Baso bat ur Euskaraldiari

Egun batzuk pasa dira dagoeneko Euskaraldia hasi zenetik. Aurtengoan hirugarrena hain zuzen. Hamabostaldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea da. Lehen hitza euskaraz egitea, euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek erabiltzera animatzea eta abar…

Nagusiki, Nazio mailan antolatzen diren herri ekimenak interesatzen zaizkit. Ez luzatzearren ez naiz orain zeintzuk diren hemen aipatzen hasiko. Egun hauetan bizi dugun Euskaraldiak ere izaera nazionala du. Horrelako ekintzek, askeago sentiarazten naute. Konplexuetatik sendatzen lagundu. Txikia sentitzetik handia izatera bideratzen naute… Barrutik horrela jantzita, indarberriturik, Euskaraldiko txapa jertsean ipinita atera nintzen pasa den larunbatean kalera. Nere kintako kiderengana.

Elkartu behar ginen tabernara nindoala, bazkari ostean festa giroan zebilen jendearen alaitasuna nabaritu nuen. Kintakoak elkartu eta guregan gosea nagusitu zen arte elkarrekin kontu kontari poteatzeari ekin genion. Bapo afaldu ostean, umoretsu kaleratu ginen berriro eta oraingoan bete betean parrandan sartzeko asmoz.

Oso ondo pasatu nuen gaua kintoko lagun jatorrei esker. Baina, ez dakit nolatan ez zitzaion irribarrea aldatu soinean neraman Euskaraldiaren txapari. Basoka ur bat botako baliote bezala sentitu nintzen. Bestelako musikaz gain, “reggatoi” izenez ezagutzen dena maiz entzuten zen. Tabernetan reggatoia eta gaztelaniazko abestiak sarritan lagun. Hots!…ez noa bere negozioak babestu eta musika modaren korrentea edo eta bezeroen eskaera, jarraitzen diotenen kontra. Ez eta ere, ingelera edo gaztelera… hizkuntzen aurka. Aldiz, Euskaraldiko hamabostaldiaren ariketa bultzatu eta zaintzearen alde bai. Garbi gelditu dadila. Inguruko herrietan ere antzeko argazkia izango zela irudikatu nuen. Euskaraldiaren kalterako noski.

Badakit…globalizazioa dela eta, hori dela dagoena, zaila daukagula, zer egingo dugu ba… izen-ondo ezkorrak orotara erabiliko ditugula. Txikitasunera eramaten gaituztenak dira. Baina, horrela pentsatzea sufritzen dugun genozidioaren eraginaren kaltea besterik ez da.

Mikel Laboak, “Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak” kantuan ederki ezkertu zion amari berak aurrera egin zezan egindako guztiari. Bere amak bazekien zein gogorra zen bizitzan aurrera egitea. Guraso garenok badakigu hori eta horregatik hezitzen ditugu gure seme-alabak ahalik eta ondoen. Kantuak dioen bezala bizitzarako armak hartzearren. Bizitzan indartsu sentitu eta izatearren.

Ez zaigu inori burutik pasatuko gure seme-alabei bere biziko heziketa pausoak alferrikakoak izango direla esatea. Gauzak zailak egiten zaizkienean zerbait gainditu ezinean dabiltzanean ere ez. Agian, beste bide bat hartzera bai, baina norabidea galdu gabe. Ez ditugu mezu ezkorretan hesitzen. Era batera edo bestera aurrera egingo dutela badakigulako. Orduan, aplikatu dezagun formula bera. Indartu ditzagun mezu baikorrak. Dagokigun kasuan aplikatu Euskaraldira.

Musean dakienak badaki lau karta jaso ondoren bere estrategia antolatzen. Ez du bere egitekoa beti txikira zuzentzen, bestela ezingo delako jokoan garaile irten. Euskaraldian ere horixe. Ariketa bera egitea behar dugu. Jokoa antolatu eta iparra ez galdu. Beraz, musean bezala hasi gaitezen elkarrekin handira jokatzen eta denon artean akatsak zuzentzen.

Herritarren hizkuntz ohiturak biziberritzera etorri da Euskaraldia. Euskara ulertzeko gaitasuna dauketenekin erabiltzera, eta horretarako daramat “ahobizi” txapa paparrean. Baina agian, hurrengo parrandarako “belarriprest” lortu eta ipini beharko nuke, ea tabernetako bozgorailuak ere Euskaraldiaren ariketan konprometitzea lortzen dudan, tarteka bada ere, “ahobizi” moduan martxan.

Inigo Uria Odriozola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide