Paperekoa

[ZUTABEA] Ez du etenik

Aurtengo urtea ere ari da amaierara heltzen. Berriz ere iritsi da abendua, zutabea idazteko ordua. Zeinen azkar, ezta? Badatoz Gabonak, familiarekin elkartzeko egunak, une politak,… Urtean zehar izaten dira horretarako egunak baina Gabonak bereziak dira denontzat, giro goxo ederrean aspaldi egon gabeko izeba eta lehengusuekin elkartzen gara eta; Gabonak badute gurean berezitasunik ere, izaten dira hango opari eta txikienentzat gustagarri diren hainbat detaile, hemengo afari eta janari preziatu. Jarri al gara pentsatzen denek ez dituztela gurean bezalako abantailak izango opariak erosteko edo opariak jasotzeko? Gabon egun horiek ospatzeko, turroi goxoz lagunduta?
Gaur, oso entzuna dugun Gazari begira jartzen bagara, hor ikus daiteke adibide garbiena. Zenbat irudi tamalgarri, irudi horien atzean familia askoren atsekabeak. Milaka ume hilik, beste hainbeste senitarteko, baina gerrak ez du etenik. Eta zeinen gutxi hitz egiten den gurean horri buruz, ezta?
Nire inguruan behintzat telebistan ikusten dugunean hitz egiten dugu horri buruz. Gainontzean jartzen naiz ingurura begira eta ohartzen naiz zein ondo bizi garen eta zeinen “gaizki ohituta” gauden. Dena dugu eskura, hori nahi dugula? Horixe! Bestea behar dugula? Baita ere!
Orain dela aste batzuk, Tolosara joan nintzen. Gazte Palestinar bat bizikletan zebilen, bizkarretik Palestinako bandera handi bat harturik. Bizikletan megafonia bat zeraman eta hara non entzun nuen Joseba Sarrionandiak eginiko letrarekin Mikel Laboak abestu ohi zuen abestia: Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Halako zirrara bat sortu zidan gorputzean, malkoari ezin eutsita egon nintzela. Zeinen injustua, ezta? Beharbada, bere familia osoa gerran edo are gehiago, beharbada familiako kideren bat galduta. Besarkada handi bat bidali nahi nioke gazte tolosarrari, baita gerra honekin sufritzen ari den orori ere (nahiz eta ez duen askorako balioko). Lerro hauen bitartez barruan sortu zitzaidan korapiloa azalarazi nahiko nuke, ea saiatzen garen autokritikatxo bat egiten besteen azalean jarriz.

Amaia Agirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide