Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Goizeko 10ak aldera egin ditu adierazpenak Zestoako gazte Asanbladak. Horrela irakurri du Asanbladako kide batek Gaztetxeko balkoitik:
Zestuko Gazte Asanbladatik adierazi nahi dugu, desalojo agindua bertan behera gelditzea lortu dugula. Denbora honetan guztian Euskal Herri osotik iritsi zaizkigun elkartasun keinu eta ekimenengatik eta borrokak hartu duen garrantzia ikusita, elizak ezin izan dio antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun indar honi aurre egin, eta horregatik, desalojoa egiteko saiakera bertan behera geratu da. Antolakuntzaren indarraren erakusle izan da gaurkoa! Eskerrik asko!
Berriro ikusi da egindako borroka guztiak merezi izan duela. Eta aurrerantzean, borrokarako indar handiagoarekin jarraitzeko arrazoiak ematen dizkigu gaurkoak. Hasieratik adierazi izan dugun bezala, gaztetxearen aldeko borrokan berresten gara. Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da gaztetxearen auziari aterabide bat emateko pausoak ematea.
Azken hilabeteetako indar antolatuak prozesuan inplikatuta dauden eragileen posizioa mugiarazi du, bereziki azken asteetan, eta borrokaren fruituak geroz eta nabarmenagoak izaten ari dira. Horregatik Udalari eta elizari hitz egitera esertzeko deia luzatzen diegu, behingoz egoerari aterabide bat emateko.
Honek garbi erakutsi digu gainontzeko espazio politikoen defentsa ere soilik antolakuntzaren bitartez eman daitekeela. Horregatik, inoiz baino indartsuago, Zestoako Gazte Asanblada espazio hauen hedapenean bidelagun izango duzue. Bide honetan, doakiela elkartasunik handiena atzo Bilboko Zentro Sozialista desalojatu zieten kideei eta baita ere desalojo arriskuan dauden beste gaztetxeetako kideei!
Gazte Asanbladatik benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu atzotik herrian lotan geratu zaretenoi, baita gaur goizean goiz gaztetxea defendatzera etorri zaretenoi ere; eta gaztetxearen aldeko konpromiso irmoan berresten gara. Zuei esker dago oraindik gaztetxea bizirik! Eskerrik asko!
Borrokak merezi du!
Gora Zestoako Gaztetxea!
