aundizkiak” batek, “Orduan ere…” besteak. Bikarioak “Sendotze ta berritzea gure elizan” idatzi zuen (“Eliz bizian ala arrizko etxeak degu hori”, galdetzen du). Sagarzazu’tar Josebak, berriz, “Gurasoek dute eskubidea” izenburua eman zion bere hausnarketari: “Zestua’n gazteak euskera gero ta gutxiago mintzatzen dute; len neskak zidan eta orain mutikoak dira.  Euskal-ikastolan dabiltzenetatik kanpora ia ez du iñork kaleetan euskerarik erabiltzen” (Tira, gaur egungo egoera ikusi izan balu…). Eta, azkenik, Migel Atxagak hemen xehatuko dugun “Zestua ta bere auzoak” idatzi zuen.

“Auzo” hitza aukeratzeak berak, beste ezer baino lehen, oharra jartzera darama Atxaga: “Araba’ko euskaldun bakarren omenez artu det “auzo” itza. Erderazko ‘barrio’ adierazteko erabiltzen bai dute. ‘Erria ta auzoak’ gai au aztertzerakoan ez da errez neurtzen”. Baina, herria eta auzoekin kezkaturik dabiltzan kaleko bere lagun batzuk gaia astintzeko eskatu diote, nonbait, Atxagari, eta animatu egin da.

Xuabe-xuabe hasten du artikulua, auzoen zerrenda eginez. “Baña gaur ditun Auzoetan nortasunik geiena dutenak, Aizarna ta Arrua diranik ezin ukatu. Erri-itxura aundiena dutenak, elizaz ere beren buruen jabe bai dira”. Gero, historia pixka bat egiten digu (“Aizarna gañera gaurko Zestua’ren ama izan zen garai batean”) herriaren sorrera azalduz, eta Aizarnaren independentzia ahalegin eta emaitzak azalduz.

Eta giro horretan doa mamira: “Giro ontan noa aztertzera azkeneko urte auetako erri-gizonen jokabideak. Baliteke, beraz, gogortxo mintzatzea”. Eta, brast, botatzen du ordagoa: “Gutxi begiratuak eta zaituak izan direla uste det Auzo auek. Ta baztarra baztartu [egin] oi da. Baztarra txukuntzea beti azkenerako utzi oi baida”. Berehala datorkigu burura egun hauetan hainbeste aipatu izan den Estatu Batuen “atzeko patioa”, alegia, Latinoamerika eta haiekiko jokabidea.

Lehenengo kolpe garbiaren ondoren datoz adibideak, eta lehenengoa argindarra da. 60ko hamarkadan, Lasaoko azpiestazio elektrikoa jarri zuen martxan Iberduerok (gaur egun Iberdrola) eta gure herrira ez ezik, ingurukoetara ere zabaltzen hasi zen. Bi esalditan azaltzen du Atxagak: “Nola-alako argiak euki izan ditugu. ‘Iberduero’ sartu zan garaian Zestua’ko kale-muñoari bakarrik begiratu zitzaion. Auzoak len bezelaxe gelditu ziren”.

Ur-kontuak ere beste horrenbeste. Egian esan behar bada, Iraeta eta Arroa aldera herriko ura eramateko ahaleginak egin ziren 1950eko hamarkadan, baina Aizarnako egoera bestelakoa zen: “Urik gabe berealaxe gelditu oi gera legorte pixka batek jotzen bagaitu. Urtea joan eta urtea etorri, urik ezaren pesta ezagutu det udaraldian”.

Gero, berriz, eskola du hizpide: “Iraeta ta Santa Engrazia ballarak sasi-eskola batzukin bakarrik egon dira igaz arte. Ta erri-eskolei ere laguntza gutxi eskeiñi izan zaie” (kontuan izan 1969an gaudela).

Azkenerako uzten du garai hartan –edo zertxobait lehenago abiatu zen– “inbentua”, artean gure inguruan gutxi zabaldua zegoena baina dirudunen etxeetan, parrokia edo eliz-zentroetan nagusitzen ari zena, hau da, telebista: “Urola’ko zokoan edo mendi artean bizi garelako urrutikuskiñak ez dute ‘Sollube’ artzen. Aizarnarrei bat ere begiratu gabe ipiñi zan urrutikuskiñaren ixpilua. 300 edo 500 edo 700 metrora joan bear degu ‘Sollube’ artzera”. Sollube mendiko telebista errepikagailua, Bizkaian kokatua, funtsezkoa izan zen 1960ko abuztuan TVE Euskal Herrira iristeko.

Historia pixka bat egin du Atxagak lehen atalean, gero arazoen deskribapena egin du, eta orain dator konponbidearen gakoa: “Baña aitortu dezadan, Auzoetan bizi geranok ere ez gerala bat ere alegindu burrukan. Beti besteak egitekotan utzi izan ditugu. Marmar pixka bat egin eta kito”.

Aitortzen du, hala ere, giro hori aldatu nahian dabiltzala, batez ere argi eta ur kontuak: “Alkate berriak [Julian Arozena] joan-etorri asko egiten du. Arazo au gogoz eta benetan artu dula dirudi”, dio Atxagak.

Azkenean, behintzat, baikortasuna nagusitzen da: “Erria osoro artu nai duten gizonak ugaritzen dijoaz. Alkarren arteko burruka ta eziñeramanak itzaltzen. Artu-emanak geitzen”. Eta, ondoren, Elizaren papera aipatzen du: “Baña bai erri aldetik eta bai eliz aldetik, elkartzen lan aundia daukagu oraindik. Buruz eta biotzez oso alkartuak gaude iru parrokietako apaizok, baña etorkizunari begira oso pauso gutxi eman ditugu oraindik parroki-esiak austen. Auzo-aize ta parroki esiturak alde batera utzi-ta, alkartasun berri eta beroan lan egin bearrean gaude. Nekazaritza, langilledia, erria, irakaskintza, eliza, eta abar aurrera atera nai dituzten indar guztiak bat egin behar dute. Onela Zestua  ta bere Auzoak ezberdintasunean apaiñ eta nortasunean jator izango dira”.

Eta horrela bukatzen da, baikor-baikor, niri titular ezin hobea eskainita: “ezberdintasunean apaiñ eta nortasunean jator”.

Ikusi duzun bezala, irakurle, “h” hizkia ez da existitzen Atxagaren hiztegian. Arantzazuko Biltzarra egina zen, 1968an, Euskaltzaindiak deituta, gaur egungo euskara batuaren oinarriak finkatzeko, ortografia eta joskera bateratuz, baina “gerlari” zebilen jendea eta armak goian zituztela. Gure Elizondo zinema ere izan zen borroka haien lekuko. Baina, tira, ez da hori gure gaurko gaia.

Gure gaia da Zestoako herrigunea eta auzoen arteko desberdintasunak, eta, horren harira, Atxagaren ikuspegia. Alde batetik, hasieran aipatu dugun bezala, herriaren behatzaile ona izatea aitortu behar zaio Atxagari. Hamaika urte daramatza Aizarnan (1958ko abuztuan ailegatu zen) eta badaki zertaz ari den hizketan. Argindarra, ura, eskola… pertsonaren garapenerako ezinbestekoak diren gauzak kaskar daude auzoetan. Auzoak baztertuta daude kaleko (herriguneko) jendearekin konparatuz.

Eta arazo horien berri emateaz gain, inplikaziozko jarrera hartzen du. Esan zezakeen –eta kasu askotan hori zen ohikoena– ni elizan neure doktrina moralarekin, eta arazo horiek konpon ditzatela udala eta herritarren artean. Ez, ordea: Elizaren gizarte-doktrinan oinarrituz, herritarren bizi-baldintzak hobetu nahi ditu (beti ere, artikuluaz ari gara, badakigu-eta moral arloan nolako jokabidea zuen). Erakundeen (Eliza, Udala) egitura itxiak (hesiturak, dio berak) gainditzea eta denen artean elkartasun berri bat sortzea proposatzen du. Oinarrizko gauzak dira, baina irekitasun bat sumatzen da, esate baterako eta urrutira joan gabe, Gerraosteko Eliza haren integrismo hartatik.

Artikulua idazterako, bazekien Atxagak Usurbilera joatekotan zela, baina, tira, enbidoa bota zuen eta hor geratu zen “Zeruko Argia”-ren orri zaharretan. Harrez gero, ahalegin franko egin dira herrigunea eta auzoen arteko diskriminazioa leuntzeko, azpiegiturak eta baldintza materialak asko hobeto dira, auzo batzorde edo topagune ofiziala badago… baina Atxagak botatako enbidoa hor dago oraindik: Gutxi begiratuak eta zainduak izan direla, uste dut, auzo hauek. Eta bazterra baztertu egin oi da. Bazterra txukuntzea beti azkenerako utzi oi baita”. Ez dago garbiago esaterik.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide