Albisteak

Terrazak arautzeko ordenantza argitaratu du Udalak

Zestoako Udalak azken udalbatzarrean onartu zuen ostalaritza eta merkataritzako jardueretarako lurzoruaren okupazioa arautzen duen ordenantza, GAOn argitaratu zen pasa den uztailak 30ean. Helburua da erabilera publikoko espazioak —izan publikoak nahiz erabilera publikora bideratutako pribatuak— modu ordenatuan, bidezkoan eta herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatuta erabiltzea.

Ordenantzak hiru terraza mota ezartzen ditu: terraza arruntak, egituradunak (parasolak, babes-panelak…), eta aparkalekuetan kokatutakoak. Halaber, modulu komertzialak ere arautzen dira, frutategi edo bestelako dendek kalera atera ditzaketen erakustoki mugikorrak.

Terrazak jartzeko udal baimena behar da, eta baimen horiek ezingo dira beste norbaiten esku utzi, ez eta lokalaren jardueratik bereizi ere. Baimenaren baldintzak betetzea ezinbestekoa izango da: oinezkoentzako gutxieneko pasabideak errespetatu beharko dira (gutxienez 1,5 metro), eguzkitakoek ezin izango dute kalearen estetika oztopatu, eta elementuak ahalik eta diskretuenak izan beharko dira.

Horrez gain, euskararen presentzia eta hizkuntza-berdintasuna babesteko neurriak ere jaso dira: kartelak, menua eta bestelako testuak euskaraz egon beharko dira, eta berdintasunaren arloan hizkera ez-sexista eta irudi estereotiporik gabekoa erabili beharko da.

Ordutegiei dagokienez, udako denboraldian terrazak 01:00ak arte egon daitezke zabalik ostiral eta larunbatetan, eta gainerakoan 23:00–23:30 artean itxi beharko dira, egunaren arabera. Auzokideen lasaitasuna bermatzeko, musika eta zerbitzu ordutegiei ere mugak jartzen zaizkie.

Pandemiaren ostean terrazek hartu zuten protagonismoari erantzunez, ordenantza honek egoera berri horiek arautu eta bizikidetza eta erabilera orekatua bultzatu nahi ditu. Zestoako kaleak eta plazak herritarrenak direla gogoratuz, Udalak neurri hauen bidez guztion eskubideak orekatzea du xede.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide