Albisteak

[ARGAZKIAK] Aurreneko Klubaren Eguna egiten ari dira Iraetako futbol zelaian

Aurrenekoz egin da aurten Iraetan Klubaren eguna. Goizean goizetik jan eta edatekoa, musika eta puzgarriak izan dira futbol zelaian. Eguerdiko ordu batak inguruan egin dute ekitaldi formala. Dani Peña zuzendaritzako lehendakariak denboraldi amaierako datuak eman ditu eta talde bakoitzaren emaitzak azpimarratu. Peñaren esanetan, 259 jokalari daude klubean, hauetatik 99 futbol eskolan, eta  17 entrenatzaile ere badaude. Kopurua hauek “harro sentitzekoak” direla esan du lehendakariak eta entrenatzaileentzat ere txalo zaparrada eskatu du.

Aipamen berezia egin zaio Jesus Arangureni, bertaratzerik izan ez badu ere, azken urteotan klubagatik egindako guztia eskertu nahi izan dio gaur eguneko zuzendaritzak. Sorpresa tartea ere izan da Antxelmo Astiazaran Klubaren sortzaileetakoarentzat. Peña lehendakariak zuzendaritzako kideen izenean “maitasun hitzak” besterik ez dituela esan du Astiazaranentzat; “ezagutzen dutenek badakite Antxelmok klubagatik egindakoa zenbaterainokoa izan den. Oso harro eta eskertuta gaude gurekin zuzendaritzan jarraitzen duelako eta aipamen hau egiteko beharra sentitu dugu”, esan du Danik.

Ekitaldiaren amaieran, babesleei ere oroigarri eta kamiseta bana eman zaizkie. Denek ezin izan dute bertaratu, baina guztientzat izan ditu lehendakariak hitz batzuk. Azpimarratu du horrelako klub batentzako oso zaila dela laguntzarik gabe aurrera egitea, nahiz eta saiatzen diren kuotekin… eta horregatik, hauei ere publikoki eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Arratsaldeko 19:00ak bitartean jarraituko du festak Iraetako futbol zelaian.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide