Albisteak

[ARGAZKIAK] Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta mobizilazioa izan da arratsaldean

Emakume langileen eskubideen aldeko borroka kalera ateratzeko zazpietan elkartu dira herritarrak plazan Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, deituta. Hauek ere manifestazioa egin dute herrigunean zehar. Jarraian ekitaldi amaieran irakurritakoa:

M8 | MATXISMOAREN AURKA BORROKATU

Gaur Euskal Herriko txoko ezberdinetan milaka pertsonek matxismoaren aurka kaleak hartu ditugu. Martxoaren 8a aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratu, eta emakume langileon zapalkuntzaren aurka egiteko borroka eguna da gaurkoa. Horregatik, Martxoaren 8aren izaera iraultzailea berrartu nahi dugu. Hain zuzen, alderdi sozialistak eta bertako emakume iraultzaileek emakumeon emantzipazioa bere muturreraino eramateko abiatu zuten borrokaren lekukoa hartu nahi dugu.

Gainera, gaur egungo testuinguruak antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu du. Batetik, Europako agintarien gidaritzapean, mendebaldeko gobernuek langileon bizi baldintzak okertu eta estatuen izaera autoritarioa indartu dituzte. Eta egoera horretan milaka eta milaka emakume langileren miseria areagotu da: lan baldintza prekarioak, miseriazko soldatak, emakume migranteen esplotazioa… Bestetik, kulturalki ideia atzerakoiak eta matxistak indartzen ari dira nonahi. Ideologia erreakzionario horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi, besteak beste emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari baitira. Eta horrek emakumeen aurkako indarkerian zuzeneko eragina du. Nahikoa da, matxismoa behin betiko ezabatzeko borroka egin behar dugu! Miseria ekonomikoa eta matxismoa indartzen ari diren agintariek, esplotatzaileek eta faxistek aurrean edukiko gaituzte!

Baina soluzioa ez da etorriko alderdi instituzionaletatik. Are gehiago, arazoaren parte dira, Europako agintarien proiektua onartu dutelako, zeinak gerrarako aukera, estatuen autoritaritarismoa eta langileon pobretzea dakarten. Zentzu horretan, azken urteek argi erakutsi dute instituzio kapitalistek emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko egiturazko mugak dituztela. Emakume langileon bizi baldintzak hobetzetik urrun, emakumeon zapalkuntzaren kudeaketara mugatu dira, eta milaka eta milaka emakumek beraien enpresa buruen esplotazioa edota erasotzaileen indarkeria pairatzen jarraitzen dute.

Horrez gain, sozialdemokraziaren porrotak sorturiko desatxikimenduak eskuineratzen eraman du gizarteko sektore handi baten pentsaera. Horrela, alderdi eta talde ultraeskuindar zein faxistek egoera hori probestu du sekulako interbentzio kulturala egiteko, ideia matxistak eta atzerakoiak gizarteko gero eta kapa gehiagotan zabalduz.

Horregatik guztiagatik, instituzio kapitalistak ezin ditugu eraldaketarako bitarteko gisa ikusi. Gainera, instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatzeak, azken urteetan feminismoaren baitako zenbait sektorek egin bezala, kale mailako borrokak eta mobilizazioak lausotzea ekarri du. Kontrara, lehentasunezkoa da emakumeon zapalkuntzaren aurkako alternatiba joko-zelai parlamentarioetik kanpo gorpuztea, alternatiba hori zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren eraikuntzan kokatzea, eta azken urteetan galdutako kale mailako borroka eta antolakuntza indartzea. Zentzu horretan, datozen lekutik datozela, diskurtso matxistei eta erreakzionarioi aurre egiteko langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza ezinbestekoa da, eta hor emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu: emakume migranteak, sektore feminiziatuetako langileak, indarkeria matxista pairatu dutenak, etab. Norabide horretan, guztiok kalitatezko bizi baldintzak berdinak izateko eta eskubide politikoak bermatuak izateko borrokatu behar dugu!

Egoera larria da.Bada, emakume langileon zapalkuntzari aurre egingo dion langileon mugimendu iraultzailea eraikitzeko momentua da; batetik, matxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia zabalduz eta, bestetik, jarrera edo eraso matxistei erantzun irmoak emanez. Hori guztia gauzatzeko, ordea, emakume langileok lehen lerroan jardun behar dugu: emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu hauetan aktibo politiko izanez. Bihar ere norabide horretan lanean jarraitzeko deia luzatzen dizuegu! Jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borroka kaleetan dagoela erakusteko unea da! Emakumeen zapalkuntza gainditzeko, sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko borrokatzen jarraitu behar dugu!

Matxismoaren aurkako borrokan emakume langileok lehen lerrora!

Gora emakume langileon borroka!

Gora iraultza sozialista!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide