Albisteak

640 ikusle eta 43 aktore bildu ditu Zestoako Antzerki Astearen bederatzigarren edizioak

‘Guateke’ antzezlana (Argazkia: E.Iturriaga)

Zestoako Arte Eszenikoen eskolako kideak “oso eskertuta” daude antzerki asteak izan duen harrerarekin.

Iragan igandean amaitu zen Zestoako Antzerki Astearen bederatzigarren edizioa. Aste guztian zehar, 640 ikusle pasa dira Caravan Parkeko aretotik. Areto horretan, bost antzezlan plazaratu dituzte, 43 aktore ezberdinek. Aktoreez gain, bost dantzari, bi txistulari eta lau mahai-inguru kidek hartu dute parte antzerki astean.

Zestoako Arte Eszenikoen eskolako kideek azaldu dute “oso eskertuta” daudela aurtengo edizioak izan duen harrerarekin. Antzerki astean parte hartu duten aktore eta gainerakoei “eskerrik beroenak” eman nahi izan dizkiete. Bestalde, ikusleengatik jasotako erantzuna “erabat positiboa” izan dela adierazi dute: “Pozik ikusi ditugu herritarrak eta kanpotarrak. Zestoarrak ez ezik, inguruko herrietatik, Donostiatik, Bilbotik, Madriletik eta Parisetik ere etorri zaizkigu ikusleak”. Azken egunetan kalean “zorionik onenak” jaso dituztela adierazi dute eta horrek “jarraitzeko indarrak” ematen dituela.

Espazio falta

Areto egoki baten beharra aldarrikatu dute beste behin: “Urtero legez, gure burua berrasmatzera behartuta egon gara, herrian dagoen espazio faltak bultzatuta”. Caravan Parkeko Javier eta Jacquelini eskerrak eman nahi izan dizkiete, bertan “etxean bezala” sentitu direlako. Antzerki astea amaituta eta Caravan Parkeko aretoari agur esanda, “herriko beste kultur eragileak bezalaxe kultura garatzeko leku aproposik gabe” daudela esan dute. Kultura ezinbestekoa dela diote eta “herria bizirik mantentzeko” horrelako egitasmoak izatea “nahitaezkoa” dela gehitu dute.

Lanean jarraitzeko gogotsu daude ordea eskolako kideak: “Lanean jarraituko dugun talde indartsua gara, eta hurrengo edizioa aurtengoa bezalako ilusio berberarekin hartuko dugu. Hurrengo urtean X. ZAA!22 Antzerki Astea ospatuko dugu, eta ziur ahaztezina izango dela”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide