[KOMUNITATEA] Sañuko Piaspe proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio negatiboa
Danbolin— 2025-08-12BERTAKO ELKARTEEN IRAKURKETA
Orain hiru urte Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo biztanleen bizitzak baldintzatzera zetorren Piaspe proiektua Azpeitiko udalak alfonbra gorria jarrita sartu zen bailarara. Hasieratik informazioa ezkutatu da udaletatik, adierazpen askatasuna erasotu… auzotarrei azpijokoan aritu zaizkie. Herri presioaren ondorioz proiektuari alegazioak aurkeztera iritsi baziren ere, inoiz ez dute proiektua bertan behera gelditzeko pausorik eman. Gaur, herritarren lana, mobilizazioa eta kemenari esker, proiektuari ateak itxi zaizkiola esan dezakegu.
Ebazpena sendoa da, oso sendoa. Guk hasieratik defendatu ditugun irizpideak hartu dira aintzat, eta kasu honetan behintzat, makroproiektu hau gelditzeko balio izan dute. Oso kontuan hartzeko gauzak esaten dira, batik bat inguruan daukagun natura ondareari buruz, askotan ezagutu ere egiten ez duguna. Inondik inora onargarria ez dena da, nola enpresa pribatu bati uzten zaion bere etekinen mesedetan gisa horretako eremuak aukeratu eta proiektuak mahai gainean jartzen ere, horrek dakarren guztiarekin. Hortxe daukagu adibidez orain, Sañun haizea neurtzeko 100 metroko dorrea interes publikokotzat jota. Azpeitiko Udalari exijitzen diogu utz dezala bertan behera Statkraften asmo hori eta uka diezaiola eskatuta daukan obra baimena.
Orain proiektua gelditutzat eman dezakegunean, gogoan hartzekoa da nor, non eta norekin egon den. Zenbaitzuk hasiak dira jada alea jasotzen. Guk argi daukagu hiru urte luze hauetan zein aritu den etenik gabe lanean: Sañu Bizirik, Errezil Bizirik, Txillarramendi Auzo Elkartea, natur kontserbazioaren alde aspalditik lanean ari diren eskualdeko talde eta elkarteak, mendizale taldeak, eta gure ondoan egon diren eta proiektu honi hasieratik ezetz esan dioten herritar guztiak. Gure eskerrik beroena guztiei.
Ez dauzkagu ahazteko, gu atzo arte egon garen egoera berdinean dauden eskualdeko eta inguruetako makroproiektuen mehatxupean dauden eremuak eta herritarrak: Oleta eta Izazpi, Meaka-Irimo, Beizama-Bidania, eta baita onartzear dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jopuntuan dauzkan dozenaka kokaleku, Arauntza-Sañu-Etumetatik oso metro gutxira dagoen Indo-Komizolatza bera, esaterako. Guztiei gure elkartasuna eta lanerako prestutasuna. Ezin dugu onartu, krisi ekologiko betean, lurraldea eta landa eremua multinazionalen eta inbertsio funtsen mesedetan modu horretan desjabetzera datorren ustezko energia trantsizioaren errelato inposatu hau. Lurraldea defendatu egin behar da.
Eskerrik asko, eta Gora Sañu Bizirik!
Txillarramendi Auzo Elkartea, Errezil bizirik, eta Sañu bizirik
Egin zaitez bazkide

