Paperekoa
[PEPEREKOA] Aizarna eta Arroabea txapeldun
— 2024-11-02Jone Bergararen audioa: “Hi, Onin, Atarikoa idaztea dagokin. Hilabete honetan Arroabea eta Aizarna, Aizarna eta Arroabea”. Alegia, bi auzoak direla protagonista erabatekoak. Herritar askok jakingo duzuen bezala, urriaren 12an Txikitasunian Haundi eguna ospatu zuten Arroabean; Jone Bergarak berak Jon Egigureni egin dio elkarrizketa, haren aizarna.com webguneak hogei urte egin dituelako; eta auzotarren ekinak borobiltzeko Argiola aipatu behar: Zestoako erdigunean baino lehenago, Argiolaren eskutik, Aizarnan eta Arroabean jarriko dituzte eguzki plakak, herritarrek ekarpen ekonomikoa eginda, herritarrek energia eskuratzeko.
Danbolin elkartearen inguruan ibiltzen garenok sarri samar entzuten dugu auzoak ez ote diren txiki sentitzen, eta askotan, Zestoako erdiguneak baztertuxe ere bai. Danbolinek ez du uste auzoak “txiki” direnik eta urriko zenbakia horren adibide da.
Norberaren etxeko atea itxi eta besaulki erosoan plataforma digitaletako telesailak ikusten orduak eta orduak pasatzen ditugun garai hauetan, pizgarri galanta da Arroabera begira jartzea. 2016tik ari dira Txikitasunian Haundi eguna antolatzen, eta egun hori ez da txanpinoi bat, Ohiana Calparsorok idatzi duen artikulua irakurri besterik ez dago horretaz jabetzeko. Urteak daramatzate auzotarren arteko harremanak lantzen, gure kulturari eta hizkuntzari nola eutsi pentsatzen, herritar guztien parte-hartzea bultzatzen… eta orain, etorri berriei harrera plana egiten hasi dira. Auzoa bizitzeko grina lau haizetara zabaltzen dute. Kaxkoko zestoarrok ez ote dugun gehiago begiratu behar alde hartara… badaukagu zer ikasia.
Jon Egiguren, berriz, Aizarnaren iragana harrapatzen ahalegindu da aizarna.com webgunean. Bi hamarkadatarako lana izan badu, auzoa norbait izan den seinale. Auzoaren historia, pasarteak, baserriak, meategiak, eraikin erlijiosoak… idatzita, argazkitan eta bideoan ere bai. Atzera begira bai, baina gaurko Aizarnari ez dio muzinik egin. Argazkiak ikusi besterik ez dago. Egigurenek urte asko daramatza Azpeitian bizitzen, baina ez dauka Aizarna saltzeko, ezta aizarnarrak ere. Bere erara ari da auzoa hauspotzen eta maitatzen.
Eta bukatzeko, Argiolaren hurrengo pausoak jaso ditu artikulu batek. Arroabean eta Aizarnan, bertan sortu nahi dute energia eta bertan kontsumitu.
Auzoak auzoentzat ari dira lanean. Beraiek erabakiko dute txikitik, handitik edo nondik ari diren eragiten, baina zalantzarik ez dago eragiten ari direla.
Onintza Irureta Azkune
Egin zaitez bazkide