Albisteak

90 urte bete dira gaur Zestoako udalbatzak Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena onartu zuenetik

Ikurrina udaletxeko balkoian

Ikurrina udaletxeko balkoian

1931eko apirilaren 29an Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena onartu zuen Zestoako udalbatzak aho batez. Urteurrena dela eta, ikurrina jarri dute gaur goizean udaletxeko balkoian. Mikel Arregi Ertxin alkateak azaldu du gauden egoeran egonda ez dagoela beste ospakizunik egiterik baina gutxienez, adierazpen instituzional bat egin nahi izan dutela. Testua gaur arratsaldeko plenoan irakurriko dute.

Hona hemen Zestoako Udalak egindako adierazpen instituzionala:

“1931ko apirilaren 29an, duela 90 urte, gaurko egunez Zestoako Udalak osoko bilkura batean eta aho batez euskal errepublikaren aldeko mozioa onartu zuen.

Espainiako monarkia erori berria zen eta behin behineko egoera hartan Zestoako ordezkari politikoek garbi azaldu zuten, nazio gisa dagokigun autodeterminazio eskubidea aldarrikatuaz, euskal errepublika nahi zutela Euskal Herriarentzat.

Erabaki horren berri garai hartako Espainiako gobernuko presidenteari helarazi zitzaion.

Gure historia hurbileko pasarte hau gogoratzeko eta gure memoria historikoa berreskuratzeko Zestoako Udalean gaur ordezkari politiko garenok aho batez gaurko egunez gure aurrekoek duela 90 urte egin zuten aldarrikapena berresten dugu eta orduan bezala gaur ere euskal errepublika aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat.”

Zestoan, 2021eko apirilaren 29an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide