Albisteak

[ELKARRIZKETA] Gabirel Ezkurdia Palestinako gatazkaren inguruan

Ostegunean, otsailaren 22an, Palestinaren inguruko hitzaldia egin zen Portalen. GeopolitikaZ taldeko kidea Gabirel Ezkurdia, politologoa, gonbidatu zuen Portale kultur elkarteak. Ezkurdiak, Palestinan gaur egun gertatzen ari dena azaltzeko, historian zeharreko irakurketa bat egin eta gatazka ondo ulertzeko hainbat gako eman zituen. Bi ordu luzez aretoa jendez bete zen. Gai ilun bati umoretik eutsi nahi izan zion eta ekarri zituen datu eta irudi piloak bertaratutakoen iruditegia zabaltzera lagundu zuen.

Hitzaldiaren ondoren, herritar guztiekin partekatzeko, galdera batzuk erantzun dizkigu Gabirel Ezkurdiak.

Zer da GeopolitikaZ taldea eta nor zara zu?

GeopolitikaZ, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldea gara, ikergai nagusiak, nazioarteko politika, nazioarteko harremanak, eremuko azterlanak eta geopolitika ditugu. Euskal Herriko nazioartegintzaren inguruan hausnartzen dugu, beti ere ikuspegi euskaldun eta abertzale batetik. Nik nazioarteko harremanetan egin nuen doktoretza, eta politologian aditua naiz. Internet baino lehen asko bidaiatu izan dut beti zeregin honen arira, Txetxenia, Jugoslavia…

Hitzaldian Palestinaz aritu zara, zein da gaur egungo egoera Gazan?

2023ko urriaren 7tik sionistak Gaza suntsitzen ari dira, nahiz eta gatazka hau ez den orain hasi. II. Mundu Gerratik proportzionalki eman dan genozidiorik handiena da. 4 hilabetetan 35.000 hildako: 12.000 umeak direlarik eta 70.000 zauritu. Bi milioi pertsonak hegoaldera ihes egin dute, itxita dagoen gune zabal batera, han berriro ere bonbardatuak izateko. Gazako iparraldeko eraikinen % 82 txikituta dago. Energia, ura eta janaria blokeatuta. Negua, hotza eta euria… Bai, genozidio bat da, eta horregatik ‘Israel’ salatua izan da Hegoafrika eta munduko beste hamarnaka estatu eta erakundeengatik Nazioarteko Auzitegi Gorenean.

Palestinako gatazka ondo ulertzeko Judu, Sionista eta Semita zer den ondo ezberdintzea funtsezkoa dela aipatzen duzu etengabe.

Judutarrak ez dira herri bat edo munduan zehar sakabanatuta bizi den nazio bat. Judaismoa erlijio bat da. Kristautasuna edota islama bezala, judutarrak multietnikoak eta multikulturalak dira. Jatorri ezberdinetakoak. Eslabiarrak, askenaziak (Europa Erdialdekoak), sefardiak, falashak (beltzak azalez, Afrikako Adarrekoak), persak (irandarrak), eta semitak (ekialde hurbilean eta Magreb jaiotakoak). Azken hauek dira semitak, eta beraiek bezala inguru berdinean jaiotako arabiarrak. Beraz, palestinarrak ere, semitak ditugu.

Sionismoa, konstruktu bat da, asmakizun bat. XIX. Mendean Europan bizi ziren judutar batzuk argudio mitologikoak erabiliz nolanahiko ideologia abertzale bat garatu zuten. Sionisten ustez, Palestina eta ia Ekialde Hurbil osoa (Eufrates ibaitik –Iraken- Nilo –Egipton- (Eretz Israel edo Israel handia deritzotena) Jainkoak judutarrei prometitutako edo agindutako lurraldea da. Munduan dauden judutar gehienak ez zuten eta ez dute sionismoaren proiektu horretan parte hartu nahi. Asimilatuak dira, hau da judutarrak sentitzen dira erlijioz baina hurrenez hurreneko nazionalitateaz (estatubatuarrak, italiarrak, errusiarrak, grekoak…).

Munduan 15 milioi judutar daude guztira. Mexiko DFko biztanleria baino gutxiago. Honetatik, 8 milioi inguru ‘Israelen’ bizi dira. 8 milioi besterik ez!

Orduan, arazoa sionismoa da?

Sionismoan datza funtsezko arazoa bai, eta planteatutako gai guztiak berez lotuta daude ideologia horrekin. Beti izan dute kolonoen jarrera supremazista, pentsatzen dute hango lurra haiena dela Jainkoak eman dielako.

1948an Israel jaio eta berehala 800.000 arabiar bota zituzten Palestinatik. Etxeak lapurtu, herriak desegin… Nakba deritzo ‘triskantza genozida’ hartari. Ordutik Siria, Libano, Egipto, Zisjordania eta Jerusalen, batez ere, sionistek lurrak eta jabetzak atzerritik heldutako kolonoen bitartez eskuratu dituzte, palestinarrak botaz, haien helburu historikoa bete nahian. XX. mendean izan diren buruzagi sionista guzti-guztiek (Ben Gurion, Golda Meir, Shamir, Sharon, Netanyahu…) argi aldarrikatu dute ‘Eretz Israelen’ eraikuntzan arabiarrak soberan zirela.

Sionismoak ‘Israel’ kritikatzen edo salatzen duen guztiari antisemitismoaren etiketa jartzen diote, baina palestinarren sarraskia ikusita sionismoa da benetan, egun, semiten kontrakoa dena. ‘Israelek’ historikoki judutarren biktimismoan oinarritu du bere ekimena, baina oraingoan guztiz xahutu du biktimismo manipulatu hori. Nola genozidio baten «biktima izan» genozidio bat burutzen ari zaren bitartean?

Zer egin dezakegu Zestoako herritarrok Palestinako egoera hobetze aldera?

Egia da ezer gutxi egin dezakegula dirudiela, baina badaukagu zer egina. Hasteko, gaia ahanzturan ez uztea, egunero ikusgarritasuna ematea. Gure etxeetako lehiotan eta gure sareetan Palestinako ikurrinak jartzea, palestinar zapiak berriro ere erabiltzea. Egunero esnatzen garenean, aurreko 4 egunetan 165 ume palestinar erail dituztela oroitzea eta hori gure elkarrizketetan presente izatea. Oso eraginkorra den beste ekintza bat, eta beharrezkoa dena israeldar produktuei boikota egitea da, horrek eragin zuzena egin diezaieke. Azkenik eta oso garrantzitsua, gure politikoei erantzukizuna eskatzea da. Batzuk hipokritak eta besteak ez dira behar bezain beste mintzatu.

Ostegunean, hitzaldira joan ezin izan zuenarentzat, hitzaldi bera emango du Deban datorren ostegunean, arratsaldeko 18:30ean Debako Kultur Elkartean.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide