Baltzola eta gordelekuak
— 2016-10-25Argitaratu berria du Bergarako Udalak, interneten, Alfonso Otazuk idatzitako liburu aberats bezain mardul bat: El fotógrafo, frente a la cámara y de cerca. Notas sobre el Conde del Valle (Bergara, 1863 – San Sebastián-Donostia, 1953). “El fotógrafo”, Ignazio Murua Baltzola zen, eta bera zen Arroako Baltzola jauregiaren eta beste baserri askoren jabea, hil zen arte. Ez da, gure herriarekin lotura zuten handikien artean, argazkilaritzarako zaletasuna zuen bakarra; jakina da, Lasaoko markesa ere aritzen zela argazkigintzan baina Baltzolaren kasuan ez bezala, bere ondarea zeharo galdu zen.
Otazuk ondo dioen bezala, Baltzola familia Arroan sortua zen eta XVI. mendean, burdinaren merkataritzari esker, dirutzak egin zituen. Handik berrehun bat urtera, berriz, Ignazio Baltzola Larrecheri, Armadan egin zituen lorpenek eman zioten ospea eta dirutza. Xehetasun ugari eskaintzen dizkigu Otazuren ikerketak eta, besteak beste, nola eskuratu zuen 391 piezako txinatar ontziteria Manilan (Filipinak), Vajilla Balzola izenez ezagutzen zena inguruetan. Itsasoz Beduara ekarri omen zuten ontziteria eta handik, zaldiz karreatu omen zuten Arroako jauregira.
Baltzolatarrak, Ignazio Murua Baltzolaren garaian, Bergarako Rotalde jauregian bizi ziren baina sarritan etortzen ziren Arroara. Bera jaio eta handik gutxira handitu omen zuten Arroako jauregiko baratza, esaten digu, besteak beste, Otazuk, eta aurreraxeago kontatzen digu zein zen Ignazioren zaletasunik handiena –ez dakigu argazkilaritza baino handiagoa: zaldian ibiltzea. 1891ko argazki batean ageri da, Arroan, Polka izeneko behor anglo-normandiarra, zazpi urtekoa, behor indartsu bezain urduria. Ez naiz atrebitu argazkia hemen jartzen, liburuak sarreran daramatzan baimen-eskubide oharrek zeharo beldurtu nautelako, baina nahi duenak ikusgai du liburuko 71. orrialdean (amaieran jarriko dugu lotura).
Ignaziok egindako testamentuei eta horrelakoei ere tarte handia eskaintzen die liburuak, baina guk laburpen hau bukatzeko, gerra garaiko aipamen batzuk ekarriko ditugu hona. Ignaziok hainbat ohar idazten ditu bere ondasun kuttunenak ondo gordetzeko eta hortik dakigu bere etxeetan zeuzkan gordeleku sekretuen berri. Arroan ere bazuten ondasun kutunenak ezkutatzeko toki bat: “Neskameen gelan dago, sukalde ondoan. Badu gela horrek, leiho aldean ez beste aldean, arropak esekitzeko moduko gordeleku bat (…). Gordelekua irekitzeko nahikoa da oholak altxatzea, ez dauka giltzarik ez bisagrarik; nahikoa da altxatzea aurreko zirrikitu batetik atze aldera, hondo aldera; behera jaisteko zulo bat ageri da eta eskuzko eskailera bat dago (…). Ezkutaleku honetan egon ziren gordeta Karlos VII.aren gerra zibilean [gerra karlista], txinatar ontziteria, zilarrezko San Ignazio eskuak bolizkoak dituena, gorriak Santa Anatik eraman zuten eskopeta bat eta zelabereak”.
Ume jangartxuak on aurkiak jan eta bestea platerean lagatzen duen bezala, nik ere anekdotak hartu eta beste guztia aipatu gabe utzi dut. Baina horrek ez du esan nahi, ez horixe, liburu osoak ez duenik sakon irakurtzea merezi. Horretarako denbora pixka bat hartzen duenak gozatuko du eta asko ikasiko du. Hona hemen lotura:
http://static.bergarakoartxiboa.net/pdf/El_Conde_del_Valle_fotografo.pdf
Argazkia: Bizente Dávila (1991)
Egin zaitez bazkide