Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.


Bere prestakuntza Elgoibarko Institutuan hasi zuen, erdi mailako ziklo batekin elektromekanikako espezialitatean. Ondoren, Motorsport-eko mekanikari espezializatua izateko, Bartzelonan lehiaketa mekanikako goi mailako ziklo berezi batean egin zituen ikasketak.
Nazioarteko lasterketa-proiektu handietan dabil lanean gaur egun: 3 Formula (Eurocup 3) eta Porsche Supercup bezalako kategorietan, besteak beste. Beti ilusioz, esfortzuz eta grinez beteta.
Olio usainaren gozoa
Judhiten automobilgintzarako grina ez zen bat-bateko zerbait izan. Aita eta osaba mekanikaren munduan murgilduta zebiltzan, eta bera txikitatik ibili da erreminta artean, motor-olioaren usain eta metalezko zaratetara ohituta. Dio interesa bere kabuz piztu zitzaiola, baina aitortzen du familia giroak grina hori are gehiago elikatu zuela. “Behin mundu horretan sartuta, asko gustatu zitzaidan. Hasieran kuriositatea zen, baina gero pasio bilakatu da”, azaldu du.
Profesional gisa bere bidea hasteko familiaren babesa funtsezkoa izan da. 18 urte zituela Bartzelonara joatea erabaki zuen, ikasteko eta lanean hasteko, eta hori ez zen erabaki samurra: “Bartzelonara joatea erronka handia izan zen, baina etxean neukan laguntza eta konfiantza horrek indarra eman zidan salto egiteko”, dio.

Lehiaketetara iritsi aurreko pausoak
Lehiaketa-talde batekin izandako lehen kontaktua ez zen zuzenean pistan izan. Hasieran, kontzesionario batean aritu zen lanean, tailerreko mantentze-lan eta eguneroko konponketetan, baina barruan sentitzen zuen lehiaketara iristeko gogoa. “Gero eta gehiago hurbildu nahi nuen lehiaketara, baina banekien bidea luzea izango zela, eta pauso bakoitza garrantzitsua zela”, azpimarratu du Sagardogik.
Formazioa oso zaindua izan da bere kasuan: lehenik, Elgoibarren elektromekanikako erdi mailako zikloa egin zuen, eta gero lagun baten bidez jakin zuen bazela Katalunia aldean lehiaketetarako ziklo berezi bat. “Bi aldiz pentsatu gabe joan nintzen eta lehen momentutik jakin nuen hori zela nire bidea”, azaldu du gazteak.
Tailerraren eta lasterketaren arteko orekan
Judhiten egunerokoa bi espaziotan banatzen da: tailerra eta lasterketa. Mundu bereko bi egoera oso desberdin. Halaxe dio Judhitek berak. “Karreretan presioa handiagoa da, denak perfektua izan behar du. Sesioak, entrenamenduak, sailkapenak… gauza bakoitza milimetrotara neurtzen da. Tailerrean lasaiago egiten da lan, baina arduraz. Denak prest egon behar du hurrengo irteerarako”, zehaztu du.
Lasterketa egunetan ingeniariekin, pilotuekin eta gainerako talde teknikoarekin lan egiten du, eta uneoro azken orduko ustekabeak konpontzeko prest egon behar da. “Batzuetan kotxeari azken uneko ukituak eman behar dizkiozu eta presiopean ari zara. Adrenalina handia da”. Aitzitik, tailerreko lana beste erritmo batekin egiten da: mantentze-lanak, aldaketak, konponketak… baina beti hurrengo erronka teknikoari begira.
Lehiaketaren testuinguruan bizi da eta talde oso bateko engranajearen parte da. Baina 3 Formulako eta Porsche Supercup-eko lan dinamikak oso desberdinak dira. Formula eta turismoa. Teknikoki, desberdintasunak nabariak direla dio. “Formulek detaile txikienak ere zaintzen dituzte. Pentsa, pegatina bat gaizki jarrita egoteak aerodinamikan eragin dezake. Gauzak azkar ateratzeko pentsatuta daude. 6 torlojurekin motorra atera dezakezu. Turismoan, berriz, gauzak handiagoak eta astunagoak dira, konplexuagoak. Kaleko kotxe batzuk dira, azken batean, karreratara egokitu direnak”.
Eskuak zikintzea maite du
“Ingeniaritza egiten saiatu nintzen, baina ikusi nuen neure burua ez zela ordenagailuaren aurrean, baizik eta autoaren azpian”, azaldu du. Mekanikari gisa, Judhitek lan praktikoa maite du, hor sentitzen da eroso. Piezak ulertzea, konponketak egitea, sistemak errespetatzea… horixe du benetako pasioa. Kotxeen motorrak. “Niri kotxearen bihotzarekin lan egitea gustatzen zait. Motorrean gauza txiki batek gauza handi bat eragin dezake”, azpimarratu du.
Teknologiarekin lasterketako kotxeen mundua oso azkar eboluzionatzen ari da, uneoro gauza berriak asmatzen dituzte, eta ez dira eskolan ikasten diren gauzak, “horregatik da ezinbestekoa dakitenei kasu egitea, elkar laguntzea eta ikastea. Entzuten jakin behar da, gauza berriak daude etengabe, eta taldeko kideengandik asko ikasten da. Ezin zara inoiz egoskorra izan”. Autoen garapen teknologikoak liluratzen du, baina Judhit “bereziki gustura” sentitzen da kotxea ukitzen duen momentuan.
Behetik gora, ardurak eta erronkak betez
Kotxe bakarra du orain bere gain eta kotxe horren lehen mekanikari bezala aritzen da. Hori du ardura. Baina gustatuko litzaioke ardura altueneko mekanikari bezala aritu eta kotxe gehiago edukitzea bere gain. “Ardura handiagoa, erabaki gehiago, presioa gora… baina motibagarriagoa!”.
Aurten Monakon bizi izan duena ere ez da makala. “Ametsetako zirkuitu bat” dela dio karreren munduan, eta aurten, bertan izateko aukera izan du Porsche Supercup lehiaketan. Gainera, lehiaketa hori 1 Formula lehiaketarekin batera joaten den karrera izanda, bertan egotea erronka “hunkigarria” izan da berarentzat. “Zirkuituan, pistan zein kalean egotea Monako bezalako hiri batean izugarria da karrerak gustuko dituen edonorentzat”, argi dio Judhitek. “Eta gainera 1 Formulakoekin batera…”. Zirkuitu historikoa da, ezin uka, eta oraindik ere kosta egiten zaio bizitako zirrara azaltzeko hitzak topatzea. Bizitzako orain arteko erronkarik handiena bezala definitu du.
Hala ere, beste oroitzapen berezi bat badu Bartzelonan bertan, Porsche GT Open txapelketan. Pilotuak istripua izan zuen eta gau bakarrean konpondu behar izan zuten auto osoa. “Lo egin gabe, baina biharamunean pistan atera zen eta 9. postua lortu genuen. Hor ikusten da benetan beharrezkoa zarela eta lanaren emaitzak nolakoak diren. Momentu horiek ez dira inoiz ahazten”, azaldu du harro.
Emakume bat motorren munduan
Judhiten ibilbidea ez da erraza izan, dena den, batez ere Motorsport munduak maskulinoa eta itxia izaten jarraitzen duelako. Bere lehen urratsak segurtasun gabeziarekin gogoratzen ditu: “Zeure burua txiki sentitzen duzu, eta ez laguntza faltagatik, baizik eta barrutik pentsatzen duzulako mutila izan ezkero errazagoa izango zela; lekuz kanpo zaudela”.
Aurreiritziekin topo egin du, batez ere indar fisikoari dagokionez, baina gaur badaki kontua ez dela indarra bakarrik, baizik eta “burua, teknika eta pazientzia”.
Erreportaje hau idazten ari naiz Bartzelonatik bertatik, Judhit-ekin egon berritan, eta amaitu berria da ekaina. Guztiok dakigun (edo jakin beharko genukeen?) bezala, ekaina harrotasunaren hilabetea da (LGTBIQ+ eta kolektiboko guztien aldarrikapen hilabetea). Bartzelonan nagoela, bere lankidea den Gil-ekin elkartu gara eta aukera paregabea iruditu zait (LGTBIQ+) kolektibokoa den norbaiten iritzia sartzeko erreportaje honetan.
Judhitek dio, aurreko taldeetan ez duela inoiz kolektibokoa den norbaitekin lan egiteko aukerarik izan, baina aurten baietz, praktiketara etorri den mutil bat (aipatu berri dugun Gil). “Egia esan elkarri asko lagundu diogu eta hori ikusteak asko betetzen nau”.

