Albisteak
[ELKARRIZKETA] Maialen Etxeberria: “Herriarekin komunikatuta egotea, hori da nire lehentasuna”
— 2024-11-21Zestoako Udalbatzak aldaketak izan ditu ia legegintzaldi erdira iritsi garen honetan. Udara aurretik Beatriz Zubia Arambarrik EH Bilduko zinegotzi kargua utzi zuen eta ikasturtearen bueltan Maialen Etxeberriak hartu du bere lekukoa. Ikasketak amaitu eta munduan zehar bidaiatzen ibili ondoren, Zestoara itzuli berri den 30 urteko gazteari egokitu zaio udal taldean sartzea. Zeregin berriaren inguruan dituen espektatiben berri hitz egin digu hurrengo elkarrizketan.
Zerk bultzatu zintuen Udalerako hautagaien zerrendan sartu eta administrazio publikoan rol bat hartzera?
Ez dakit oso ondo nola erantzun, beti izan dut jakin mina udal baten eta administrazio publikoaren funtzionamenduaren inguruan. Gehiegi pentsatu gabe parte hartzea erabaki nuen. Hasieran zerrendan atzean jarri nintzen, baina tokatu zaidanean, momentu eta leku onean harrapatu nau eta erabaki dut aurrera jarraitzea. Behintzat legegintzaldi honi ausart eta positiboki aurre egitea.
Zer esperientzia duzu antzeko roletan edo komunitatearekin lan egiten duten proiektuetan?
Lehenengo aldia da horrelako rol batean aritzen naizela. Nik Lehen Hezkuntza ikasi nuen, magisteritza EHUn, baina oso gutxi jardun dut horretan lanean. Txikitatik beti parte hartu izan dut herriko eragile ezberdinetan, kirola, kultura, begirale lanetan edota entrenatzaile bezala, beti egon naiz eragile ezberdinei lotuta. Baina horrelako dimentsiotan aritzen naizen lehenengo aldia izango da.
Zer prestakuntza duzu eta nola uste duzu zure ikasketek edo aurretiko esperientziak eragina izango dutela eginbehar honetan?
Esan bezala ni magisteritzatik nator, eta orain dela gutxi MBA masterra egin dut nazioarteko enpresa kudeaketan. Egia da oso nahasketa berezia dela, ez da ohikoena. Baina, bakoitzak ematen dituen alde positiboak uztartu nahi nituzke eta administrazio publikoarentzat interesgarria izan daitekeen ikuspuntu ezberdina erantsi. Uste dut agian gaztetasunak dakarren freskotasuna, eta lan egiteko modu ezberdinak ekartzeak positiboki eragingo diezaiokeela lan taldearen egunerokotasuneko erritmoari.
Zer baliok eta printzipiok gidatzen dute zinegotzi gisa egingo duzun lanak? Ba al dago esparru publikoan lan egitera bultzatu zaituen figurarik edo esperientziarik?
Nire iritziz, zinegotzi izateko oso eskuzabala izan behar da eta ikasteko gogotsu egon, moldatzeko erraza izan, eta taldean lana egitea gustatu behar zaizu. Gehien bat heldu behar diezun gai edo proiektuek benetan bete behar zaituzte eta herriarentzat aldaketa suposatu behar dute. Azken finean musu-truk egiten duzu lana eta jendearengan bizitzan onura ekarriko duzunaren esperantza eta motibazioarekin lan egin behar duzu, orokorrean herriari gauza positiboak ekarriko dizkiozula pentsatuta. Nire erreferentziak, nire familiarrak eta arlo berdinetan dabiltzan hainbat pertsona dira. Komunikabideek ere bultzatzen naute gehiago jakin nahi izatera, kuriositate hori pizten didate.
Nola baloratzen duzu gure udalerriaren egungo egoera? Zure ustez, zeintzuk dira erantzun beharreko lehentasunak?
Nik beti esan izan dut Zestoan oso ondo bizi garela, baina badaudela aldatuko nituzkeen gauzak ere. Egia da hainbat lekutan bizi izanak konparatzeko pribilegioa eman didala. Kanpoan bizitzeak hemengo alde on eta txarrak baloratzeko aukera eman dit. Nik uste herri berezia garela, bertan bizi garenok oso harreman bereziak ditugula elkarrekiko eta goxotasun hori ezin dela galdu. Noski mila gauza daude aldatzeko modukoak, baina uste dut gure bizi maila hobetzen duen edozein arlori lehentasun maila altua eman behar zaiola. Lehenengo pausua herria entzutea da, herriarekin komunikatuta egotea, hori da nire lehentasuna.
Nola gustatuko litzaizuke herriak zure rola antzematea Udalean? Zer ekarpen egitea espero duzu zinegotzi gisa?
Nik nahiko nuke jendeak erreakzio positiboa edukitzea, jendea niregana lasai hurbiltzea, bai hitz egitera, eta baita beraien iritziak ematera edo edozein proposamen ekartzera ere. Nik luxuzko hotel batean egiten dut lan orain Donostian. Esperientzia horretatik abiatuta, turismoa, ostalaritza eta merkataritzari buruzko ekarpen berriak egiteko asmoarekin nator.
Ba al dago udalerrian beti inplementatu edo gauzatu nahi izan duzun ekimenik edo proiekturik?
Ez daukat proiektu berezirik eskuartean, baina beti gustuko izan dut herria bizirik sentitzea, jendea bertan mugitzen dela ikustea, gazteak herrian geratu nahi dutela entzutea. Gastronomiaren arloak arreta ematen dit eta garrantzi handia ematen diot, horregatik beti pentsatu izan dut horri heltzeko proiektuak jarri behar direla martxan.
Zer erronka aurreikusten dituzu kargu honetan, eta nola egingo diezu aurre herritarren itxaropenak betetzeko?
Lehenengo erronka, nire burua rol honetan asentatzea izango da. Nire lan taldeko kideak ezagutu eta zeregin hau nire egunerokotasunarekin nola uztartuko dudan ikustea. Hori, arlo pertsonalean. Gero, herritarren itxaropenak betetzeko, nire lehentasuna beti izango da lanean ari garela erakustea, ahalik eta erabaki onenak hartu eta proiektu aberasgarrienak aukeratzen saiatuta. Komunikazioa lantzeari ere garrantzia emango diot, iruditzen zaidalako komunikazio aldetik lan handia dugula egiteko. Herriari jakinarazi behar diogu asmorik onenarekin guztion bizimodu maila hobetzen saiatuko garela.
Azkenik, nola ikusi nahiko zenuke zure lanaren eragina urte batzuk barru, eta zer ondare utzi nahiko zenuke Udalean?
Udala eta herritarren arteko gertukotasuna urteetan zehar hobetzen doala ikustea nahiko nuke. Asko gustatuko litzaidake antolatzen digun bilera, batzar eta ekintzetan jendeak parte hartzea eta guztion artean eraikitzea etorkizunean ikus nahi dugun Zestoa. Azken finean, zinegotziak herritar xumeak gara, gure asmo honenarekin gatoz eta ikus dadila denon artean, Udala eta herritarren artean, errazagoa dela erabakiak hartu eta proiektuak aurrera ateratzea, amesten dugun etorkizuneko Zestoa utopiko hori eraikitzeko.
Egin zaitez bazkide