Albisteak

Bedua jatetxeko lan baldintzen inguruko salaketen harira, “errespeturik gabe, garrasika eta burla eginez hitz egiten ziguten”

Bedua jatetxeak lanerako jendea behar duela adierazten duten kartelak maiz jartzen ditu gure herriko kaleetan. Azpeitiko kaleetan ere kartel hauek ikusita, Elkar-ekin taldeak jatetxean lan egin dutenen lekukotzak bildu zituen, eta duela bi aste argitara eman zuen jasotako informazioa.

Testu horretan, Zestoako Bedua jatetxean langileek jasaten dituzten lan-baldintza txarrak gogor salatu zituen taldeak. Esplotazio egoeran daudela azaldu dute zenbait langilek, gehienbat emakumeek. Taldearen oharraren arabera, jatetxeak “paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten du, horrek aukera ematen dielako pertsona horiekin nahieran jokatzeko”. Era berean, Elkar-ekinek adierazi du epe laburreko langileak kontratatzea ohikoa dela, lan-karga arintzen denean hauek kaleratu eta inolako ordainik gabe uzteko.

Halaber, taldeak azaldu duenez, hamabi ordutik gorako lanaldiak egitea ohikoa da, baita 17 ordutara iristen direnak ere, eta langileak euren lanarekin zerikusirik ez duten hainbat zeregin egitera behartzen dituzte, esklabotzatik gertuko beste hainbat egoerarekin batera.

Badira herritarrak ere

Salaketa larri hauek ikusita, eta jatetxeak gure herriarekin duen gertutasuna kontuan hartuta, Bedua jatetxean lan egin zuen herritar batekin bildu gara. Elkar-ekin taldearen testuan jasotakoaren egiazkotasuna berretsi du honek, eta bere bizipenen berri emateko prest agertu da.

Azaldu digunez, jatetxeko lan-eskaintzen inguruko kartelak kalean ikusi ondoren hasi zen lanean, “lanik gabe nengoen, eta ostalaritza gustuko dudanez, udan lanean hasteko aukera aproposa iruditu zitzaidan”. Hiru hilabeteko kontratua sinatu zuen, eta lanaldia astean hiru egunekoa izango zela adostu zuten: ostirala, larunbata eta igandea. Hala ere, hasieratik lan-egutegia etengabe aldatzen ziotela dio, “lan gutxi zegoenean, beste egun batean etortzeko esaten zidaten, edo lanean hasi baino minutu batzuk lehenago ez joateko. Horrek nire eguneroko antolaketa guztiz hankaz gora jartzen zuen”.

Kontratuak jasotzen zuenaren arabera, 10 orduko lanaldiak egiten zituen, 14:00etatik gauerdiko 00:00ak arte. Afaltzeko eta atseden hartzeko apenas 15 minutu izaten zituen. Ostalaritzan ohikoa den moduan, batzuetan ordubete edo bi gehiago luzatzen zen lanaldia, horren harira, “behin ere ez dizkidate aparteko ordu horiek ordaindu eta kexaren bat aurkeztean, ‘ostalaritza horrelakoa da’ erantzuten zidaten” dio.

Herritar hau zerbitzari gisa kontratatu bazuten ere, beste hainbat lan ere egin behar izaten zituen. Elkar-ekinek salatutako moduan, lan esparruaz harago joaten ziren zereginak: “Lanparak garbitu, kanpoko jardinerak eta parrila garbitu, hautsa kendu eta aparkalekua eskobatu, besteak beste. Sarritan garrasika esaten ziguten, “¡Eso limpia bien, dale con el cepillo!’”.

Baina, herritarrak azpimarratu nahi izan duen alderdirik larriena langileek jasaten zuten tratu txarra izan da: “Tratua oso desegokia zen; errespeturik gabe, garrasika eta burla eginez hitz egiten ziguten. Lan-orduetan negar egiten zuten lankideak ez ziren gutxi”. Bera lanean zebilela, gutxienez zazpi langilek utzi zuten postua, pairatzen ari ziren egoera jasanezina bihurtu zelako, “trapu zahar batzuk bezala tratatzen gintuzten”.

Gaineratu duenez, lanera disgustu eta beldurrez joatea ohikoa zen. Hala ere, uste du egoerarik larriena kontraturik gabe lanean ari ziren etorkinek bizi zutena zela, “tratu okerrena beraientzat zen, eta gainera, guztiek lan-hitzarmenik gabe jarduten zuten”.

Hiru hilabetez egindako lanaren ostean, zegokion oporrik ezin izan zuela hartu kontatu digu, eta horren inguruko galderei ‘beraiek ez zutela horrela funtzionatzen’ erantzun ziotela gaineratu du.

Herritarrak kontatu digu jatetxeko nagusiek aparteko etxe bat zutela, eta bertan langile batzuei gelak alokatzen zizkietela. “Lanean jasandako esplotazio egoera salatzeko beldurrez bizi ziren, zerbait esanez gero etxetik botako baitzituzten”.

Bere bizipenak partekatzea erabaki du, egoera hauek argitara ateratzea ezinbestekoa dela uste duelako. “Gure inguruan ere horrelakoak gertatzen ari direla ohartzea ezinbestekoa da, eta, horren ondoren, bakoitzak erabakiko du nola jokatu egoera hau jakinda…”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide