Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Mixa Fortova oihalak eta arropak berrerabiltzeko hainbat sorkuntza eta artisau lan egiten dituen sortzailea da. Urtarriletik aurrera, ostiraletako azokan postua jartzen du Larajandi Plazan, bigarren eskuko arropak eta berak sortutako eta jositako artisau-lanak eskainiz. Bere lanari buruz gehiago jakiteko, galdera batzuk egin dizkiogu.
Ostiraleko azokara etortzen hasi zara, zer ikusi ahalko dugu zure postuan?
Bigarren eskuko arropak izango ditut, bai helduentzako bai haurrentzako, eta hainbat estilo ezberdinetakoak. Edozeinek ekar dezake erabiltzen ez duen arropa nire postura, eta, ordainetan, “truke txartela” jasoko du. Txartel horri esker, %50eko deskontua izango du bigarren eskuko beste arropa bat erosterakoan, edo %10ekoa nire artisau lanei dagokienez. Izan ere, eskuz sortutako hainbat pieza ere izango ditut postuan. Era guztietako arropa jasotzen dut, barruko arropa eta oinetakoak izan ezik.
Nola sortu zen bigarren eskuko arropa eta artisau lanekin azokan parte hartzeko ideia? Nola uztartzen dituzu moda jasangarria eta artisautza?
Txikitatik gustatu izan zait jostea, kakorratza egitea eta puntua lantzea. Aldi berean, moda industriak sortzen duen zabor kopuru izugarriak kezka sortzen zidan. Horregatik, lagun batekin batera “Endredamakina” izeneko osagarrien marka txiki bat sortu nuen. Bertan, ingurukoek baztertutako jantziak berrerabiltzen genituen lehengai gisa, zabor bihurtu beharrean. Horrela, motxilak, poltsak eta karteratxoak sortzen genituen. Proiektua eboluzionatzen eta zabaltzen joan da, jendeak erabilitako arropa nire lantegira ekartzeko ohitura hartu baitu. Azpeitiko Elkar-ekin proiektuarekin elkarlanean ere aritu naiz: norbaitek erabiltzeko moduko arropa haiei eman, eta trukean, beraiek saltzeko moduan ez zeuden baina nik josteko erabil nitzakeen piezak jasotzen nituen.
Jende askok esan izan dit halako bigarren eskuko denda bat inguruko herrietan ere egotea interesgarria litzatekeela eta ideia gustatu zitzaidan. Denda irekitzea ezinezkoa zitzaidan, baina azoketan postu bat jartzeko behar den guztia baneukan, aurretik artisau azoketan parte hartu izan dudalako.
Zure lanaren bidez, modaren inguruko kontzientzia sortzea lortzen ari zarela uste duzu?
Bai, eta zorionez, ez naiz bakarra horretan dabilena. Azken urteetan aldaketa handia sumatu dut inguruan, eta moda etikoa lantzen duten proiektuak gero eta gehiago dira. Kontua da kontzientzia hori praktikan jartzea lortzea, eta horrek esfortzua eta baliabideak izatea eskatzen ditu. Berrerabiltzearen aldekoa izan zaitezke, baina inguruan bigarren eskuko dendak ez badituzu edo erosten duzuna berehala hondatzen bada, zaila da benetan aldaketa egitea.
Zer irizpide jarraitu behar dugu moda jasangarria erosterakoan?
Elikadurarekin egiten dugun bezala, zenbat eta gertuago ekoiztutako produktuak eta zenbat eta material naturalagoak izan, orduan eta hobe. Hala ere, gaur egun moda industriaren arazo nagusia gainprodukzioa da, eta horrek baliabide xahutzea eta zabor metaketa dakartza. Kontsumo-erritmoa gero eta azkarrago doa, eta erosten dugun arropa sei edo zazpi aldiz erabili ondoren botatzea espero da, berria erosteko.
Beraz, nire ustez, egin dezakegun onena iraunkorra izango den arropa erostea da. Kalitatezko materialekin eta ondo eginda badago, urte luzez erabiliko dugu. Aukera jasangarriena da planetarentzat, baina baita gure poltsikoarentzat ere.
Zure ustez, zerk eragiten du jende askok oraindik moda azkarra kontsumitzen jarraitzea?
Galdera interesgarria da norberak bere buruari egiteko. Moda azkarra kontsumitzen jarraitzen badut, zergatik egiten dut? Ze ekarpen egiten dit? Eta erantzuna aurkitzen dudanean, beste galdera bat planteatu behar dut: Merezi al du benetan? Edo ekartzen didan hori beste modu batera lor dezaket?
Moda jasangarriagoa kontsumitzeko trantsizioa ez da erraza, baina kontzientzia sortzea eta ohiturak aldatzea funtsezkoak dira. Gero eta jende gehiago ari da kontsumo-ohiturak birplanteatzen, eta hori seinale ona da.