Albisteak

Argiolak Aizarnan eta Arroabean proiektu fotovoltaikoak jarriko ditu martxan

Argiola, energia berriztagarrien komunitateak, urtebeteko ibilbidearen ondoren, kooperatibaren lehenengo proiektua aurkeztu du aste honetan. Aizarna eta Arroabeko auzotarrek autokontsumo partekatuaren bidez, eguzki energia berriztagarria erabiltzea da egitasmoaren xedea.

Aizarnan, asteartean egin zen lehen aurkezpena eta Arroabean atzo izan zen Argiolako lan-taldea proiektuaren berri ematen, bi lekuetan 30 lagun inguru elkartu ziren. Egitasmo honek, kooperatiba berak oinarri dituen filosofiari erantzuten dio. Energia subiranotasuna bultzatzea, erabakiak komunitatean hartuz, tokiko ekonomia garatzea, ditugun baliabideak bertan gera daitezen, gizarte kohesioa sustatuz eta trantsizio energetikoa, modu aktibo, demokratiko eta kolektiboan bultzatzea. Gainera, udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan daude, egoera zaurgarrian dauden bizilagunak babestu eta proiektuan parte hartu ahal izatea bideratzeko.

Proiektua aurrera eraman ahal izateko, aste honetan Zestoako Udalak eta Argiolak lagapen hitzarmena sinatu dute. Bertan udalak Arroabeko eskolako teilatua eta Aizarnako pilotalekuaren teilatua erabiltzeko baimena ematen dio energia berriztagarrien komunitateari. Horretaz gain, Argiolak Goiener kooperatibaren babesa izango du kudeaketa administratibo eta teknikoetarako.

Proiektuan parte hartzeko baldintzak:

Aizarnako pilotalekutik eta Arroako eskolatik 2 kilometroetara bizi den edonork hartu ahal izango du parte eta Argiola kooperatibari derrigorrezko bazkide ekarpen bat egin beharko zaio. Egin beharreko ekarpena, etxebizitza bakoitzeko kontsumoaren araberakoa izango da. Eredu moduan bi pakete aurkeztu dituzte aste honetan, baina egoera bakoitza aztertu ondoren, etxe bakoitzak ongi dagokion moduloa hautatu ahal izango du. Lehenengo aukera: 0,5kW, 500 euroko bazkide ekarpena eta 50 euroko mantenu gastua urtean. Bigarren aukera: 1kW 1000 euroko bazkide ekarpena eta 100 euroko mantenu gastua urtean.

Proiektuan parte hartzeagatik merkaturatzailez aldatu beharrik ez da izango, eta erabiltzaileek kooperatibaren laguntza izango dute autokontsumoarekin lotutako kudeaketaren bat egin behar izanez gero.

Aurreko pausuak emanda, etorkizuneko fakturan, zure argindar enpresa banatzaileak, proiektu fotovoltaikoan sortu den energiaren zatia, zure fakturatik deskontatu egin beharko dizu. Gainerako energia sortu bada, energia sare orokorrera itzuli eta zure distribuidorak erosi egin beharko dizu, zati hori ere zure hurrengo fakturatik deskontatuz.

Hortaz, urtean zehar angindarren fakturan aurreztu ahal  izatea aurreikusten da, baina horretan oso zintzo azaldu zuten proiektuaren bultzatzaileek, ezinezkoa dela hori ziurtatzea. Izan ere, energiaren prezioak etengabeko gorabehera izaten ditu. Baina proiektuan parte hartuz, energia subiranotasunean eta tokian tokiko energia berriztagarria kontsumitzeko aurrera pauso handia emango dela sinisten dute.

Proiektuan izena emateko aukerak:

Proiektuan parte hartu nahi dutenek,  urriaren 31 baina lehen izena eman beharko dute. Horretarako irailaren 27, 28 eta 29an Argiolako kideak, bai Arroara eta bai Aizarnara gerturatuko dira, nahi duenak izena eman eta behar duenari proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko. Horretaz gain, harremanetarako hurrengo zenbakia eta helbide elektronikoak luzatu dute argiola@ni.eus

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide