Albisteak

Zoru pelbikoa ezagutu eta indartzeko saioak egingo dira kiroldegian

Kiroldegian saio teoriko eta praktikoak egingo dira irailean zehar zoru pelbikoa lantzeko, emakumeen osasun integralerako funtsezko gorputz-atala baita. Doako bi ikastaro antolatu dira, bata 18 eta 45 urte bitarteko emakumeentzat eta bestea 45 urtetik gorako emakumeentzat. Izen-emateak kiroldegian bertan egingo dira abuztuaren 25etik irailaren 5era, eta saio guztiak 19:30ean izango dira.

18 eta 45 urte bitarteko emakumeentzako ikastaroa irailaren 15ean, 22an eta 29an egingo da. Lehenengo saioan, irailaren 15ean, zoru pelbikoa zer den aztertuko da modu teorikoan; irailaren 22an, arnasketa-teknikak eta Kegelen ariketak landuko dira, eta irailaren 29an, ingurua indartzeko core ariketak egingo dira.

Bestalde, 45 urtetik gorako emakumeentzako ikastaroa irailaren 15ean eta 24an eta urriaren 21ean izango da. Lehenengo egunean, irailaren 15ean, zoru pelbikoa zer den azalduko da; bigarrenean, irailaren 24an, arnasketa-teknikak eta Kegelen ariketak ikasiko dira; eta hirugarrenean, urriaren 21ean, kore-ariketak egingo dira.

Ekimen honen helburua da gorputzaren eremu hori ezagutaraztea, askotan ez baita oso agerikoa eta ez baita oso zaindua izaten, haren garrantziaz kontzientziatzea eta hura indartzeko tresnak eskaintzea. Edukien artean sentsibilizazioa eta informazioa, prebentzioa eta autozainketa landuko dira, eta ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko teknikak jorratuko dira. Zoru pelbikoa hainbat arrazoirengatik ahuldu daiteke, hala nola haurdunaldiagatik, erditzeagatik, menopausiagatik edo kirol-inpaktuagatik, eta gernu-inkontinentzia, organo-jaitsiera edo mina eragiten ditu. Hori zaintzea funtsezkoa da osasun orokor ona eta bizi-kalitate ezin hobea bermatzeko. Ingurune seguru eta atsegin batean, parte-hartzaileek modu erraz eta praktikoan ikasiko dute gorputza hobeto ezagutzen eta zaintzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide