Azken erailketa matxistaren harira idatzia
— 2024-09-15Ostiralean, herriko plazan elkartu ginen Bilbon jazotako erailketa matxista salatzeko. Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.
Zoritxarrez, ostegunekoa ez da izan aurten Euskal Herrian gertatu den erailketa matxista bakarra: pasa den maiatzean Donibane Lohizunen eta ekainean Urruñan beste bi erailketa matxista izan ziren. Beraz, 2024ean 3 erailketa matxista doaz Euskal Herrian.
Hori gutxi ez, eta 2024a hasi zenetik gaur arte, 461 eraso matxista salatu dira, gutxienez, EAEn, eta jakin badakigu, beste eraso asko eta asko ez direla salatzen.
Horrekin ikusten duguna da indarkeria matxistak eguneroko ogi izaten jarraitzen duela, datuek erakusten dutenez egunero-egunero gertatatzen baitira erasoak. Hau da, askok esaten edo pentsatzen dutenaren kontra, indarkeria matxistak errealitate izaten jarraitzen du oraindik ere.
Beraz, horren guztiaren aurrean, Itaiako kideok argi dugu behar-beharrezkoa dela:
● Eraso guztiak salatzea. Guztioi dagokigu erasoen aurrean erantzun sendoak ematea, bat bera ere pasatzen utzi gabe, aurrera begira eraso gehiago ez gertatzeko berme gisa.
● Erasotzaileen inpunitatearen kontra borrokatzea.
● Indarkeria matxistaren aurkako antolakuntzara gero eta jende gehiago batzea.
Itaian, aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo ikasturtean ere horretan jarraituko dugu, eta bidean zuen aletxoa jartzera animatzen zaituztegu.
INDARKERIA MATXISTA ORORI AURRE EGIN!
Egin zaitez bazkide