78ko erregimenaz eta haustura politikoaz

Ortzi Alberdi, Xuban Salegi eta Aitor Elorza, Mugimendu Sozialistako kideek, honako testu hau bidali digute:

Aurten ere, Franco hil zen egunaren bueltan sortzen den zarata mediatikoak beste behin erakusten du Euskal Herrian aspaldidanik azaleratutako egia bat: Trantsizioak ez zuen frankismoarekin benetako etenik ekarri. Botere ekonomiko, instituzional eta polizial berak jarraitu zuen, oraingoan demokrazia burgesaren itxurapean. 1978ko eraldaketak ez zuen Estatu faxistaren egitura desegin; makilatu egin zuen. Ez ziren aparatuak garbitu, ez ziren krimenak epaitu, ez zitzaien pribilegioei uko egin. Areago, forma, diskurtso eta zilegitasun berriak eman zitzaizkien eliteen arteko akordio baten bidez, erregimenak bere burua hauteskunde-molde batera egokituz, botere oligarkikoaren jarraipena bermatzeko.

Egin gabeko haustura horrek baldintzatzen du gaurko egoera. Mende erdi geroago, Mendebaldeko kapitalismoaren krisi historikoari aurre egiteko gai ez den erregimen baten aurrean gaude.

Estatua askotan faxismoaren aurkako hesitzat saltzen digute, baina gaur egungo egoeran geroz eta argiago ikusten da kontrakoa ari dela gertatzen: Estatu bera bihurtzen ari da faxismoaren iturri, elikagai eta bultzagile nagusietako bat. Mendebalde osoa krisi ekonomiko, sozial eta geopolitiko handi baten erdian dago, eta egoera nahasi honetan oligarkiak —betiko botere ekonomikoek— Estatuaren norabide autoritarioa sakontzen ari dira, gure eguneroko bizitzaren esparru guztietan eraginez.

Kulturaren arloan, adibidez, erreakzio ideologiko oldarkorra indartzen ari dira. Klase ertainak gainbehera doazen heinean —lan-segurtasuna galtzen, prezioak igotzen, eta ziurgabetasuna areagotzen—, gizartearen zati batek gero eta errazago irensten ditu diskurtso xenofoboak, autoritarioak edo “moralista” itxurapean datozkigun kutsu klasisteko mezuak. Gure herriko whatsapp taldeetan bueltaka dabiltzan mezuak edo sare sozialetan zabaltzen diren “beldurraren kanpainak” ez dira kasualitatea.

Politikan ere, panorama ez da hobea. Plataforma ultraeskuindarrak, komunikazio tankerako mugimendu erreakzionarioak eta talde atzerakoiak indartzen dira; askotan botere ekonomikoen babesarekin. Espainiako Estatuan VOXen normalizazioa dugu adibiderik ezagunena, baina gure herrietan ere baditugu bestelako agertokiak: desokupa enpresen presentzia, herriz herri ibiltzen diren agitazio-ekintzak edo sare sozialetan egunero ikusten ditugun kanpaina antolatuak.

Eta Estatuaren barruan, berriz, egitura autoritario baten eraikuntza pausoz pauso doa aurrera: eskubide sozialen murrizketak, poliziaren presentzia geroz eta handiagoa eta oldarkorragoa, protesta soziala kriminalizatzeko legeak, eta militarismoaren hazkundea. Azken batean, Estatu demokratikoaren itxura mantentzen duen, baina geroz eta itogarriagoa den aparatua eraikitzen ari dira, botere ekonomikoen interesak zaintzeko eta gizartea diziplinatzeko.

Estatuaren parte diren instituzioek faxismoa geldiarazteko duten ezintasuna agerikoa da: 78ko erregimenaren, eta oro har, edozein demokrazia burgesen diseinuaren parte da. Mobilizazio antifaxisten aurrean erreakzio politikoa behin eta berriz ikusi da. Ehunka gaztek Gasteizen muturreko eskuinak sortutako agitazioa gelditu zutenean edo Vito Quilesek Iruñean bere diskurtsoa zabaltzea eragotzi zutenean, eskuin muturraren indarkeria geldiarazteko ezer egin ez zuten ahots berberak izan ziren gazteriaren erantzuna lehenik seinalatu eta kriminalizatu zutenak. Eskuadrismoak indarra hartzen duen bitartean, instituzioen lehentasuna antifaxismoa neutralizatu, domestikatu edo sinbolo huts bihurtzea dirudi, kapitalaren interesentzat arrisku handirik sortu gabe.

Testuinguru honetan, kolore guztietako alderdi parlamentarioen antifaxismoak — adierazpenetan, sare sozialetako mezutan edo osasun-kordoi sinbolikoetan geratzen den horrek— bere mugak agerian uzten ditu. Ez da faxismoaren oinarri materialak auzitan jartzeko kapaz, sistema bera elikatzen duen esparru politikoaren parte delako. Gobernatzen dutenean, politika neoliberalen, murrizketa sozialen eta kontrol polizialaren areagotzea aplikatzen dute, eskuin muturrak bere mesederako baliatzen duen haserrea elikatuz. Bitartean, telebistan antifaxismoaren intsignia jartzen ikusten ditugu, berau tresna elektoral gisa erabiliz. Baina errealitatea da, faxismoa sozialdemokraziaren ezintasunetik ere elikatu dela.

Eta, azken batean, abiapuntura itzultzen gara: frankismoaren ondorengo erregimenarekin benetako hausturarik gabe —hura eusten duen demokrazia burgesarekiko hausturarik gabe— ezinezkoa da faxismoa geldiaraztea. Trantsizioak zauria estali zuen, baina ez sendatu, eta gaur egun ikusten ditugu ondorioak. Egiteko historikoa ez da erregimen zaharraren gainbehera kudeatzea, baizik eta gainditzea. Bide horretan, langileok haustura politikoa faxismoa bera elikatzen duten estatua eta kapitalismoa kolpatzetik hasi behar dugula uste dugu.

Ortzi Alberdi, Xuban Salegi eta Aitor Elorza
(Mugimendu Sozialistako kideak)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide