Albisteak

[ARGAZKIAK] Saharako haurrei harrera egin diete udaletxean

Oporrak Bakean programari esker, urteroko legez, Saharako haur errefuxiatuek uda Euskal Herrian igaroko dute, eta gaur eguerdian harrera egin diete udaletxean. Joan den astean iritsi ziren 213 umeak, eta abuztuaren 27ra arte egongo dira gurean. Aurten ere, aurreko urteetan etorri izan den haur bat iritsi da Zestoara, Arroabeko familia batera, hain zuzen ere.

Eguerdiko 12:00etan iritsi dira haurrak herrira, eta ohiko harrera egin diete udaletxean. Haurren artean gutxi batzuk harrera familietan daude, eta gainontzekoek uda Larrabetzuko Bakeleku udalekuan igaroko dute. Behin guztiak udaletxeko aretoan elkartuta, Lorea Ilundain alkateordeak eta Zumaiako Darahli elkarteko koordinatzailea den Samuelek esker hitzak eskaini dituzte. Ondoren, opariak banatu eta argazkia atera dute udaletxeko atarian.

Orain, errekan bainatu eta batzokian bazkalduko dute. Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Tren Museoa bisitatuko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide