Azken gertakarien harira Gazte Asanbladaren zenbait argipen
— 2024-01-23Azken egunetako gertakarien harira, Gazte Asanbladatik zenbait argipen eman nahi ditugu eta esan diren zenbait kontu erantzun. Izan ere, beharrezkoa da batzuek egiten dituzten irakurketa interesatuen aurrean, arazoaren funtsa seinalatzea, eta beste behin, kontu guzti hau soluzionatzeko dugun nahia azpimarratzea.
EAJ-k dioenaren aurka, gezurra da prozesu guzti hau okupazioarekin hasi zela esatea, gutxienez 3 urte baitaramatza arazo honek mahai gainean. Negoziatzeko, eta horrela,
akordio batera iristeko prestutasuna erakusten daramagun denbora guzti honetan, jabea den gotzaindegiak entzungor egin du eta beraz, bere parte den Zestoako Elizak ere bai.
Gazteoi eraikin huts batean elkartasunezko erabilpen soziala ematen utzi beharrean (formakuntzak, tailerrak, arropa bilketak, janari banaketak…) dirua egitea besterik ez baitu buruan elizak. Hori da gaitzetsi beharko litzatekeena eta, bide batez, arazoaren funtsa dena. Instituzio espekulatzaile honek nahiago izan baitu hau guztia kontu judizial batera eraman eta bi gazte auziperatu. Baina zer esango duzue zuek, zuen interes bakarra negozioa denean? Ez mozorrotu elkartasunez benetan hala ez dena; Elizaren nahiz beste edozein instituzio kapitalistaren jarrera eta diru goseari alfonbra gorria jartzen diezue eta etengabe.
Zer espero zitekeen ordea dirua egitera mugatzen den EAJ-z? Zuek elkartasuna adieraztearen arrazoi bakarra espekulazio operazioetara dedikatzen direnenganako enpatia da. Ez zaudete lezioak emateko, eta ezta bake sozialaz hitz egiteko ere. Are gutxiago, seguru asko zuen ertzainak izango direnean eraikinetik kolpeka botako gaituztenak azkenean, beste leku askotan egin duten bezala. Bestalde, askatasunaren kontrako eraso moduan ikusten dituzue azken egunetan eman diren ekintzak, guk ez. Ulertzen dugu eliz komunitatean sortu den haserrea igandean emandako ekintza dela eta, baina garbi utzi nahi dugu Gazte Asanblada ez doala fededunen aurka, baizik eta eliza katolikoaren instituzioen jarreraren zein jokatzeko moduaren aurka.
Hain zuzen ere, jarrera gaitzesgarri hori salatzeko elkartasun ekintzak dira, eta, inolaz ere ez beldurra sortzeko asmoz eginak. Ez da beldurgarriagoa, bi gazte, isun handiak erortzeko arriskuarekin gainera, epaituak izatea asteazkenean? Milaka eurotako isunak jasan behar izatea eraikin huts eta zaharkitu bati erabilpen etiko bat ematen saiatzeagatik? Hori ez duzue salatzen? Ez zaizue askorik inporta gazte hauei gertatuko zaiena. Elkartasun ekintza horiek, hain zuzen, egoera horren salaketa dute jomuga.
Azkenik, esan beharra dago Gazte Asanbladak berak hartzen dituela bere erabakiak eta hala egiten jarraituko duela, sarri ateratzen diren mamuen gainetik. Beraz, irmoa da Z.G.A.-k eraikinarekiko daukan asmoa eta hasieratik hala adierazi eta erakutsi dugu. Bukatzeko, argi utzi nahi dugu, beste behin, zentroko gaztetxearen legitimitatea eta asanbladak berau defendatzeko duen asmoa. Beraz, eta duen garrantzia azpimarratuz, dei egiten diegu herritar guztiei asteazken goizean, 9:00etan, Azpeitiko epaitegi aurrean egingo den elkarretaratzera gerturatzera, herriko bi gazteei babesa adierazteko eta desalojo prozesua geldiaraztea eskatzeko.
GAZTETXEA DEFENDATU, DESALOJOA GELDITU!
Egin zaitez bazkide