Paperekoa

[ATARIKOA] Bizitzan zortea izan behar da

Tarteka atal hau betetzea tokatzen zait. Zorionez, oso tarteka. Atal hau hilero kolaboratzaileen artean egiten dugu txandaka, orain arte Jonek pasatzen zigun urte osoko txanden zerrenda eta hemendik aurrera Oihanek pasako digu. A ze poza herriko jende gaztea proiektura batzen dela ikusteak! Eta ze poza atal hau oso tartean behin tokatzea, horrek adierazten baitu kolaboratzaile mordoxka bagaudela! Onartu behar dut ohore bat dela Danbolineko kide izatea eta bertako orrietan idazteko aukera edukitzea. 25 urte azkar pasa zaizkigu, ea gazte jende honekin beste horrenbeste egiteko gai garen!

Hilabete honetan Denis Ayala herritarraren bizitza apur bat ezagutzeko aukera izango dugu. Brasilgo oihanean jaio zen Denis, eta 25 urterekin Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta bizimodu hobeago baten bila atera zen sorterritik. Berak dioen bezala “bizitzan zortea izan behar da; borrokatu ere egin behar da, baina zortea ere behar da” eta berak zortea izan du, sorterria uzteko erabakiak eman baititu fruituak; mila bizipenen ostean Zestoan osatu zuen familia duela 22 urte. A ze zortea izan duena Denisek eta baita guk ere gure artean izateaz brasildarra.

Judhit Sagardogi herritarra apur bat ezagutzeko aukera ere emango digu ale honek. Izan ere, Judhiten pasioa txikitatik automobilismoa izan da. Elgoibarren elektromekanikako erdi mailako zikloa ikasi zuen, eta gero jakin zuen lehiaketetarako ziklo berezi bat zegoela. Bi aldiz pentsatu gabe egin zuen salto eta 18 urterekin Bartzelonara joatea erabaki zuen bere ibilbide profesionala garatu ahal izateko. Motorsport munduak oso maskulinoa eta itxia izaten jarraitzen duela onartu du baina argi dauka: “ez gara gutxiago ezta desberdinak ere”. Gaur egun, 25 urterekin, mekanikari bezala bere lekua egitea lortzen ari dela esan daiteke, oraindik gizonak nagusi diren mundu horretan. Ez dira emakume asko bere lanbidean eta horrek ere askotan bere lekua egitea zaildu diola onartzen du Judhitek, baina gaur egun Formula 3ko eta Porsche Supercup-eko mekanikari lanetan aritzen da. Aurten Monacon izateko aukera eduki du Porsche Supercup lehiaketako zirkuituan lanean, eta “erronka hunkigarria” izan dela adierazi dio Danbolini.

Ea eskuartean duzuen alea zuen gustukoa den. Abuztu ona pasa eta festen ondoren berriro herriko postontzi guztietan izango duzue Danbolin!

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide