Albisteak

700 apostasia eskaera baino gehiago jaso dira Zestoako Gaztetxea ez desalojatzearen alde

Defentsa Komunitateak, Zestoako Gaztetxearekin lankidetzan,  abenduaren 26an hasitako apostasia kolektiboko kanpainak, 700 apostasia eskaera baino gehiago jaso ditu Gipuzkoan. Gazte Asanbladaren arabera, mobilizazio hau Euskal Herrian inoiz izan den apostasia kolektiborik handiena da eta Zestoako Gaztetxearen desalojoaren aurkako ekimena da.

Azken hiru asteetan, Defentsa komunitatearen hainbat gunetan apostasia postuak jarri dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, egoeraren berri emateko eta sinadurak biltzeko asmoz, Zestoako Gaztetxearen desalojoa bertan behera uztea eskatzeko. Horretaz gain, presio deiak egin dira apezpikutzara, egoerarekin pozik ez daudela adierazteko eta gaztetxearen desalojoa geldiarazteko eskatzeko.

Zestoako Gaztetxeko kideen aurkako epaiketa urtarrilaren 24an izango da Azpeitiko epaitegian. Bien bitartean, Defentsa Komunitateak eta Gaztetxeko kideek apostasia kolektiboko kanpainarekin jarraituko dute.

Kanpainaren barruan, elkarretaratzea deitu da urtarrilaren 19rako, 18:00etan, Artzain Onaren Katedralean. Ekitaldi honetan, elizaren jarrera salatuko da eta Gipuzkoan bildutako 700 apostasia sinadurak aurkeztuko dira. Sinadurak biltzen jarraituko da ekitaldiaren egunera arte, eta apostasia-eskaerak jasotzeko postu bat ere jarriko da katedralean egun berean.

Zestoako Gazte Asanblada 2023an sartu zen Zestoako zentroko eraikinean, urteak hutsik zeramatzan Gotzaitegiaren gunean. Gazte Asanbladak dioenez, eraikinera lekualdatzeko proposamena udalarena bazen ere, ez zen adostasunik lortu Gotzaindegiaren eta Udalaren artean. Akordiorik ez zegoenez, Gazte Asanbladak Elizondo eraikinera eraman zuen gaztetxea, bere kontura. Aldaketa horrek gatazka legalak sortu zituen Gotzaindegiarekin, eta orain bide judizial berri bat bilatzen ari da, aurreko epaiketa galdu ondoren.

Denbora honetan zehar, Zestoako Gaztetxeak herritarrek ongi jasotako jarduera politiko, sozial eta kulturalak burutu ditu. Urtarrilaren 19ko elkarretaratzearen helburua ahalegin horiek nabarmentzea eta gatazka berehala konpontzeko presioa egitea da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide