Albisteak

[ELKARRIZKETA] Joel Crespo: “Txikitatik oso garbi neukan musikatik bizi nahi nuela”

Txikitatik musikari lotuta egon da Joel Crespo (Zarautz, 1989). Familia musikaria du Crespok eta berak ere ohiturari jarraitu dio txiki-txikitatik. Zarauzko musika bandan aritu zen 18 urte bete arte. Skasti taldean ere egin zituen beste zortzi bat urte. Gero agertokitik jaitsi eta beste aldera pasa zen. Ikusleen artean egoten da Crespo, askotan, ezkutatuta. Agertokiaren eta argiteriaren diseinuaz arduratzen da. Hori da bere afizioa eta ofizioa. Aski ezagunak diren Izal, Fuel Fandango edo Morgan taldeekin dabil lanean. Bizitzak Zestoara ekarri zuen duela urte batzuk eta gustura dago hemen.

Musikari lotuta egon zara beti.

Txikitatik oso garbi neukan musikatik bizi nahi nuela. Aitona musikaria zen beti egon naiz musikaz inguratuta. Zarautzeko bandan ibili nintzen eta Skasti taldeko parte ere izan nintzen, zortzi edo bederatzi urtez, gitarrarekin. Elektrizitatea ikasi nuen Zarautzeko Antonianotan. Argiketari lanak egiten hasi eta denbora batera lanik gabe gelditu nintzen. Sonorizazio eta argiztapen enpresa bat zuen lagun bat neukan eta lan eske joan nintzen. Kamioia kargatzen hasi nintzen, 20 urte nituela, eta gaur arte.

Zarauztik Zestoara etorri zinenean ere musikak zerikusia izan zuen.

Lanean ari nintzela Eñaut Gaztañaga ezagutu nuen Skastiren bitartez. Berarekin grabatu genuen eta egun batean esan nion: Eñaut, ez duzue argi teknikaririk beharko, ezta? Berak ordura arte inor ez zutela izan esan zidan, baina gustura hartuko nindutela. Raul Olaizola oraindik taldeko baxu-jotzailea zen orduan eta lo berarekin egiten nuen furgonetan, ordu asko pasa genituen elkarrekin. Eromen antzerki taldean ere aritu nintzen argiekin lanean. Niretzat oso erraza izan da Zestoara egokitzea. Zestoa beti izan da erreferente musika taldetan. Egia da zarauztarra izanda ez nintzela harritu, han ere musika asko egiten da eta. Zarautzeko gaztetxea Euskadiko erreferente bat izan da batez ere hardcore eta underground estiloetan. Mundu horretan mugitu izan naiz beti.

Nolakoa izan zen hasiera?

Esan bezala, kamioia kargatzen hasi nintzen, eta gero soinu teknikari lanak egitera pasa nintzen. Hilabete bakarrik iraun nuen soinu teknikari lanak egiten. Ez nintzen oso ongi moldatzen eta nagusiak esan zidan argiak egiteko inor ez zeukatela eta lan hori egiteko eskatu zidan.

Zer moduz moldatu zinen?

Egia esan, sartu nintzenean ez nekien zer zen, baina gustatu egin zitzaidan. 2010. urtea zen. Argi teknikari lanak egitera bidali ninduten asteburu batean. Kontroladore analogiko zahar eta merke bat eman eta ikasten joateko esan zidaten.

Autodidakta izan zara orduan, ezta?

Bai, bakarrik ikasi nuen. Astebururo erromeriak egiten ibili nintzen: Trikizio, Gora Herria, Zopilotes… Ikasten joan nintzen, pixkanaka.

Ingurukoek zer esan zizuten hasieran?

Gurasoek lan serio bat bilatzeko esan zidaten [kar,kar,kar]. Hasieran gogorra izan zen, baina orain, hamar edo hamabi urte beranduago, oso gustura daude. Kontzertuetara gonbidatzen ditudanean nik egindako lana ikusten dute eta hunkitu egiten dira.

Zertan datza zure lanak?

Etxe bat diseinatzea bezala da. Espazio huts bat ematen dizute, nire kasuan, agertoki bat. Agertoki hori diseinatzen dut: argiak, eszenografia… Azkenean ingeniari lan bat bezala da. Diseinua egindakoan, 3D bistaratzaile batera pasatzen dut eta hor, zu kontzertuan bazeunde bezala ikusten duzu. Behin hori daukadanean bezeroari aurkezten diot eta aldaketak egiten dira. Agertokia muntatuta dagoenean ikuskizuna prestatzen dugu. Hemen sartzen dira argiak, argien frekuentzia: gitarra bat sartzen denean argi mota bat eman, beste bat hasten denean beste bat…

Taldeekin lana egiten dudanean bi edo hiru urteko bira bat prestatzen da. Imajinatu, astebururo kontzertu bat edo bi daude eta horrek guztiak prestatuta joan behar du. Nire lana bira baino bi edo hiru hilabete lehenago hasten da. Ze argi mota egongo den erabakitzen dut. Taldeak transmititu nahi duen hori agertokian erakutsi behar dut.

Grises, Zopilotes edo Trikidantz taldeekin ibili zinen duela urte batzuk. Egun, Izal, Fuel Fandango eta Morgan taldeekin zabiltza lanean. Zein izan da orain arteko proiekturik handiena?

Izalen azken bira, zalantzarik gabe. Ia 200 foku genituen, estrukturak mugitu egiten ziren, 15 metroko pantaila bat genuen… Munstro bat zen eta zaila zen kontrolatzeko.

Eta pertsonalena?

Morganen bira hau, oraingoa. Oso bira intimoa da, emozionala. Argien kontzeptua guztiz aldatu dugu eta kerik gabeko kontzertua da. Kea ia beti erabiltzen dugu, bestela argiak ez dira ikusten. Morganen biran iluntasunarekin jolasten ari gara eta asko erakutsi dit. Nik kea eta izpi laserrak asko erabiltzen ditut eta proiektu honetan kontrakoa egin dugu.

Gaur egun pisu handiko taldeekin zabiltza lanean, ze deik egin zizun ilusio bereziena?

Fuel Fandangorekin anekdota kurioso bat daukat. Behin edo behin pentsatzen nuen egunen batean Fuel Fandangorekin lan egingo nuela. Egun batean Alejandro taldeko kideak deitu eta beraiekin lan egiteko proposamena egin zidan. Harrituta eta pozik hartu nuen eskaintza.

Euskal Herriko talderen batekin ari al zara lanean?

Bai, Huntzaren diseinua eta programazioak amaitu ditut eta orain Delirium Tremensen bira berria prestatzen ari naiz.

Zure ametsa bete dela esango zenuke?

Bai, dudarik gabe.

Zure lanak ezohiko ordutegiak izatea esan nahi du. Denak jai dutenean zu lanean.

Ohitu egiten zara, baina ondoan daukazun pertsona ohitzea zaila da. Kanpotik begiratuta beti parrandan egongo bagina bezala da. Hasieran, lagunak edo bikotekidea kontzertuetara etortzen hasten dira, baina hori hasierako kontua da. Gerora, sarri ez zaude etxean eta gauzak zaildu egiten dira.

Urtean zehar aldi lasaiagorik izaten al duzu?

Duela urte batzuk bai, negu aldean eta Gabonetan… gaur egun urte osoan izaten dugu antzeko lan karga.

Pandemiak eragina izan al du horretan?

Bai. Egia esan behar badut, alde batetik, niri “ongi” etorri zait pandemia, gelditzeko aukera eman didalako. Egia da diru sarrerarik ez dudala izan, ezta laguntzarik ere, baina urtebetez gelditzeko aukera eman dit. Erabat deskonektatu dut eta gauza asko plantearazi dizkit.

Orain, bi urte geldirik egon ondoren, talde denak batera ateratzen ari dira: festibalak, diskoak, birak… Ekitaldi asko daude eta ez dago publikorik denentzat. Ea festibalak nola irteten diren, jada esaten ari dira sarrera asko ez direla saltzen ari…

Uda iristear da eta datozen hilabeteetako agenda nola daukazu?

Bi urte oso hartuta dauzkat.

Bi urte oso?

Bai, bi urtetako asteburu guztiak hartuta dauzkat eta aste tarteak ere betetzen hasi dira.

Horri nola egiten zaio psikologikoki aurre?

Ez pentsatzen. Nire lana dela pentsatzen dut eta joan egin behar dudala. Pertsona normal batek aste tartean sartzen dituen 40 orduak guk asteburuan sartu behar ditugu. Gure lanaldiak goizeko 7:00retan hasi eta goizaldeko 04:00retan amaitzen dira. Autobus batean egiten dugu lo kontzertu batetik bestera iristeko.

Beraz, asteburutan kontzentratzen da zure lana.

Astelehenetik ostegunera estudiora joaten naiz, Aizarnazabalera, eta ostiraletan Madrilera jaisten naiz. Irteera denak Madrildik egiten ditugu. Esan bezala, autobus batean bidaiatzen dugu. Iluntzeko 00:00etan irteten gara Madrildik kontzertua daukagun tokira eta bertan egiten dugu lo. Goizeko 06:00ak aldera iristen gara lekura eta esnatu bezain pronto lanean gara. Kontzertua amaitzen denean, 02:00etan edo, hotel batera joaten gara dutxatzera. Dutxatu ondoren, autobusean sartu eta hurrengo kontzertura joaten gara eta beste hitzordurik ez badugu, Madrilera itzultzen gara. Goizeko 09:00ak aldera iritsi ohi gara eta nik autoa hartu eta Zestoara itzultzen naiz.

Ikusten ez den lan asko egingo duzu.

Kontzertu bat egiteko aste guztia behar dut prestatzeko. Proiektu osoa prestatzen bi edo hiru hilabete ematen ditut: ideia hasten denetik, taldearekin entseatzera pasa arte. Aurtengo Izalen bira azkena izango da eta urtebete daramagu prestatzen.

Nola izaten dira taldearekin egiten dituzuen entseguak?

Pabiloi batean izan ohi dira eta astebetez egoten gara entseatzen. Bulegoan sortutako diseinua benetan probatzen dugu eta egin beharreko aldaketak egiten ditugu.

Festibaletara joaten garenean normalean zati finko bat festibalak jartzen du eta gu horretara moldatu behar izaten gara. Kontzertu horiek prestatzeko pare bat egun behar izaten ditugu. Kontzertu horietarako behar dugun materiala prestatzen, ordea, 21 egun lehenago edo hasten gara.

Kontzertua barruan edo kanpoan egin aldea egongo da, ezta?

Bai. Nire urduritasuna ere ez da berdina izaten. Izal taldearekin Madrilgo Wizink Center estadioan izan ginenean, astebete egon nintzen lo egin gabe. 20.000 pertsonentzako kontzertua zen. Ez da berdina horrelako kontzertu bat edo herri bateko plazako kontzertua. Egia da herriko plazetan jende asko egon ohi dela, baina jendeak normalean ez du sarrera bat ordaintzen kontzertu hori ikustera joateko. Wizink Centerreko kontzertua ikustera joan denak, berriz, sarrera ordaindu du eta taldearen jarraitzailea da. Ikuslearekiko ardura sentitzen dugu, ezin dugu akatsik egin. Argia joaten bada, edo horrelako zerbait gertatzen bada, niri begiratuko didate aurrena eta ardura handia da.

Horrelako momentu bat baino gehiago pasako zenituen.

Bai, asko. Izalekin hasi nintzenean bigarren kontzertuan argia joan zen. Nik uste nuen kalera botako nindutela, baina ez, argia itzuli zen eta kontzertuarekin jarraitu genuen. Honekin lotuta anekdota on bat daukat. Izalekin geunden Tenerifen. Kontzertua amaitzen ari zenean soinu teknikaria eta biok muga bilatzen hasi ginen, soinuaren eta argien potentziei dena emanda. Bat-batean dena joan zen, argia eta soinua. Azken kantaren amaieran joan zen, amaitu eta orduantxe, eta nahita egindako zerbait zela eman zuen. Barre asko egin genuen.

Etxetik kanpo ordu asko ematen dituzu lana dela eta. Bizitzeko beste modu bat duzula esan daiteke. Mugarik ba al dago?

Niretzat ez. Nire lanak engantxatu egiten du, adikzio bat da niretzat. Zenbat eta kontzertu handiagoa egin, gehiago nahi duzu. Egia da orain muga bat jarri dudala: etxea ordaintzeko eta hilabetea ondo pasatzeko haina lan egingo dudala erabaki dut. Agenda beteta dagoela ikusten duzunean esaten duzu: honaino. Horregatik, taldeak kentzen joan gara. Laster Izalekin amaituko dugu, aldi baterako taldea uztea erabaki dutelako eta hori deskantsua izango da niretzat. Printzipioz Morgan eta Fuel Fandangorekin geldituko naiz.

Orokorrean, talde askok ez dute argi teknikaririk izaten.

Azken finean, ordaindu nahi duzun edo ez da kontua. Talde asko daude diru asko irabazten dutenak, baina “guk ez dugu argi teknikaririk behar” esaten dutenak. Beste talde txiki batzuek, ordea, hainbeste diru ez dute irabazten, baina irabazten duten gutxi hori argitan inbertitu nahi izaten dute.

Zuen lana baloratzen dela uste al duzu?

Euskadin geroz eta gehiago baloratzen dela uste dut. Taldeak argi diseinuak eskatzen ari dira eta argi teknikariarekin joaten dira kontzertuetara. Egia da azkenean beste langile bat gehiago sartzen dela zure enpresan eta ez da merkea. Nire ustez, soinu teknikaria edo managerra izatea bezala da, garrantzia zeri eman nahi diozun hartu behar da kontuan.

Zure estiloa definituta al duzu?

Erabat. Kolore ilunak erabiltzen ditut eta zuria beti dago nire argietan. Kontrasteak gustatzen zaizkit. Adibidez, asko gustatzen zait atzetik argia ematea eta aurretik ez. Musikaria beltza gelditzen da aurretik eta atzetik itzala egiten da. Abesten duen unean, aurretik ematen zaio argia eta atzetik kendu… Jendeak esan ohi du oso denbora ona dudala, hau da, nire argiek denborarekin bat egin ohi dutela.

Zein dira zure erreferenteak?

Amerikarrak dira gehienak eta elektronika egiten dute. Rammstein eta Metallica taldeen teknikariak ere gustatzen zaizkit. Bestalde, esan beharra dago Super Bowl, Eurovision, Operacion Triunfo eta antzeko programetako argiak harrigarriak izan ohi direla. Horrelako telebista saioetan arreta jartzen dut argietan eta ideia asko hartzen ditut.

Burua beti martxan izaten duzu orduan.

Beti, 24 orduz. Normalean ideiak kotxean noanean izaten ditut. Askotan taldeen diskoak entzuten joaten naiz eta burua bueltaka izaten dut. Lo nagoenean ere argiekin amesten dut.

Orain arte esandakoaren arabera, zure buruari asko exijitzen diozula dirudi.

Bai, perfekzioaren bila nabil denbora guztian, oso burugogorra naiz.

Musikaz gain beste zaletasunik ba al duzu?

Nire zaletasuna musika da. Etxera joan eta biniloak jartzen ditut, beti musika entzuten ari naiz, bizitzeko estilo bat da. Kirola egiten dut, bizikleta eta korrika hain zuzen eta horrek zertxobait distraitzen nau.

Kontzertuetara joateko astirik izaten al duzu?

Ez, eta gainera ez zait gustatzen kontzertuetara joatea. Hasieran joaten nintzen, baina argiei asko erreparatzen diet eta ez dut disfrutatzen. Gaztetxe edo tabernetako kontzertuak ikustea gustatzen zait, orduan bai, asko disfrutatzen dut.

Zure lana maite duzula garbi ikusi dut. Hamar urte barru berdin irudikatzen al zara?

Baita berrogeira ere, bai bai, hau da gehien gustatzen zaidana.

Itsaso Waliño Errasti




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide