Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Zestoako Helduen Irakurle Taldea martxan izango da datorren ikasturte honetan ere. Irailetik aurrera parte hartu nahi duen orok jada izena eman dezakeela jakinarazi du Udalak. Izen-ematea Zestoako Liburutegian bertan egin beharko da, baina liburutegia abuztuan itxita egongo denez, uztailaren 30era arte edo irailaren 1etik aurrera joan beharko da izena ematera. Ikasturte osoan zehar, irailetik ekainera bitartean, edonoiz eman daiteke izena.
Irailetik aurrera, solasaldietara joateko deialdi irekiak egingo dira, taldean parte hartzen ez dutenek ere liburua komentatzeko aukera izan dezaten.
Euskarazko literatura irakurri eta, hilabetean behin, esleitutako liburuaren inguruko solasaldia egiten da taldean, Pako Aristi gidari dela. Euskarazko literaturaz gozatzeko espazio honetan, 16 urtetik gorako edonork parte har dezake. Urtean zehar, gainera, bizpahiru idazleren bisita jasotzen dute, haiekin zuzenean hitz egiteko aukera emanez. Hilean hilean joaten dira taldeko kideak hurrengo liburua aukeratzen. Denen artean egiten da aukeraketa eta ahalegintzen dira genero desberdinak ukitzen (komiki libururen bat, poesia, saiakera…), nahiz eta batez ere eleberria irakurtzen den.
Hurrengo solasaldia irailaren 25ean izango da, ostegunez, 18:30ean, liburutegian. Bertan, Miren Agur Meaberen Itzulerak liburua irakurriko dute, eta idazlearen bisita ere izango da. Saioa irekia izango da, beraz, irakurle taldeko kide ez diren pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.