Zestoako EH Bilduren oharra EAJ-PNVri erantzunez

Zestoako EAJ-PNVk 2025eko ordenantza fiskalei ezezkoa emateko erabili dituen argudioei erantzuna emate aldera Zestoako EH Bilduk ondoko hausnarketa egiten du:

Hasteko, EAJko udal ordezkariak zestoarren ongizatearekin eta hondakinen tasarekin hain kezkatuak egonda, nekez uler genezake hondakinaz hitz egin eta erabakiak hartzen diren Urola Erdiko Mankomunitateko junta eta batzarretara legealdi honetan agertu ere ez izana. Hau da, Zestoako EAJri Urola Erdiko Mankomunitatean ordezkari titular bat eta ordezkoa dagozkiolarik eta legealdiko (urte eta erdi) bilera eta batzar guztietara piper egiteagatik, eskualde osoko oposizio talde bakarra da oraino dagokion ordezkaria ere izendatu gabe daukana. Honi arduragabekeria politiko larria deitzen zaio.

Eta jakina, klase guztietara piper egin duenak azterketa gainditu ezin, eta informazio eta datuak ere behar bezala interpretatzeko nagikeria latza. Izan ere, erabili dituzten datuak behar bezala azaltzeko tratamenduaren oinarriak ere behar bezala azaldu beharko lituzkete. Gau egun, errefusa frakzio kopuruak tasa izugarri baldintzatzen du eta komertzioen kasuan esaterako, errefusaren kalte ekonomikoa zifra zehatzetan behar bezala inputatuko bagenu, ondorio ekonomikoak komertzioentzat are kaltegarriagoak lirateke. Ez da kasualitatea Gipuzkoako herririk gehienetan, Zestoan bezala, kopuru integrala oinarri gisa hartu izana, kopuru objektiboena hori delako eta bestela herritarrak gehiago kaltetuko genituzkeelako.

Nolanahi ere, eta hau ez du EAJ-PNVk bere idatzian aipatzen, Europako zuzentarauak behartuta ezarritako igoera eta gero, Zestoako komertzioek ordaindu beharreko tasa, eskualdeko eta tamaina bereko herrietako bataz bestekoaren azpitik dago.

Amaitzeko, Urola Erdiko Mankomunitateak, azken hilabeteetan bilketa sistema doitu eta merkatzeko  helburuz, hainbat batzar egin ditu eta batzar hauetara ere eskualde osotik agertu ez diren bakarrak Zestoako oposizioko EAJko ordezkariak izan dira.

Beraz, bistakoa da, herri ordezkari gisa dagozkien gutxieneko konpromisorik bete gabe nekez egingo dutela zestoarren alde!

 

Zestoan, 2025eko urriaren 17an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide