Albisteak

Feel My Way Kooperatibak antolatutako Zuk Zeuk Lehiaketa datorren ostiralean amaituko da

Feel My Way Kooperatibak antolatu duen eta gazteei zuzenduta dagoen Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko Zuk Zeuk Lehiaketa urtarrilak 20an hasi zen eta otsailaren 28an amaituko da.

Feel My Way Kooperatibako ekintzaileek antolatutako Zuk Zeuk Lehiaketa bere zazpigarren ediziora iritsi da. Lehiaketa honek Euskal Herriko 300 gazte inguru bilduko ditu, eta bere helburu nagusia Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako erronkei aurre egitea da.

Lehiaketaren formatua eta helburua
Lehiaketa “blended” formatuan egingo da, hau da, online eta offline ekintzak uztartuz. Alde batetik, online plataforma erabiliko dute euskarri gisa; bestetik, ekintzak modu praktikoan burutuko dira hainbat testuingurutan, hala nola eskolan, familian, kuadrilan edo herrian/hirian.

Lehiaketan zehar, hainbat gai landuko dituzte: energia berriztagarriak, balioekin jokatzea, lehen sektorearen garrantzia eta mugikortasun iraunkorra. Gazteek gai horiei lotutako inpaktu-jarduerak garatuko dituzte, eta talde bakoitzak puntuak lortuko ditu ekintza horien kantitatearen eta kalitatearen arabera. Otsailaren 28an amaituko da puntuazio-prozesua, azken sailkapena osatuz.

Zuk Zeuk Lehiaketa apirilaren 4an amaituko da bere osotasunean, Gasteizen egingo den itxiera-ekitaldi batekin. Lehiaketan parte hartu duten gazte guztietatik, 100 gazte onenek ekitaldi horretan parte hartzeko aukera izango dute. Jardunaldi berezi horretan, beste taldeak ezagutzeko eta lehiaketari modu ludiko batean amaiera emateko aukera izango dute.

Argazkia: Feel My Way

Feel My Way Kooperatiba

Feel My Way Kooperatiba 14-18 urte bitarteko gazteentzat esperientzia ezberdinak sortzen dituen enpresa da. Hala nola, programa hezigarriak, ikas bidaiak…Hezkuntza programetan, Feel My Way Kooperatibak Euskal Herriko gazteei zein ikastetxeei zuzendutako hainbat gaien inguruko ekimenak sortzen ditu. Programa horietako bat Zuk Zeuk Lehiaketa da. Honen bitartez lortu nahi da, pixkanaka-pixkanaka, gazteek eguneroko erabakiak modu kontzienteago batean hartzea, eta beren ingurunean non eta nola eragin dezaketen ikustea; eragin hori hasiera batean uste dutena baino askoz ere handiagoa izanik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide