Egitarau zabalarekin dator Esklabak Zentro Sozialistaren VI. urteurrena

Hilaren 19an ospatuko da Esklabak Zentro Sozialistaren urteurrena, eta sarrerak salgai daude jada Haginpe tabernan nahiz Instagram eta whatsapp kontuetatik.

Urriaren 19an Esklabak Zentro Sozialistaren VI. urteurrena ospatuko dugu. Bertan, egun osoko egitaraua antolatu dugu: hasi goizeko umeentzako ikuskizunetik, bazkaria, umorezko saioa, kirol ikuskizunak eta kontzertuetaraino.

VI. urteurren honen atarian, guretzako Esklabek berebiziko garrantzia daukate eta beharrezkoa dugun azpiegitura izateaz gain, mugimendu bezala hazten ere lagundu digun espazioa izan da. Bertara sartu ginenetik 6 urte pasa dira eta hamarnaka iniziatiba eta proiektu atera dira aurrera bertatik: formakuntzak, biltegiak, aholkularitza juridikoak, aisialdi eskaintzak edota orain klase partikularrak.

Hala ere, aipatutakoez gain, aurrera begira dauzkagun asmoak oraindik gehiago dira: bertan aurrera ateratzen diren ekimenek gizartea beste era batera antola daitekeenaren islada bezala balio dute, eta sektore zaurgarrienei antolakuntzarako baldintzak eta babesa ematen dizkiete. Zentro Sozialistak, azken finean, proiektu sozialistaren zutabe eta gizarte berri baten errainu dira.

Egunari dagokionez, goizeko ikuskizuna doan izango da, eta bazkaria eta arratsaldeko ikuskizunak 15 euro ordaindu beharko dira; aldiz, kirol ikuskizuna eta kontzertuak ikusteko 8 euro. Tiketak Haginpe tabernan nahiz Instagram eta whatsapp kontuetatik lortu daitezke.

Izan dadila, beraz, urriaren 19a egin duguna oroitzeko eta ospatzeko, eta aurretik dauzkagun erronkei ilusioz begiratzeko eguna.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide