Albisteak
[ARGAZKI ERREPORTAJEA] MARIA ROA: Arroabea. Leku Magiko txikiak
— 2022-07-27Maria Roa Zubia, Arroabeko argazkilaria da. Natura eta gastronomia ditu gai gustukoenak. Xehetasunak maite ditu, forma eta koloreak nabarmentzea, batez ere. MRZ Culinary Photo izeneko webgunean ikusgai ditu bere lanak.
Danbolin aldizkarira gonbidatuta, Arroabeko ibilbide hau oparitu digu.
(Danbolin 239 zenbakitik ekarria)
Lagun batek idatzi dit eta bizi naizen auzoaz galdetu dit: Arroabea. Errepidetik pasatzen denean ikusten duela kontatzen dit, eta beti galdetzen diola bere buruari nolakoa izango den horrelako leku batean bizitzea, errepidez inguratura. Hau izan da nire erantzuna:
“Arroabea errepidez inguratuta dago, bai, baina baita urez eta berdez ere. Arroan paseatzen, leku txiki interesgarri eta atseginak aurkitzen dira. Horietako bati buruz hitz egin nahi dizut, eta gonbidatu nahi zaitut egun batean etor zaitezen eta goza dezazun.
Ibilbidea Sansinenea poligonoan hasiko dugu. Argazki honetan, atzealdean ikus ditzakegu industria-pabiloiak. Errepide honi jarraituz eta ezkerrera biratuta, autobidearen sarrerako biribilgunera iritsiko gara.
Hemen kamioiak aparkatzen dituzte, gaua edo asteburua pasatzeko, Frantziako muga ireki arte.
Ikusten duzunez, paisaia eta begirada ireki eta zabaldu egiten dira. Ezkerrean harizti txiki bat, eskuinaldean zuhaitz gehiago eta erreka. Zerumugan baserriak, baratzak, basoak, mendia…
Buelta eman, eta eskuineko bidegorria hartuta, Arroarantz abiatuko gara.
Industrialdeko errepidea eta aparkalekua atzean utzi eta bagoaz auzorantz.
Ezkerrean zuhaitzak, belarrak eta lubeta txiki bat, Arroa errekaraino jaisten dena; eskuinean, industria-pabiloi garai batek pareta egiten du bide ertzean.
Pasealekuak bihurguneak marrazten ditu eta gune ilunago batean barneratzen da, pixkanaka itxiz eta alde industrialena atzean utziz.
Beti itzalean dagoen gune batera iritsiko gara; pabiloiak edo basoak sortzen dute itzala, orduaren arabera.
Hemen begiratzera eta entzutera gelditzea gustatzen zait. Zuhaitzei begiratzen diet, nire ezkerretara: pasealekutik errekaraino jaisten den miniaturazko basoa da. Beti bilatzen eta begiratzen dut uraren ibilbidea lubeta txikiaren hondoan. Zuhaitzen artean, itzalak eta argiak adarren eta hostoen artetik iragazten dira.
Eremu freskoa da udan, hezea neguan , eta putzuak ditu euria egiten duen egunetan. Arnasa sakon hartu eta Arroarantz jarraitu dut, paseoan.
Pabilioi bat igaro eta hurrengora iritsi gara.
Hemen bideak zabalagoa dirudi eta argi gehiago dago. Ezkerrean, egurrezko hesi txiki batek landaretzatik eta lubetatik bereizten gaitu, eta eskuinaldean industria-guneko metalezko hesia dago.
Bide hau bizikletaz edo oinez egin daiteke. Edonola ere, merezi du disfrutatzea.
Ia iritsi gara bidearen amaierara eta auzora.
Gelditu eta atzera begiratu dut, nondik etorri naizen ikusteko.
Laneguna bada ere, lasaitasuna dago. Autoak urrun daude, ezkerretara, pabiloiaren atzean. Zuhaitzek uraren soinua arintzen dute.
Kontrastez beteriko bide txikia da: natura vs giza eraikuntza, berdea vs txuria, hostoak, adarrak, belarrak vs metala, hormigoia, asfaltoa. Eta erdian, zapaldua, zentzatua, ibiltzeko bidegorria.
Bideari jarraitu eta egurrezko zubira iritsi naiz, industrialdearen eta Arroabea auzoaren arteko pasabidera.
Zubi honetan gelditzea gustatzen zait, leku magikoa da niretzat, mugakoa eta mundu batetik bestera igarotzeko lekua: egurra, zerua, zuhaitzak, ura, …
Nire semeak txikiak zirenean, hona etortzen ginen harriak uretara botatzera. Orain, paseatzera bakarrik etortzen banaiz, erdian gelditzen naiz beti, barandaren kontra. Lasaitasun barea arnasten da zuhaitzen presentziaren eta uraren artean.
Ia pena ematen dit zubia zeharkatu eta paseoa bukatzeak.
Barandaren kontra jarri eta ura bilatzen dut zuhaitzen artean. Gaur eguraldi ona egiten du, eta ikus daiteke zerua eta inguruko zuhaitzak islatzen direla bertan.
Urak soinu freskagarria eta hurbila du, beti martxan, beti berri.
Euri asko egiten duen egunetan, ura nahasiago egoten da, eta emaria handitu egiten da. Gaur bare doa, beste gauza guztietatik kanpo, ibilguaren ibilian, bere bidean.
Azkenean, zubia zeharkatu eta buelta eman dut hari begiratzeko. Euriarekin edo eguzkiarekin, edo goizean izotzarekin esnatu denean, zubi honek badu deitzen nauen zerbait.
Goizeko ibiltari baten eta bere txakurraren aztarnak, izotzean.
Bide amaierara iritsi gara eta orain etxera itzuli gara, zibilizaziora, auzora, pilak kargatuta.
Asko gustatzen zait ibilbide txiki hau egitea, urteko hainbat sasoitan bisitatzea, eguzkitan, euritan edo izoztutako neguko goiz batean. Ez nau aspertzen, beti aurkitzen dut zerbait.
Espero dut zuri ere gustatuko zaizula. Zatoz eta elkarrekin arakatuko dugu altxor txiki hau!”
Maria Roa
Egin zaitez bazkide