Gizonen mundua izaten jarraitzen duen honetan nola lortu duzu zeure burua, zaren bezala erakustea eta onartua izatea?
Hasieran zaila izan zen, gauzak entzuten dituzulako, jendearen esperientziak, jasandakoak… baina ez duzu imajinatzen bizi duzun arte. Adibidez, talde batetik alde egitea erabaki nuen, oztopo ugari jarri zizkidatelako. Batzuetan ez naiz baliagarri sentitu haiek bezalakoa ez izateagatik. Gauza handiak baino, detaileak ziren gehiago, baina ni naizen bezalakoa izan eta irekitzeko, nahiago izan nuen gustuko nuen beste talde batera joan. Dena den, talde berrian ere, hasieran lanorduetan itxurak egin nituen; jendea ezagutu nahi izan nuen lehendabizi, seguru sentitu, benetan naizen bezalakoa erakutsi aurretik. Tamalez, zure etorkizuna jokoan jartzen duzu nolakoa zaren erakusten duzunean eta besteen erreakzioa nolakoa izango den ikusi behar! Etorkizunari ate asko itxi diezazkiokezu, mundu hau nolakoa den eta gaur egun nola dagoen ikusita. Tristea da, baina, oraingoz, horixe da dagoena.
Judhit eta Gil, motor mundu maskulinoan bi figura “ez-ohiko”. Zer da zuretzat bion arteko harremana?
Judhitek asko lagundu dit. Bera taldean egotea izan zen ekipo hori gustuko izatearen arrazoietako bat. Bidea pixka bat irekitzen du taldean emakume bat egoteak, eta seguruago sentiarazten zaitu. Emakume bat taldean egote hutsa ez da berme segurua, noski, baina laguntzen du eta, nire kasuan, bide luzea ireki eta lagundu dit. Benetan eskertuta nago guztiagatik.
Galdera azkarrak
Sailkapena ala lasterketa? ➤ Lasterketa
Pista ala rally? ➤ Pista
Laneko maniak? ➤ Pilotoa lotzeko era, kotxeari buelta osoa ematea parrillan
Pista gustukoena? ➤ Bartzelona, gertutasunagatik
Formulak ala turismoak? ➤ Turismoak
Kotxe gustukoena? ➤ Porsche GT3 Cup
Idoloa? ➤ Mikel Azkona, gertutasunagatik
Onena? ➤ Presiopean lan egitea gustuko dugula
Txarrena? ➤ Ordu asko, etxetik urrun, tentsio handia
Peru Gartzia Astilleros