Paperekoa

[ZUTABEA] Parte hartzeak eta lehiak

Gure haurrei parte hartzea zein garrantzitsua den erakutsi behar omen diegu. Ikas dezaten partida irabaztea baino inportanteagoa dela aritzea, taldean egitea, guztiok mugitzea. Baina guk, helduok, ba al dakigu parte hartzen eta parte hartuz bizi al gara?

Beste inorenak baino eder eta gogorragoak edukitzeko, grabitatearen legeari kontra egiten dioten ipurdiak izateko, joaten gara gimnasiora; mendi tontorrera nor lehenago igo denborak hobetzeko egiten dugu korrika mendian astean hiru aldiz; janzten ditugu modako arropak aste osoan zehar ondo landutako gorputz eta ondo orraztuetan; asteburuak ondo aprobetxatzeko hobeto ordaindutako furgonetetan egiten ditugu txangoak… eta dena sare sozialetan zabaldu, gure lagunek ikus dezaten zein eder eta zoriontsuak garen. Nago ez ote diegun parte hartzearen inguruan gezurtxoren bat esan gure haurrei, gu eguneroko lehian bizi garen bitartean… Baina dena da mindfulness, dena da norbere (detaile hau garrantzitsua da, norbere hori) osasun mentalaren izenean. Horretarako ateratzen dugu denbora. Komunitatearen osasuna non geratzen den ia…

Ez al da hobe izango haurrei zelaira edo kantxara partida irabaztera atera behar dela erakustea (balore batzuekin, ados) eta parte hartzearen eredu helduok izatea? Kurtso berriarekin batera ikastaroetan izen-emateko epeak irekitzen diren bezala, uste dut herriko eragileek ere gustura jasoko lituzketela kide berriak. Ez al da polita haurrek helduak komunitaterako lanean ikustea? Ez al da hori ere heziketaren parte?

Baina uste dut aurrena guk sinistu behar dugula parte hartzean, sinistu behar dugula komunitatean eta komunitaterako lan egiteak baduela zentzua, emaitzak lortzen direla gauzak ilusio pixka batekin egin ezkero, sinistu behar dugula gauza politak egiteko gai garela eta herri hobe bat egiteko balio dezakeela. Bestela, “marroi” bat izaten segituko dute eta mundu lehiakor honetan parte hartzea gezur bat dela azkar ulertuko dute gure haurrek.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide